JOKIN URAIN
IRITZIA

Izena

Izanaz gain izena ere izateak badu garrantzia, eta ez nolanahikoa. Are gehiago; izena izanez gero, batik bat itzal handikoa bada izen hori, izanik ez izatea ez da hondamendia. Izenik ez baduzu, berriz, alferrik zabiltza, ez zara ezer, ez zara inor, ez duzu deus lortuko inon eta inoiz. Izena duenak izana baduela dio esaerak.

Horregatik izango da eraikuntzei eta ekitaldiei izana baino lehen izena ipintzeko daukagun joera; erdipurdikoa izango ez den izena ipintzeko joera esan nahi dut, ez nolanahikoa edo inork aintzat hartuko ez duen izen arrunt bat, hemengo eta mundu osoko edonor entzutearekin bakarrik «ooohhh!» txundituta uzteko moduko izena baizik.

Gure sukaldaritzak ba omen du izana, baina izena jarri behar zitzaion munduari keinu egiteko modukoa, eta Basque Culinary Center ezarri zioten; pilota ere izatez geurea, baina emakumeen kasuan izenaren beharra izango zuen, eta Emakume Masters Cup ipintzeko jenialtasuna izan zuen norbaitek; Gipuzkoa eta Bizkaiaren mugan dagoen mendi itzuli bati Arno Trail Sprint Race; apur bat harantzago Sopela Women's Tour; honantzago Bilbao Exhibition Centre, eta duela ez asko Bermeo Tuna World Capital... eta ez dakit zenbat gehiago ezpal berekoak.

Izen kaxkarrak genituelako genbiltzan, nonbait, galduta, mundura ezin irtenik, ezin iritsirik inora. Arrazoi sakonen bat izan behar baitu euskarazkoak ez diren izen horiek aukeratzeko. Eta pentsatzekoa da ederrean eta onean eta zernahitan mundu osoko dotoreenen parean edo aurretik jarriko garela orain halako izen handiekin... Etxeko hizkuntza gutxiestea, ezgaitzat jotzea, ez da gaur goizeko kontua; kanpokoa eta ahaltsua ederragotzat jotzea ere ez, ez da gaur goizekoa. Haurrak ginenetik ezagutu eta bizi izan dugu egurats hori, nola deitu ere ez dakidan joera hori.

Leku batzuetan itzulpengintzan egiten diren zabarkeriez kexatzen eta ernegatzen gara; zenbaitetan salatu egiten dira sare sozialetan... Osakidetzako zentro batean atean ipinitako kartelaren edozerkeria erakusten zidan lagun batek aurrekoan: “Sala de Curas” zioen azpian, gazteleraz, eta gainean euskarazko bertsioa letra handiz: “Apaizen Gela”.

Ez dakit, Itziar, batzuen kanpoeder izaera ez ote den besteen arduragabekeria baino are gogaikarriago, are etsigarriago.