amagoia mujika
IRITZIA

Robotak

Bi urteren buruan, Japonian adineko pertsonak zaintzen dituztenak robotak izango dira nagusiki. Horrela irakurri dut. Eta nire zaharrak robot batek zaintzea nahiko ote nukeen pentsatzen jarri naiz... Ez, ez nuke nahi, nahiz eta jakitun naizen zaintza antolatu beharrak gehienon egunerokoa hankaz gora jartzen duela.

Horretan ari naizela irakurri dut 2050. urterako langile sexual gehienak robotak izango direla. Bai, prostituzio-etxeetan ez omen dira pertsonak arituko, robotak baizik. Orain pertsonak aritzen dira, nahiz eta objektuak balira bezala tratatzen dituzten. Antzeko parezido. Dena omen abantaila; transmisio sexualeko gaixotasunen kontrola, edozein apeta sexual inor umiliatu gabe asetzeko modua, langile sexualen gutxitzea... Dena abantaila izango da, baina ni ez nau konbentzitzen. Eta kasu honetan, gehiago enpatizatzen dut robotekin bezeroekin baino. Ez etorkizuneko robotekin, gaur egun prostituzio-etxeetan robotak baliar bezala tratatuak diren emakumeekin baizik.

Prostituzioa, ikusten ez den eta ikusi nahi ez den hori, munduan negozio garrantzitsuenetarikoa da dirutan. Aldiz, sexu langileen lan baldintzak ezin penagarriagoak dira. Bai, sekulako diru kopuruak mugiarazten dituzte baina ez beren poltsikorako, beste norbaitek agintzen baitu beren gorputzen gainean. Eta orain, zer eta robotek konpetentzia egingo diete! Ez baitut sinisten robotek aseko dituztenik prostituziora jotzen duten gizonezkoen beharrak. Hezur-haragizko emakume bati objektu bat dela sentiaraztea beste gauza bat da, egiazkoagoa zalantzarik gabe. Okerrago dena, iruditzen zait robotekin egiten dituztenak exijituko dizkiotela gero emakumeari. Eta zapalkuntza areagotu besterik ez da egingo. Seguru dakit zein aterako den galtzaile, berriro.

Bai, badakit inuzente samarra naizela, okurritu zaidalako etorkizuneko robot-prostituta horiek diseinatzen inbertitu duten dirua eta denbora beste era batera gastatu zitekeela. Adibidez, umetatik sexualitatea modu askoz sanoagoan gozatzen eta bizitzen ikasteko hezkuntza baliabideetan. Denok ditugu behar sexualak, garrantzitsuak dira gainera, baina ez da kasualitatea normalean gizonezkoak izatea horiek asetzeko premian emakumeren bat zapaltzen dutenak. Emakumea beste era batera moldatu ohi da bere behar sexualekin... Ez, ez da kasualitatea.

Eta diruaren beste parte bat prostituzio-etxeetako langileen baldintzak hobetzera bidera zitekeen, nahi duena sexu langile izan dadin modu askean, seguruan eta duinean. Ez baitut uste prostituzio-etxeak desagertuko direnik, robotak etorri edo ez.

Salgai balego, enpatia ere eros genezake, kiloka, jendartea josten duen kola horixe baita.