Erakutsi beharra
Duela hilabete batzuk Galizian desagertutako neska madrildar baten berri ematen ari dira telebistan. Diana izena du eta 18 urte ditu. Neskak bere telefonoarekin grabatutako bideo bat jarri dute jarraian. Ingelesez kantuan ari da eta kamerari bere aurpegi desberdinak erakusten. Pantailari pegatuta geratu naiz. Harrituta. Inguruan 11-13 urte bitarteko neskatoak askotan ikusi ditut horrelako bideoak grabatzen. Inguru-inguruan, etxean bertan. Eta konturatu naiz, berriro, oso zaila gertatzen zaidala atzetik datozen belaunaldiek teknologiarekin eta sare sozialekin daukaten harremana ulertzea. Nik ere erabiltzen dut teknologia eta erabiltzen ditut sare sozialak, baina desberdin. Errespetuz eta beldurrez kasik. Nik erabili egiten ditut, baina beraiek bizi egiten dituzte. Bizi egiten dituzte eta kasu batzuetan bertan bizi dira. Hain natural, hain erraz, hain modu jolastian bizi dituzte, ez dutela arriskurik ikusten. Izan ere, bizitzako etapa zenbaitetan arriskuak ikusezin bihurtzen dira eta, beste batzuetan, arriskuak presenteegi daude. Eta, bai, nik dagoeneko pasatu dut marra hori. Nik dagoeneko “kontuz” dioen abisua nahi baino gehiagotan erabiltzen dut egunean zehar.
Burutazio-kezka horiek erabat isildu gabe ditudala, lagun batek Eibarko bi jokalari eta emakume bat agertzen diren bideoa erakutsi dit. Egoerak ez nau asaldatu, ondo pasatzen ari den hirukotea ikusi dut, irudimenez. Asaldatu eta haserretu nauena emakumeak ez grabatzeko eskatu arren, grabatzen segitu izana da. Eta grabazioa sareetan zabaldu izana. Eta publikoki barkamena eskatzen hasita, emakumea han zegoela kasik ahaztu izana.
«Ez grabatu», eskatu zien. Bizi, gozatu, imajinatu, dastatu. Grabatu beharra ez dut askorik ulertzen –benetan sinisten dut egoerak gogoratzen ditugunean asko hobetzen dela bertsioa–, baina gutxiago ulertzen dut erakutsi behar hori. Baina sare sozialek dezente dute erakutsi behar horretatik. Zer erakutsi gehien duena, bada norbait sare horietan barna.
«Pantaila txiki horrek jasotzen duena oso urrutira irits daiteke, urrutiegi, nahi duzuenen eta nahi ez duzuenen begietara», esaten diet gure etxean bideoak grabatzen ari diren neska-mutikoei. Esan esaten diet, baina iruditzen zait ez nautela oso serio hartzen. Guri ere esaten ziguten gurasoek hau eta bestea ez egiteko baina...
13-14 urte genituenean herriko pareta batean pintada itsusi bat agertu zen: Gure lagun baten izen-abizenak eta ondoan “puta” hitza. Akordatzen naiz bere aitak arratsalde osoa pasatu zuela pareta garbitzen, haserre bizian. Bertigoa sentitzen dut gertaera harekin gogoratzen naizenean. Gaur egungo pareta digitalak ezin baitira brotxa lodi batekin garbitu.



