Maria Mendizabal
itsasoetako kutsadura

Ongi etorri Trash Isles-era!

Ezaguna da arazoa, baina ez da begien bistan jartzen eta berau konpontzeko neurriak ez dira behar bezain agudo hartzen ari. Horren harira, ozeanoetara botatzen den zaborra mahai gainean jartzeko kanpaina deigarria abiatu dute: Nazio Batuen Erakundeak hondakin piloa estatu gisa aitortzea da helburua. Trash Isles-ek jada badu pasaportea, moneta, zigiluak... eta, noski, baita bere izana jasotzen duen bandera ere.

Eremu zabala du, herritarrak ere bai... monetak eta pasaporteak ere hartua dute itxura, baina ez, oraindik ez da herrialde ofizial bilakatu eta ia ziurra da ez duela lortuko, baina saialdia bera itsasoan plastikoek eragiten duten arazoaz sentsibilizatzeko kanpaina ezin hobea bilakatu da, behintzat. Eta horixe zen, hain justu ere, helburua. Ozeano Pazifikoan Europako edozein herrialde baino dexente handiagoa den zabor piloa dago, Japonia eta Ameriketako Estatu Batuen artean. Bi milioi kilometro koadro inguru dituen meta horretan objektu txiki mordoa topa daiteke, inori okurritu dakizkiokeen guzti-guztiak, baina baita ordenagailuak edota arrantzan erabiltzen diren sareak ere, tamainaz handiagoak direnak. Hots, guk uretara botatako material eta gailu guztiak kabitzen dira eremu zabal horretan. Bada, zabor andana hori bilakatu nahi dute estatu eta, horretarako, Nazioen Batuen Erakundeari beharrezkoa den eskaria helarazi diote; 196. estatua izan dadin nahi dute eta oso-osorik zaborrez osaturiko lehena, eta ekimenak sustatu nahi duen sentsibilizazio kanpainak arrakasta baldin badu, agian azkena. Hori da helburua, behinik behin.

Izen deigarririk ez dute asmatu herrialdearentzat; izana izenean txertatu dute eta Trash Isles (zabor uharteak) izenarekin bataiatu dute eremua proiektu deigarri honen sustatzaileek. LADbible plataforma eta Plastic Oceans Foundation dira ekimenaren sustatzaileak eta Michael Hughes eta Dalatando Almeida, ideia “zoro” hau bururatu zitzaienak. Horien esanetan, helburua zarata sortzea da, politikariek arazo honen aurrean ez dezaten beste alde batera gehiago begiratu.

Etorkizuneko belaunaldiengana ere iritsi nahi dute, horiek izango direlako kalteturik handienak. Ikertzaileek hau ohartarazi dute: horrela segituz gero, 2050. urtean itsasoan izango den plastiko kopuruak arrainena gaindituko du eta honek arazo larriak eragingo ditu ingurumenean, ur ekosistemak eta uretan bizi diren izaki bizidunak nabarmen kaltetzen dituelako. Begi bistan ikus ditzakegu, hondartzetan, ur gainean... baina sakonera handiko eremuetan ere topa daitezke; izan ere, urtero itsaso eta ozeanoetan 12 milioi tona zabor botatzen da. Ikertzaileek, gainera, ikusten ez diren horien arazoaz ohartarazi dute, mikroplastikoez; alegia, zati handiak puskatzetik sortuez edota apropos garbiketarako produktuetarako sortutakoez. Itsas animaliek jan egiten dituzte eta, ondorioz, beren elikadura eta ugalketa ereduak aldatzen ari dira, adituen esanetan. Gizakioi ere iristen zaigu bueltan itsasora jaurtitako zaborren ordaina, plastikoak elikadura katean sartzen baitira eta bueltan-bueltan gure plateretara iristen baitira. Era berean, urtero milioi bat itsas hegazti hiltzen dira zaborra jaten dutelako. Baina ez hori bakarrik: «Suntsitzerik ez dagoen materiala da. Gure ozeanoek ezin badute behar bezala funtzionatu, ezingo dute arrainik eman, ezingo dute karbonoa xurgatu berotze globala ekiditeko, orokorrean ezingo dute gure bizitza baldintzatzen duen beste ezer egin», adierazi du LADbibleko Stephen Maik.

Plastikoa murrizteko hartu diren neurriak. Europar Batzordeak urtarril amaieran plastikoek eragiten duten kutsadura ekiditeko neurriak aztertu eta zenbait neurri proposatu zituen. Helburua: Europar Batasuneko merkatuan erabiltzen diren material honekin egindako ontzi guztiak birziklagarriak izatea 2030. urterako –material honen birziklatze tasa %30 ingurukoa da gaur egun–, behin baino erabiltzen ez den plastikoaren erabilera murriztea eta mikroplastikoen erabilera mugatzea. Beste proposamen bat zerga bat ezartzea zen, modu horretan paketegintzan erabiltzen den kopurua gutxitzeko. Oraingoz, ostera, neurria martxan ez jartzea erabaki dute, beren esanetan konplexuegia delako. Itsasoei ere erreparatu diete eta horietan pilatzen den plastiko kopurua murrizteko asmoa ere erakutsi du Europar Batzordeak. Horretarako, itsasontzietan sortzen den zaborra batzeko azpiegiturak aurreikusi dituzte portuetan, beharrezkoa den tratamendua eman ahal izateko.

Bada zerbait, baina ikerlariek diotenez, arazoaren dimentsioak neurri gogorragoak eskatzen ditu, baita agintari guztien konpromisoa ere. Hain justu ere, haien arreta erakarri nahi dute NBEra jota.

Herritar ezagunak. Alor desberdinetan ezagun egin diren pertsonen sostengua ere lortu du egitasmoak. “Herrialde” berri horretako “biztanle” zerrendari batu zaizkien azkenetakoak Mark Ruffalo eta Chris Hemsworth aktoreak dira. Lehenetakoak izan ziren Al Gore –ohorezko lehen biztanle egin zuten–, Mo Farah atleta ezaguna eta Ross Kemp aktorea –bera izan zen bideo baten bitartez kanpaina ezagutarazi zuena–. Jada 200.000 pertsona daude erregistratuta eta, beraz, ofizialki estatuak diren batzuek –Andorra eta Monako kasu– baino “biztanle” gehiago ditu dagoeneko. Izan ere, nazioarteko erakundeak zabor piloari estatu izaera emateko jartzen duen baldintzetako bat herritarrak izatea da. Horrez gain, herritarrak jada itxura hartua dagoen pasaportea jasotzeko moduan izango dira. Baina ez hori bakarrik; kanpainaren diseinatzaileak, Mario Kerkstrak, Trash Islandeko diru-papera –debris izena eman diote; “obra-hondakin” edo “zabor” ingelesez– eta zigiluak sortu ditu –estatu agintariei zigilu horiek daramatzaten gutunak bidaltzea kanpainaren parte da–. Bandera ere badute, zuria eta urdina, eta erdigunean plastikozko botila bat duena.

Ekimenak ez du aurrera egiteko aukera handirik eta hala aipatu dute NBEko arduradunek ere. Idazkari nagusiaren eledun Stephane Dujarric-ek hala onartu zuen kazetarien galderei erantzunez. Hala ere, ideia bera berritzailea dela nabarmendu zuen: «Atentzioa eman dezake zabor meta horiek duten kokapenagatik ikusten ez den arazo baten gainean. Oso garrantzitsua da».