MADDALEN IRIARTE
IRITZIA

Urtebete

Hilaren 22an egin zion zin karguari Uxue Barkos Nafarroako presidenteak, bezperan bertako parlamentuak gobernu hori sostengatzea erabaki zuten lau alderdi politikoen babesaz izendatu ondoren. Ordurako, Joseba Asiron Iruñeko alkatea zen. Eta hala ere, eguzkia betiko tokitik ateratzen ari zen, eta billabesa zain geltokietan garaiz iritsiz gero, eta joan berria berandu iritsiz gero. Apokalipsiaren iragarpenek huts egin zuten. Aldaketa nahi ez zutenei esatea falta izan zitzaien gauza bakarra izan zen Nafarroa Europatik kanpo geratuko zela, hiriburuan EH Bilduko alkatea izanik eta Geroa Baiko presidentearekin. Oso mamu erosoa izan baita apokalipsiaren apokalipsia iragartzen zuena, Brexit-a gertatu arte.

Urtebete pasatu da Asiron alkateak sanferminen inguruan festa eredua berraztertu eta jai horien inguruan lanketa bat egin behar zela esan zuenetik. Eta egin dute. Eta parte hartzailea izan da. Baina sanferminak munstro handi bat dira, zezen handi bat, eta aurten ere milaka eta milaka pertsona ibili dira festa giro hartan. Milioia espero omen zuten astebururako, eta kalkulagailuarekin ibili naiz denentzat tokirik ba ote zegoen. Tokia bortxatzaile batzuentzat egon da. Mozorrotu dira, besterik ezin zen bezala, Iruñean saltzen diren kamiseta itsusienekin eta 19 urteko neska bortxatu dute. Bost gizon gazte, andaluziarrak, bat guardia zibila. Eta ia-ia ez gara harritu. Ez gertatutakoagatik, ez ezerekin, are gutxiago guardia zibilarenarekin. Asaldatu bai, eta horren lekuko Udaletxe Plazan txupinazoan baino jende gehiago bildu izana. Kartzelan sartu dituzte. Sexu-eraso salaketa gehiago ere egon dira. Lakra bat da. Honek guztiak argi uzten duena da sakondu egin behar dela festa ereduaren aldaketan; oso sakon eta oso serio. Iruñean eta herri guztietan.

Dena den, 19 urteko neskaren bortxatzaileak kartzelan egotekoUdaltzaingoaren eta Polizia Foralaren lana etengabea eta eskerga izan da. Erabili dituzte eskura zituzten guztiak gaizkile horiek atxilotzeko. Eta lortu dute. Gogoratzen al duzue duela urtebete EH Bilduk Foru Poliziaren kontrola edukitzeaz esaten zena? Gogoratzen al duzue Mari Jose Beaumont Barne kontseilariari buruz esandako guztia? Begiratu apur bat hemerotekan, negargarria ez balitz, antidemokratikoa eta «fatxa» ez balitz, barregarria litzateke eta. Adibide txiki bat: jardunean dagoen Espainiako presidenteak, Mariano Rajoyk orain urtebete esandakoa: «Oso notizia txarra, ETA markaren beste garaipen bat instituzioetan». UPyDk kartelak itsatsi zituen. Ez dirudi oso ongi joan zaionik alderdi arrosari. Akusazio larriak, manipulazio gezurtiak egin ziren abokatuaren aurka.

Bide luzea egina zuen politikatik kanpora Beaumontek, emakume zorrotza, abokatu zaildua kasu korapilatsuetan eta, orduan bezala orain ere, bere lana zuzentasunez egiten duena. Egia da sanferminen balantzea emakumeen aurkako jazarpenetik egiten bada beltza dela, eredu aldaketan jarraitu behar dela lanean derrigor; baina argi dagoena da inoiz ez bezalako neurri eraginkorrak hartu direla. Hori da Barne sailburuei, poliziei, alkateei eta udaltzainei eskatzen zaiena.