Lanbrotan itsu
Lanbro artean argi egitera, ostartea argitzera, etorri ohi dira gurean bertsio ofizialak. Ofiziokoen bertsioak, nolabait. Ez da, noski, gaur goizeko kontua, eta leziatuta egon behar genuke. Ematen du, ordea, batzuek badutela premia larri bat bertsio ofiziala egia totala bezala eurentzat ere hartzeko, atzamar erakuslearekin inork seinalatu ditzan baino lehen. Kontua da horrelaxe, lanbro artetik argitutako egia totala bezala, jakin genuela joan den urriaren erditsuan Altsasun gertatua.
Aginteari erasotzea egotzi die epaileak atxilotuei, eta espainiar Barne ministroak zioen kale borroka ez baina gorroto delitua izan zela guardia zibilak eritegira eraman zituena. Aginteari erasotzea, delitutik ia harago, kasik tabua da, agintea bera delako eraso eskubideen jabe osoa, eskubideen ugazaba. Nola utzi edonoren esku halako tresna arriskutsu bat? Eta, gorrotoaren kasuan, ez dakit gorroto sentimendua bera den delitu, edo sentimendu horren adierazpena. Izango dira gorrotoa besterik merezi ez duten pertsonak eta animaliak, baina… Hain maite gaituzten autoritateak gorrotatzea, geu eta geure eskubideak zaintzeko eta geure onerako daudenean, gainera! Gaixorik egon behar dute altsasuar horiek, eta Euskal Herriko abertzale guztiak ere bai.
Bistan zegoen diagnostikoa, eta laster igarri dio hain maite gaituen Barne ministro zuhurrak. Maitasuna besterik ez du nahi Fernandez Diaz Barne ministroak, eta halaxe erakusten du bere hizketa gozoarekin ere. Baina kezkati ere badago, gauza guztien gainetik agintedunak maita ditzagula nahi baitu, eta, ereduarekin predikatzearren dudarik gabe, aginte armatuek eta beren maitasun guztiak Altsasun eta Euskal Herri osoan jarraitu behar dutela esan du.
Edozein funtzionarioren –polizien, guardia zibilen…– hitzak gehiago balio baitu herri osoaren nahiak baino, herritarren hitzak baino. Zeresanik ez, gure kasuan bezala, herritar horiek gaixorik, gorrotoaren gaitzak itsututa daudenean. Gorrotoaren sentimendu horixe da uzten ez diguna ikusten haien maitasunaren norainokoa, frogak ematen dizkiguten arren. Mattin Sarasola datorkit gogora, Mikel Zabaltza datorkit gogora… haien maitasunaz blai, itotzeraino blai.
Maitasun horren urratuak izan dituzu zuk ere, Beatriz, eta bortxaz maitatzeari zelan esaten zaion ondo dakizu.




