GALDER PEREZ
IRITZIA

Behi lesbianoak

Jende askok bi behi bata bestearen gainean jolasean ikusita barre egiten du, lotsaz bezala. Zezena tarteko bada, orduan, txalo. Albaitari batzuek behiak susara daudenean gertatzen dela esanik justifikatu nahi dute ugaztunen arteko jolas erotikoa. Zientzialari tradizionalistenek bezala, hormonen aitzakia dute edozelako harreman homosexualak ezkutatzeko. Izango du zientziaz zerbait, baina ezin jakin behiak benetan zertan jolasten ari diren. Gainera, gainean izan ohi den behiak ez du zertan zeloan egon. Beraz, erdi ipurdi, barka, hanka motz, geratzen da antza teoria. Nik nahiago, beste animalia asko bezala, sexu jolasean ari direla pentsatu. Baina aurreko udan Tanzaniako presidenteak, John Magufilik, nire pentsamenduak gezurtatu zituen: behiak homosexualitatearen kontra (sic) daudela adierazi zuen! Eta serioski esan, gainera. Inork ez daki ziurtasunez behiekin komunikatzeko ahalmena nola lortu zuen gizonak, LGTBIQ kolektiboko pertsonei 30 urteko kartzela zigorra defendatzen duen gizon horrek.

Behia sakratua den Indian, homosexualitatea legalki onartu berri dute. Sozialki gertatzea beste kontu bat da, jakina, gurean bezala. Munduko 71 herrialdetan kriminalizatuta dago homosexualitatea, haietako batzuetan heriotzaz zigortzeraino. Munduko bigarren herrialde jendetsua da India, eta 1861eko lege bat da han bertan behera utzitakoa. Esandakoaren arabera, heldu homosexualek sexu harremanak eremu pribatuan izatea ez da inolako iraina izango oraindik aurrera. Askok ospatu dute erabakia. Zer ospatu egon badago ere, kasu Indiako Auzitegi Goreneko bost epaileek esandakoari: eremu pribatuaz ari dira, hau da, ezkutuan egiteko praktikak omen dira, eta jende helduarentzat soilik, adingabeek ezin omen dute marika izan. Sakratua den behiarekin, orduan, zeresanik ez.

Berriki jakin dugu 2019ko irailean Bilbon elkartuko direla, agintariekin zerbeza berdeak edaten ziurrenik, EPOAko(European Pride Organisers Association) elkarteak. Europako 70 elkarte biltzen dituen EPOAkoak Euro Pride deritzonaren antolatzaileak dira. Eta esaten digute LTBIQ pertsonen eskubideen alde lan egiten duten elkarteak bilduko direla. Tanzaniako presidentearen adierazpenak bezain barregarri. Zer eta pertsonen eskubideen izenean egindako makrojaialdi komertzial antzua, iraingarria eta irrigarria ospatzea dute helburu bakar, bizimodu, estetika, klase eta arau kapitalisten menpeko. Badakigu zertaz ari garen, hiru urte baitira Bilbon Pride izenekoa ospatzen dutela. Oraingo erronka hemendik hiru urtera dute: Europako Pride hiriburu izatea. Zein azkar dena, ezta?

Orduan ekarriko dituzte Bilboko kaleetara behiak berriz; Azkunak egin bezala, ortzadarraren koloreekin margotutako plastikozko behien eskulturak. Gure kaleetan , ordea, ez ditugu behiak bizirik eta sexu jolasean ikusiko. Lodiak dira, titi handiegiak dituzte eta motelegi ibiltzeko ohitura txarra dute. Ez da hori, ez arren, Pride batean erakusteko irudia. Behiak marru-marru, besteak poltsiko bete diru eta gehiengoak mu. Tira, beharbada gure agintariren batek badu, Tanzaniakoak bezala, behiekin hitz egiteko ahalmena.