26/08/2018

JOKIN URAIN
Garaipenak
Soina berezko ahalmenetik harago eramatearren dopina erabiltzeraino bultzatzen gaitu garaipen irrikak... «Zein epika narrasa, galtzailearen estetika hain ederra denean!», esan behar luke poetak, inon izatekotan bere begietan dagoelako edertasunaren galbahea.

Aldaketa handiren bat gertatu ez bada, hasia izan behar du Espainiako txirrindulari itzuliak, edo txirrindularien itzuli espainiarrak, edo dena delako zera horrek. Ez da siestako lozorroa galarazten didan gauza; berdin zait itzuli espainiar hori eginik Madrilen amaitzen den, ala aurrera jarraituta Portugalen bestaldean itsasoa zeharkatzeko prestatzen den gehiago ez itzultzeko. «Ez nago alde, ez nago kontra... burutazioak idazten baizik», beste batek esango lukeenez.

Italiako Giroaren eta Frantziako Tourraren ondoren hiru handietakoa ei da Espainiako txirrindulari itzulia, edo txirrindularien itzuli espainiarra, edo dena delakoa. Eta hori irabazteak sekulakoa izan behar du. Baina garaile izateak ere epemuga duela dirudi hainbat kasutan, eta txirrindularitzan beste ezertan baino gehiago azken urteotan.

Duela urte batzuk giza ahalmenaren marka guztiak gainditu zituen Lance Armstrong txirrindulari estatubatuarrak; minbizia gaindituta, zazpi aldiz izan zen garaile, besteak beste, Frantziako Tourrean. Gero etorriko ziren dopinaren hotsak, berak ere onartu egin zuen, eta akabo tituluak. Handienetako baten erorketa izan zen, eta hura baino lehenago eta harrezkeroztik beste asko dira kontu berdintsuak zipriztindu edo erabat blai egin dituen txirrindulariak. Soina berezko ahalmenetik harago eramatearren dopina erabiltzeraino bultzatzen gaitu garaipen irrikak... «Zein epika narrasa, galtzailearen estetika hain ederra denean!», esan behar luke poetak, inon izatekotan bere begietan dagoelako edertasunaren galbahea.

Zientziak izorratu du hamaika garaipen loriatsu; urteetan zehar arrastoa jarraitu duten dopin-zakurrek eraitsi dituzte podiumetik garaile tenteak. Baina zertarako balio du eraiste horrek hainbeste denboraren –batzuetan urteen– ondoren? Batzuk zigortzea beste batzuen zentzagarri izan daitekeela pentsatzeak zentzugabea ematen du, garaipen irrika bera delako agian zentzurik gabea, edo zentzuaren arrazoiei kasu gutxien egiten diena.

Kirolariak dopinagatik zigortzea baino, dopina libre uztea eraginkorrago iruditzen zait, Jon, baina ez nuke leher egin arte eztabaidatuko nire arrazoion alde, eta kontra egiteko ere prest nago, Espainiako txirrindulari itzuliko, edo txirrindularien itzuli espainiarreko, edo dena delako zera horretako garaipenak gorabehera.