Posible da
Ia 7 milioi biktima, 220.000 hildako, 27.000 bahitu, 25.000 desagertu, ia 6 milioi errefuxiatu. Horiek dira hamarkada luze hauetan Kolonbian bizi izan duten gatazkak, gerrak, utzi duen gutxi gorabeherako emaitza beltza. Zifra hotzek erakusten dute bizi izandakoaren magnitudea, baina zifra horien atzean egon diren eta dauden pertsonengana hurbilketa ariketa eginez gero, orduan bakarrik lortuko dugu han bizitakoak sortutakoa barneratzea.
Baina akordioa lortu dute bertako Gobernuak eta FARC-EPk. Posible izan da. Justizia soziala oinarrian jarrita, bake justu eta iraunkorra gauzatzeko oinarri eta zutabeak bilduz akordioa egin dute. Letra larriz aipatzen dute 50 urteko gerrari amaiera eman dion agirian: «NUNCA MÁS». Inoiz ere ez berriz horrelakorik, sekula gehiago ez.
Prozesua ez da erraza izan. Are gehiago: oso zaila eta luzea izan da, baina, Kolonbian ere, munduko gainerako antzeko gatazketan bezala, bidea elkarrizketa izan da. Badira oraindik erabat itxi ez diren ildoak: Kolonbiako Gobernuak eta ELNk oraindik ere ez dituzte euren arteko ezberdintasunak gainditu eta haien arteko akordioa ere oso garrantzitsua izango da une honetan emandako urrats historikoa osa dadin.
Kolonbiako herriak berretsi behar du akordioa urriaren 2an. Prozesu honetako azken urratsetan Santos presidenteak esandako hitz batzuk garrantzitsuak dira nire ustez. Berak esan zuen Kolonbiako herriak, Kolonbiako gizarteak onartu eta barneratu behar duela akordioa, bere egin behar duela akordioa, gizarte osoak aurrera urratsa egin dezan. Garrantzitsua izango da, biktimen inguruan, presoen inguruan, hau da, egia, justizia eta erreparazioaren inguruan hartutako akordioak benetan gauzatzeko eta beste aro bati ekiteko.
Ez dute bakarrik egin bidea, Kuba eta Norvegia laguntzaile izan dituzte eta beste herrialde batzuk prozesua babesten eta zaintzen aritu dira.
Arerio nagusia etxean du Kolonbiak. Uribek, Kolonbiako presidente ohiak, gogor ekin dio orain baino lehen Gobernuak FARC-EPrekin lortutako akordioari eta akordioaren inguruko galdeketan ezezko botoa ematera deitu ditu kolonbiarrak. Oligarkia finantzarioarekin eta multinazionalekin duen harremanari batzen zaio Kolonbiak geopolitikoki duen interesa; Uribe ez da bakarrik egongo iraganaren ordezkari gisa.
Bitartean, txalotzekoa lortu duten akordioa, egindako ahalegina, bakoitzak albo batera utzi beharrekoek sortutako zailtasunak gainditzeko izandako adorea. Aipamen berezi bat prozesu honetan parte hartu duten milaka emakumeei, haien ikuspegia eta gaitasuna ere ezinbestekoa izan baita akordioa erdiesteko. Emakumeek, neskek, bereziki jaso eta pairatu dute urteotako biolentzia. Orain ez ditugu ikusiko momentu historikoa erakutsiko duten argazkietan jaso duten sufrimenduaren tamainan eta prozesu hau bultzatzeko une kritiko askotan izan duten paper erabakigarriaren neurrian, baina ezinbestekoa izan da, beharrezkoa, euren egitekoa. Zorionak!




