Marian Azkarate
MUNDUARI BEGIRADA

Mediterraneoren mendekua

Ados, goiko titularra agian aski beldurgarria atera zaigu... baina, tamalez, esaldiak dioen bezala, «errealitateak batzuetan fikzioa gainditzen du». Zientzialariak azken urteotan alerta jotzen ari diren arren, badirudi agintariek eta enpresa handiek ez dietela jaramonik egiten; ondorioz, beroketa globalaren inguruko berriak gero eta kezkagarriagoak, are beldurgarriagoak, dira. 2030. urteko helmuga gerturatzen ari zaigun honetan –ordurako beroketa globala 1,5 gradura mugatu beharko genuke, ia ezinezko helburua dena gaur egungo datuak ikusita–, kaleratzen ari diren ikerketek ez dute baikortasunerako tarte handirik uzten. Argitaratu den azkena Mediterraneoren ingurukoa da eta “Nature communications” aldizkariak egin du.

Egoeraren larritasuna ulertzeko, kontuan izan behar da itsasoa dela klimaren motor nagusia. Askotan oharkabean igarotzen den arren, itsasoa guztiz erabakigarria suerta liteke gaur egun ezagutzen dugun bizitzaren jarraipenarentzat. Hain da konplexu eta zabala itsasoaren eginkizuna, ezen zientzialariak etengabe ari diren ñabardura guztiak aztertzen. Pentsa, beroketa globalaren eta berotegi efektuaren estolda-zulo bezala funtzionatzen du itsasoak, esponja bat izango balitz bezala. Baina lan horrek muga bat du, eta, itsasoaren orekak gainezka egitean, gure arbasoen lehengo jainko zaharren antzera, urek ere mendekua hartuko dute.

Urperatzeko arriskuan. Kieleko (Alemania) eta Southamptoneko (Britaina Handia) unibertsitateetako ikertzaileek aurreikusitakoaren arabera, Unescok gizateriaren ondare bezala izendatutako itsasbazterreko gune gehienak arrisku bizian daude itsasoaren mailaren igoeragatik. Lau agertoki finkatu dituzte, guztiak 2100. urtea helmuga hartuta, eta honako emaitzok atera dituzte: Mediterraneoko kostaldean kokatutako 49 gune historikoetatik 37 hurrengo ehun urteetan urperatuta geratzeko arriskuan daude, eta 42 dagoeneko arrisku bizian daude kostaldearen higaduragatik. Italian Venezia da, noski, arrisku handiena duen lekua, baita Ferrara herri errenazentista ere. Uraren azpian gera daitezkeen beste toki batzuk Libanoko Tiroren nekropolia, Tarragonako erromatar hondakinak eta Turkiako Efeso hiri zaharra dira.