Apartekoak
Aurrerapen teknologikoek bizitza errazten omen digute. Akaso, bai. Niri, adibidez, sekulakoa iruditzen zait garbigailua agindutako orduan martxan jartzea. Bistakoa da neurri- neurrian ezagutzen ditudala eta maite ditudala aurrerapen horiek. Garbigailuarenetik atera kontuak.
«Jainko bihurtzeko bidean gaude, ez modu metaforikoan, hitzez hitz esan nahi dut. Aparteko gaitasunak garatzen ari gara. Esaterako, gizakiak nola diseinatu eta fabrikatu ikasten ari gara. Gerta daiteke gorputza eta garuna XXI. mendeko ekonomiaren ardatzak izatea. Gerta daiteke Jainkoaren gainetik jartzea, laster hasiko baikara bizitza sortzen, bizitza inorganikoa sortzen. Gizakiak hilezkor bihurtzeko bidean gaude. Ez dut ezinezko ikusten; gerta daiteke mende honen amaieran aberatsenek beren bizitzak era mugagabean luzatzeko modua izatea».
Horrelakoak esan ditu berriki Yuval Noah Harari historiagile israeldarrak. Mundu mailako erreferentzia bihurtu omen da Harari, aurrerapen zientifikoen eta teknologikoen arriskuez ohartarazten baitu bere liburuetan. Historiagileak dioenez, ingeniaritza genetikoa jo eta su ari da bide berriak ikertzen bizitza luzatzeko eta bizitza inorganikoa sortzeko. Alegia, giza gorputzean akatsa sortzen bada, pieza hori kendu, artifizialki sortutako pieza berria jarri eta aurrera. Hartara, aurreikusten da aberatsak azkarragoak izango direla, sortzaileagoak, osasuntsuagoak eta moralagoak, «beren garunak eta gorputzak diseinatzeko aukera gehiago izango dituztelako».
Gaixotasunak badatozela ikusteko modua ere izango omen dute goi mailako gizaki horiek. Egunean 24 orduz beren presio arteriala eta azukre maila neurtzeko modua izango dute. Hartara, gorabeheraren bat baldin badago, segituan harrapatuko da. Hori bai, trukean datu horiek Google, Apple edo Facebooken esku izango dira une oro.
Alegia, gutxi batzuk goitik behera “hobetutako” gizakiak izango dira eta, besteak, xumeagoak, normal-normalak, gama baxuko autoen parekoak, aparteko zerbitzurik edo ezaugarririk gabeak.
Tira. Ez legoke gaizki gaixotasunik gabe bizitzea. Baina ez ginateke berdinak. Gure xumean, gure normalean, bizitzak egunero ematen dizkigun lezioek egiten gaituzte aparteko. Minbizi latz eta luze batek arrastaka eraman zuen lagunak erakutsi zidanari esker gutxiago haserretzen naiz. Duela gutxi operazio-gelako atean eman nuen muxuak bere baitan aspaldi esan gabeko hitz mordoa zuen. Batzuetan buruko mina dudalako ez dudanetan pozik esnatzen naiz. Betirako ez garela dakigulako gara garen modukoak.
Hilezkor eta aparteko bihurtu nahi dute gizakia. Eta nik uste hilkortasunak egiten gaituela aparteko.

Juan Bautista Bilbao & Nikolaus Zu Dohna-Schlodien

«Munduko txapelketa irabazi nuen erabat itsu geratu nintzenetik lau urte bete zirenean»

«El capitalismo ha acabado con el campesinado, último reducto de autonomía frente al consumismo»

Crudivorismo, la dieta de los alimentos crudos
