Alaia Martin
IRITZIA

894 kilometroko kateak

Pentsatzen dut denok haserretu garela noizbait, sabela garbigailutik atera berri den nikia bezala bihurritzeraino. Derrigorrez pertsona hori parean izan behar badugu, gertutasunik ez adierazteko erarik sofistikatuenetarikoa begirada ukatzea da, «ez zara existitzen» bat iradokitzea. Zaila da urrunago egotea norbaitengandik, berarekin hizketan eta propio aurpegira begiratu gabe baino. Nik uste dut begi-niniak distantzia irensten duten espazioko zulo beltzen lehengusuak direla.

Bereiziz ahuldu egiten omen dira, taldeak, pertsonak, harremanak. Baina ez beti. Jarri bi zutabe aldamenean eta gainean eurak baino luzeagoa den horma bat edo bi zutabe elkarren parean eta gainean horma. Zeinek eutsiko du pisu gehiago? Zein da zubi, zein kolunpio? Edo jarri bi pertsona elkarren sorbalden babesean, oreka elkarrekintzan bilatuz, siamestuta. Elkarren desorekak elkarri leporatuz, elkarren oreka ondokoaren baitan utziz… edo ipini aldamenean; behar duten tartea har edo jar dezaten elkarrengandik, elkar altxatzeko, etzateko, arnasteko edo arnasa hartzen uzteko. Batzuetan elkar ukitzeko ahalegina egin beharrak jabearazten gaitu elkar ukitzeko grinaz. Bereizten dena ez da beti urruntzen.

Zer dagoen urrun eta zer gertu ez dugu geure begiradatik neurtzen, ez eta geure betaurreko ideologiko eta koloreztatuetatik ere, geure sabeletik neurtzen dugu. Geure pertzepzio inkontziente eta zilborzentristatik. Ordu eta hogei behar da autoan Oiartzundik Donibane Garazira iristeko, ordu eta hogei Oiartzundik Bilborako. 447 kilometro tarte luzea da asteburu bakarrean bi aldiz egiteko. Luzea, noiz iritsiko zain dagoen gertukoarentzat, luzea beti iristeke dagoenarentzat, eta are luzeagoa, 80 urteko senidearentzat. Ez da luzeagoa tartea, bitartea. Distantzia bai.

Distantzia euskaraz nola esan ez dut asmatu. «Tarte»-k eta «bitarte»-k ez didate «distantzia» esan nahi nuen bezala esan. Orduan jabetu naiz distantzia ez zela existitzen espainiarrek distancia asmatu zuten arte, edo frantsesek distance-a. Ordura arte lekutik lekurako tarteak zeuden, metroak, milimetroak. Minak edo komunikaziorik ezak bilakatzen ditu distantzia espazio puskak.

Ezagutzen dut haur maitagarri bat, Xuhar, zeinak aita bisitatu aurretik «aita bai, autoa ez» esaten dion amari. Eta ez dago zalantzarik; dispertsioa erabaki politiko taktiko bat da, ideologikoa, eta denak gara pertsonak, denok dauzkagu sentimenduak… baina anatomikoki ezberdinak gara. Ez da posible. Ez da posible garunetik bihotzerainoko distantzia hain ezberdina izatea. 30 zentimetro izan beharrean, argi-urteak izatea batzuek. Ilunpeko urteak.