Amaia Ereñaga
QUEEN, eta ikuskizunak jarraitu dezala

Guztiok geure baitan daramagun erreginaren bila

Mukizu bat zela Queen entzun eta bizitza aldatu zitzaion Pablo Liquidori. «Queen nire erlijioa da», dio musikari eta aktore polifazetiko honek. Hemeretzi urte bete berri ditu iruindarrak rockaren klasikoetan, eta batez ere Queenen kantetan, oinarritutako errepertorioarekin «etengabeko bira batean» murgilduta. Freddie Mercury zenaren taldekoak ospetsuen artean gurtuenak, miretsitako izarren artean lilura handiena sortzen dutenak eta taula gainean imitatuenak dira. «Bohemian Rhapsody» filma hil honen 31n estreinatuko dela aitzakia hartuta, Pablo Liquidorengana eta Eganeko kantari Xabier Saldiasengana jo dugu, denok geure baitan daramagun Freddie Mercuryren bila.

Dagoeneko hogeita zazpi urte bete dira joan zitzaigunetik eta Freddie Mercuryren (Farrokh Bulsara benetako izena, 1946-1991) lorratza ez da itzali; ez da bere distira ospearen ortzian ilundu. Zendu berri den Montserrat Caballesoprano katalanaren omenezko erreportajeetan, esaterako, Freddie Mercuryrekin batera grabatutako “Barcelona” eder hura behin eta berriz errepikatu digute telebistek eta irratiek... Bartzelona 92ko Olinpiar Jokoetan elkarrekin kantatzerik izan ez zutena, alegia, Mercury urtebete lehenago hil zelako hiesak jota, komunikabide batzuei kontrakoa entzun diegun arren. Musika izar izateak dakarren ondorioa omen, betiko bizirik jarraitzen duzula –zaleen oroitzapenean, bederen–.

Noizean behin Rockaren Olinpoa zeintzuek osatuko luketen finkatzeko kaleratzen diren inkestetan, izen batzuen inguruan erabateko adostasuna izaten da; orokorrean, The Beatles, The Rolling Stones eta Queen-ek osatutako triunbiratua zerrenden lehenengo tokietan agertzen da, bai ala bai. Inoiz izan diren musika talde ospetsuenen artean kokatzen baita, merezimendu osoarekin, 70eko hamarkadatik 90ra bitartean Freddie Mercuryk (ahotsa), Brian May-k (gitarra), Roger Taylor-ek (bateria) eta John Deacon-ek (baxua) osatu zuten taldea. Hastapenean rockari lotuta egon ziren arren, beren ibilbidean rockaren aldaera desberdinekin eta beste estilo batzuekin, operarekin adibidez, esperimentatu zuten. Mundu osoko ikusleengana iristeko gaitasuna izan zuten, kanta eder, gogoraerrazak, kalitate handikoak eta erritmoz josiak egin zituztelako. Freddie Mercury karismatikoaren heriotza mingarriak –hain gazte eta talentuz betea zenean, eta ordura arte publikoki gutxik aitortu zuten hies izurritearen eraginez–, Mercuryren beraren eta taldearen itzala beste maila batera eraman zuen. Kultuzko banda bihurtu zen Queen, musika talde “planetarioa” eta belaunaldiz belaunaldiz gurtua, fan fenomeno handi baten eragile... eta imitatzaileen eta omenezko taldeen sortzaile.

 


Pablo Liquido, rock klasikoaren semea. «Nire etxean ez zegoen musika zaletasun berezirik, baina ni txikitatik musikak hunkitu egin nau izugarri. Niretzat 12 urterekin Queenekin topo egitea izugarria izan zen, bizitza aldatu zidalako. Etengabeko orgasmoan bizi nintzen Queen entzunez. Diru guztia horretarako erabiltzen nuen; pentsa, 84an ezagutu nituen eta Freddie Mercury 91n hil zen; beraz, ‘elkarbizitzarako’ zazpi urte izan genituen soilik. Damu naiz ez ditudalako zuzenean ikusi. Aukera izan nuen 1984an Bartzelonan egon zirenean, baina 14 urte baino ez nituenez, ezin izan nuen. Hori bai, Freddie Mercury hil zenean dolua bete nion. Sasoi luze batean beltzez jantzita joan nintzen bere oroimenez». Mintzatzen ari dena Pablo Liquido da (pabloliquido.es); 46 urteko iruinxemea, artista polifazetikoa –aktorea, musikaria eta soinu teknikaria izateaz gain, zigilu propioa du– eta, bere hitzetatik eta ibilbidetik ondoriozta daitekeenez, espiritu aske bat. Agian, hain maite dituen rockeko klasikoetatik jasotako eraginen uzta... edo musikaren merkatuaren zailtasunek bultzatuta.

Pablo Gortari Arrizabalaga, hori baita bere “kaleko izena”, kantautorea da eta, aldi berean, showman-a. 70-90 hamarkadetako rock musikako klasikoen bertsioez osatutako kontzertuak ematen ditu, eta horietan inoiz ez dira Queenen kantak falta. Irailean hemeretzi urte bete ditu agertokietan eta harridura sortzen du astean zenbat hitzordu dituen egiaztatzeak, areto txikietan batzuk baina ez horrenbeste beste batzuetan. Esaterako, uztailean Durangoko Plateruenan Tabira musika bandarekin aritu zen. «Bai, Durangotik eta Zumarragatik deitu ninduten, Queeni buruzko saio bereziak egin nahi zituztelako. Ni Queen-en espezializatuta nagoelako deitu ninduten. Lehen hirukote bat nuen (Liquido Trio), Queenen kantak egiten genituen, eta aurretik orain berreskuratuko dudan ikuskizun bat ‘Mi historia con Queen’ izenekoa, non taldearen ibilbidea kontatzen nuen, haien abestiak kantatzen nituen heinean. Lehen, akustikoan egiten nuen, orain elektrikoa izango da». Ausardia behar du kantari batek Freddie Mercuryren azalean jartzeko, ezta? «Edozein kantari egiteko ahalmen fisikoa izan behar duzu, ahotsa izan... adibidez, Freddie Mercury ez zen tenorea, erregistro anitzeko baritonoa baizik. Beste baritono batek baino gehiago igo zezakeen eta jaitsi ere nahikotxo. Orokorrean, Freddie Mercury egiten dutenak tenoreak izaten dira, nota altuetara iristeko gaitasuna dutelako. Ahots meheagoak dituzte, baina ni ez naute guztiz betetzen Mercuryren ahotsa indartsuagoa zelako. Ni ere baritonoa naiz, baina nota batzuetan pixka bat estu nabil, Freddy Mercury bera bezala zuzenean».

Ondo, baina jarrera kontua ere izango da, ezta? «Noski, Freddie Mercuryren jarrerarekin behar duzu kantatu. Horrez gain, Queenen kantak handiak dira, oso melodikoak eta, ahotsaz aparte, teknika handia eta haizearen erabilera erabatekoa izan behar duzu. Queen beste edozer kantatzea baino nekagarriagoa da. ‘Radio Ga Ga’ egin eta apurtuta bukatzen dut, eta lau orduko kontzertuak egiten dituen kantaria naiz ni!». Pablo Liquidoren zaletasuna ez dago zalantzan jartzerik –«Queenek ere badu zerbait propioa: laurek egiten zituzten kantak eta laurek ‘top kantak’ egin zituzten»–, baina ez da itsu-itsuan sinesten duen horietakoa. Azaroaren 3an Iruñeko Navarra Arena aretoan Good Save The Queen talde argentinarrak –argentinarrak baitira Queenen omenezko ikuskizunetan errege– eskainiko duen “Wembley’86”-ra joateko asmorik ote duen galdetuta, berak beste mota bateko ikuskizunak nahiago dituela esan digu. «Niri pantomima bat iruditzen zait. Freddie Mercuryz mozorrotutako gizon bat ikusteko, bibote postizoarekin eta abar...». Azken galdera; nondik dator “líquido” hori? «Ez du misterio handirik. Behin galtza batzuk probatzen Solido marka ikusi nuen, eta ‘izen ederra musika talde batentzat, baina líquido hobeto’ pentsatu nuen, eta aurrera».

 


Xabier Saldias: «Diskoan oso onak ziren, baina zuzenean, arruntak». “Egan Queen omenduz” (1992) diskoa bitxikeria bat da. Ez zituen salmenta handiak izan, baina 70eko hamarkadatik plazarik plaza ibili zen euskal musika talde ikoniko baten ibilbidearen lekuko da, zalantzarik gabe. Xabier Saldias kantaria erretiroa hartuta dago, baina ez da geldirik geratzen diren horietakoa. Berea erretiro aktiboa baita; «lehen lan guztiei baietz esaten nien, orain aukeratzeko moduan nago», dio. Queen-i buruz hitz egiteko deitu diogu, Freddie Mercury zendu eta urtebetera kaleratu zuten diskoaz mintzatzeko, alegia. «Nire eredua hasieratik Queen da. Ez dakit The Beatles gainditu ote zuen, baina askoz polifonikoagoak ziren, zeukan harmonian, konposizioan eta polifonian gehiago zirelako. Disko guztietan Queenen kanta bat sartzen genuen, eta Freddie Mercury hil zenean, zorretan bezala geunden. Guretzat ohore bat zen Queen-en kantu bati heldu eta euskaraz egitea». Euskaraz bai, baina “itzulpena” nahiko berezia zen, oinarrizko testuekin zerikusi handirik ez baitzeukaten kanta haiek. «Lan asko eman zigun –dio Saldiasek irribarre maltzur batekin–. ‘Show must go on’ (ikuskizunak jarraitu behar du), adibidez, niri belarrira ‘zu maisu on’ ematen zidan. Fonetikoki egin genituen letra asko. ‘Friends Will Be Friends’ (beti lagun), esaterako, guretzat ‘lehenbailehen’ zen». Eskerrak EMI argitaletxeak ez ziela orduan originalarekiko erabateko fideltasuna eskatu, gero egingo zuten bezala, horri esker, letra asmatu hauek belaunaldi berriek ezagutu ahal izan dituztelako interneten bidez, bertan aurki baitaitezke. Arraro samarra irudituko zaie, agian, baina Egan bezalako taldeek nazioarteko musikarik onenarekiko zaletasuna, eta euskaraz gainera, sustatzen erantzukizun handia izan zuten. «Gu hasi ginenean, Azpeitian lau tokadisko egingo ziren. Jendeak gero originala entzuten zuenean, ‘hau Eganena da! Bai, Eganena!’ esaten zuen», dio barrez. Eta zalantza bat sortzen zaigu: zergatik ez zuten disko honetan “Bohemian Rhapsody” sartu? «Niretzat ‘Bohemian Rhapsody’ dagoen kantarik onena da. Queenek zuzenean kantatzen duenean –85eko Wembley-ko kontzertu ikonikoaz aritu da–, opera zatira iristean, ‘Galileo, Galileo!’ kantatzen duenean, trago bat hartzera joaten dira –grabazio bat sartzen zutela esan nahi du– eta gero berriz itzultzen dira. Jendeak ez du inoiz aipatzen, baina niretzat Queen diskoetan oso onak dira, baina zuzenean, arruntak. Guk beraien polifoniak lau ahotsetan egiten genituen zuzenean. Freddie Mercury kantari bezala zoragarria zen, eta polifonia eta harmonia menderatzen zituen erabat, baina gero zuzenekoan ez zuen islatzen».