Denbora eskas
Urtearen hondarrean, korrika gabiltza berriz, egin beharrekoak pilatuta eta denbora eskas. Eta berriz ere esango diogu geure buruari, semaforo gorriaren parean geratu eta arnasa hartu behar dugula akordatzen garenean, hurrengo urtea desberdina izango dela, lasaiago hartuko dugula. Eta ilusio horrekin segituko dugu korrika, noizbait mantsotuko garen pozak azkarrago joaten lagunduko baligu bezala. Ea oraingoan promesak zenbat irauten digun. Izan ere, irudipena daukat geure buruari egiten dizkiogun promesak ez ditugula serio hartzen. Total, promesa bete edo ez norberak bere buruarekin konpondu beharra nola daukan. Halako batean konturatuko gara bere buruarekin bakean ez dagoenak nahikoa lan daukala besteekin bakean egoten.
Harritu egin nau etxerik ez duen eta gauak Caritasen aterpe batean ematen dituenaren egunerokoa ezagutzeak. Iluntzeko bederatzietatik goizeko bederatzietara aterpe horretan egoten da, ahal duen lorik onena eginez. Ez omen da beti erraza izaten. Eguna, berriz, ahalik ordenatuena egiten saiatzen da; karitateak ematen dio gosaltzen eta bazkaltzen. Ordubeteko siesta ere egiten omen du Tabakalerako sofa batean. Interneten ere ibiltzen da saltsan, doako zerbitzua eskaintzen duten tokietan. Eta horrelaxe ematen du eguna, ordulariari begira, orduak nola pasatu ez dakiela. Bistan da bestelako bizimodua nahiko lukeela. Denbora dauka soberan, eta sofa propioa faltan. Guk, berriz, nahiko lan etxeko sofari gure neurriko zuloa egiten. Denbora falta.
Batzuetan, gehiegitan, bizitzak zartako handi bat ematen dizu, kolpean geraraziz. Orduan ezin diozu ordulariari begiratu, negarrak puztutako begiek ez dutelako ordurik ikusten. Ez zaizkizu eginbeharrak pilatzen, egingo zenituzkeen planak pilatzen zaizkizu. Ez dakizu zartako horretatik nola aterako zaren, aterako zaren ere ez dakizu, eta ordura arte egin ez dituzun denak damutzen zaizkizu. Beldur zara dagoeneko ez ote den berandu.
Izan ere, zenbat denbora da etxerik gabe dagoenarentzat hiru hilabete? Zenbat denbora da ama batentzat hiru urteko alabak zainketa intentsiboetako unitatean hil ala bizi pasatutako astea? Orduek, minutuek eta segundoek ez dute balio denbora klase guztiak neurtzeko.
Azkenaldian ospitaleko aulki deseroso horietan denbora asko pasatzen duen lagun batek esan dit besarkatzeko maite ditudanak eta gozatzeko haiekin, eskaintzeko denbora.
Denbora. Segur aski, gustura eskatuko genioke Olentzerori zakukada bete denbora. Ikazkina tipo ona da, baina bere mugak ditu. Denborarena norberaren esku dago eta lehentasun kontua ere bada.



