Planen burbuila
Planak egitea ederra da, eta ederrena planen eraikuntzaren desfasea, fantasiaz burutazio guztiak pilatu eta ahalik eta gehien puztea: gure planen burbuila. Umetan eztei-bidaia ilargian egingo genuen ustea bezala. Berdin da modan dagoena Marte izan arren eta ezkontzeko inongo asmorik ez badugu ere, ilargian gaupasa egitearekin amets egiten dugu oraindik. Gaupasan ez gaudenean ere horrekin jolasten gara. Perfektua da momentua.
Batzuek nahiago dute ustezko eginkizun potoloetarako, baita gauza hutsaletarako ere, momentu perfektuaren bila ibili. Oparitu diguten diskoa behar bezala entzuteko momentu ezin hobe horren bila, Durangon duela hiru urte erositako liburu potolo «super interesgarria» irakurtzeko une aproposaren zain... Eta zenbat eta zenbat dira ezkondu, etxea erosi edota modernoz mozorrotutako bestelako jarduera burutzeko momentu perfektua itxaroten dutenak. Paradoxikoa da ezertarako astirik gabe gabiltzan garaiotan istant idealaren bila aritzea. Momentuaren planifikazioa eta kudeaketa gure esku balego lez. Orain ala inoiz ez izan beharrean, horra, analisiaren paralisia.
Kartzelan dagoenarentzat momentu guztiak dira perfektuak barrutik ateratzeko. Esklaboarentzat edozein une da ona jabe ankerrarengandik askatzeko. Herri batek ere ez luke libre izan edo aitortua izateko momentu perfektuaren bila etengabe ibili behar, benetan aske izan nahi badu, behintzat. Pentsamendua eta gogoa akzioa dira, ekintza behar lukete izan. “Godoten esperoan” baino amaigabeagoa izan daiteke planifikazioa. Vladimir eta Estragonen itxaronaldia absurdoa bezain dibertigarria zen, behintzat. Baina planifikazioaren planifikazioa beste absurdo mota bilakatzen da, mina ematen duen desarrazoia. Gaitz hau pairatzen duten idealek zama bihurtzearen arriskua dute. Amamari zimurrak bezala, gure plan ederrari alde ilunak ateratzen zaizkio, arriskuak azaleratzen dira, “desamorea” eta amore ematea elkarren eskutik datoz bat-batean. Zalantza gehiegi balantzan eta adarbako zuhaitzetik sagarrik erori ez. Gehiegi itxaroten duenak sufritzeaz asko daki, belauniko errukiz konformatu behar denak bezala.
Azkenean, momentu aproposaren bilaketaren joan-etorriekin, joan dena denbora dela pentsatzen dugu. Baina denbora joan ordez, guk baimenduta lapurtu digute. Denboraren bahitzailea gure planen planifikazio tematiaren zain dago, une oro. Gure oniritziz, gure orduez elikatzen da. Denbora bereganatzeaz gain, gure ekintzen bahitzaile bihurtu da. Astiarekin gizenduz doa, gure akziorik ezaz eta denboraz enpatxatu arte. Momentu perfektuaren bila galdu ditugun momentu perfektu guztiak irentsita, Denbora Bahitzaile jaunak gure denbora makrodenbora bihurtu du eta, garaile, barre egiten digu, momentu oro.

Juan Bautista Bilbao & Nikolaus Zu Dohna-Schlodien

«Munduko txapelketa irabazi nuen erabat itsu geratu nintzenetik lau urte bete zirenean»

«El capitalismo ha acabado con el campesinado, último reducto de autonomía frente al consumismo»

Crudivorismo, la dieta de los alimentos crudos
