Sabine Colpart
SURFLARIA
LEHEN PLANOAN

«Itsasoarekiko kontakturik gabe ezin dut bizi»

Ez da edozein olaturekin konformatzen. Hogei metro baino gutxiagoko garaiera dutenak apenas hartzen ditu aintzat. Itsasoaren zale sutsua, mundu guztian zehar bidaiatzen du bere surfeko taularekin olatuen bila, olatu “ikaragarrien” bila... Urak inguratuta, olatuetan jira eta buelta... bere balentriak bideoan grabatzen ditu batean eta bestean dituen jarraitzaileek sarean ikusteko aukera izan dezaten. «Ohiko olatu batek inoiz ez zaitu hilko. Olatu handi bat gerturatzen ikusten duzunean, zure buruari galdegiten diozu: ‘Benetan hartu nahi duzu?’. Pentsatu eta ‘banoa’ esaten baduzu, %100ean egin behar duzu aurrera, ezin duzu zalantzan edota txorakerietan ibili; izan ere, olatu handi batek azkarrago eramaten zaitu, eroriz gero errebotatu egiten duzu eta ur azpian kolpatua izateko prest egon behar duzu», dio Benjamin Sanchisek, gaur egun olatu handiak harrapatzen dituen munduko surflari hoberenetarikoak.

38 urteko kirolariaren bizipenak “Wave to the Soul” filmak jasoko ditu orain. Vincent Kardasik zuzendu eta Billabong marka ezagunak ekoitzitako lanak egunerokotasunean agertuko du Sanchis, eta helburuak «lortzeak dakarren asebetetzea eta ez lortzeak dakarren urduritasuna eta frustrazioa» erakutsiko ditu. «Jendeari erakutsi nahi diogu zer egiten dugun eta zer bilatzen dugun. Borroka bat da azken batean, arazoak izaten ditugu, hegazkinak galtzen ditugu, behar-beharrezkoak ditugun trasteak kasu askotan ez dira garaiz iristen... tentsio hori sentitzen dugu», azaldu du.

33 metroko garaiera duen olatuaren gainean, marka jarriz. Filma Nazaren (Portugal) abiatzen da, munduko olaturik handienak eskaintzen dituen eremuan. Bertan Sancho ezizenez ere ezaguna den surflariak 33 metroko olatua hartu zuen 2014ko abenduan. Une hura aipatutakoan «guau!» baino ez du esaten. Inoiz ez zen aurretik halako garaierako olaturik hartu eta hiru metrotan hautsi zuen ordura arteko marka. Irudi haiek sare sozialetan sekulako oihartzuna lortu zuten eta jende mordoa liluratuta dago Hossegorren (Akitania) hazi eta lehiarako grina goiztiar sortu zitzaion kirolariarekin. «Irten eta mundua ezagutu nahi nuen, aldizkari eta filmetan ikusitako ahalik eta olatu gehien hartu, nire begiekin ikusi... eta oraindik ere etapa horretan nago», nabarmendu du hitz jario handirik gabe mintzatzen den kirolariak. Beste surflariekin ohiko txapelketetan lehiatzea baino nahiago izan zuen olatuen eta, batez ere, bere beldurren aurka aritzea eta hala abiatu zuen ahalik eta olatu handienak harrapatzeko zaletasun hau. Sariak jaso eta markak hautsi ditu. 2011n Billabong XXL Biggest Wave Award saria jaso zuen Belharran hain justu ere, bere jaiolekutik gertu.

Gihartsua, bere lanak Irlandan, Tahitin eta, noski, Hawaiin grabatzen ditu, baina gustuko ditu halaber Kanaria uharteak –bertan dauka bizilekua, munduan barna bidaiatzen ez duen bitartean–, Estatu frantsesa eta Portugal; Marokora ere bidaiatzen du noizean behin. Azkenaldian, ordea, Norvegia dauka begiz jota, «oraindik ere deskubritzeko dauden olatu handiak» daudelako bertan. Bere egunerokoan inprobisazioak tarte handia hartzen duela dio. Gaur bizi da eta biharrari zeharka begira: «Eguraldiari begira egoten naiz eta egokia dela uste dudanean nire surf taula hartu eta joan egiten naiz», aitortu du kresal usainak inguratuta bizi den kirolariak. Izan ere, ezin du itsasorik ikusi gabe bizi. Itsasoari usaina hartzea eta igeri egitea maite ditu: «Behar-beharrezkoa dut itsasoarekiko kontaktu hori».

Ausarta izan behar du batek horrenbesteko garaiera duten olatuen gainean jartzeko, baina nabarmentzen du ez duela «ausarkeriaz jarduten». Horretarako bi tresna ditu: arriskuak neurtzeko duen sena eta sasoiko egoteko egiten duen entrenamendu gogorra, batez ere boxeo thailandiarra egiten. «Indartsua izan behar duzu kolpeak hartzeko. Sorbaldak ez du dislokatu behar, belaunak ez du okertu behar. Malgutasunez jardun behar duzu, gorputza zurrunegi jarri ez eta hausturak saihesteko», azaldu du. Igerilekuan ere aritu behar izaten du, besteak beste, apnea hobetzeko. «Zerbait gertatzen denean ahalik eta erosoen egon behar dugu ur azpian, oinarrizkoa da», aipatu du.

Ia heriotza eragin zion istripua. Beharrezko neurriak hartuta ere, 2013ko maiatzean istripu larria izan zuen Sanchisek. Teahupoon (Polinesia frantsesa) olatu batek arrastan eraman zuen eta buruarekin arrezifea jo zuen. Konorterik gabe azaleratu zen uretan. Bizia salbatu zuen, baina buruko traumarekin eta hankan zauriekin. Istripu hark ez zuen bere zaletasuna murriztu, ordea.

Bere egunerokoaren zatirik handiena surfari lotua igarotzen badu ere, baditu beste zaletasun batzuk: «Noizean behin itsasotik aldendu eta bi edo hiru egun hirian pasatzea gustatzen zait, arkitekturaz, modaz edota musikaz gozatzeko eta alkandora ederrak erosteko», kontatu du barrez. «Denbora batez ere mundua uzten duzu– jarraitu du–, zaren hori; izan ere, ez da komeni egiten duzun horrekin gehiegizko obsesiorik izatea», aipatu du berak dioen moduan, «hiriko indiar» honek.