David Juliá
GREZIAKO ERREFUXIATU-KANPAMENTU HANDIENEAN

Negua ate-joka Lesbosen

Europak Turkiarekin sinatutako akordioaz geroztik, hazi besterik ez da egin Moria kanpamentua. Komun bakarra 75 pertsonarentzako eta dutxa bakarra 85entzako. Espazio fisikorik gabe, garbitasun eta osasun egoera larriekin, babesik gabe daude 6.000 heldu eta 3.500 ume inguru Egeoko negu hotzaren aurrean.

Europan sartzeko ate nagusietako batean kokatuta dago Lesbos. 85.000 biztanlerekin eta Gipuzkoaren tamainako lurraldearekin, Greziako hirugarren uharte handiena da. Hiru kanpamentu daude bertan: Pikpa, 120 pertsona kaltebera bizi diren kanpamentua, espazio okupatu batean; KaraTepe, 1.200 pertsona (320 familia inguru) bizi diren udal kanpamentua; eta Hot Spot Moria, Gobernuaren menpeko kanpamentu militarra, Greziako errefuxiatu-kanpamenturik handiena. Azken hau espazio fisikorik gabe geratu da. 3.100 pertsonarentzako kanpamentu militarrean 9.000 pertsonatik gora bizi dira egoera jasanezinean, zifra ofizialek diotenez. Hormaz eta kontzertinaz inguratutako eremuaren barruan 6.000 pertsonatik gora bizi dira, hainbat espaziotan bananduta. Bakarrik dauden umeak, emakumeak eta gaixoak leku babestu batean bizi badira ere, sarritan urratzen da dagoen segurtasun urria. Pareta eta alanbre-hariz jositako eremuaren barruan, beste harresi eta kontzertina eremu bat dago, hots, 120 pertsona preso dauden espetxea. Bertan dagoen jende gehienak ez du deliturik egin; errefuxiatu egoera lortzeko %2ko aukera duten herrialdetakoek, asilo egoera lortzeko bi aldiz errefuxiatuak izan direnek eta deportazio arriskuan daudenek betetzen dute espetxea. Badira Maroko edo Aljeriatik Turkiara iritsi, hiru ordu uretan igaro, lehorrera iritsi eta zuzenean espetxeratuak izan direnak, 4 eta 5 hilabete pasa ondoren, uhartea inoiz zapaldu ez duten pertsonak.

Neguak ere eman zuen bere lehen abisua joan den hilabetean, “Zorba” zikloiarekin. Hiru egunetako haizete eta euri-jasek kalte handiak eragin zituzten; basa eta manta bustiak zeuden nonahi. Tenperaturak ere egunetik egunera jaisten doaz. Urtero elurrez zuritzen diren olibondo sailetan daude 3.500 pertsona inguru, Olive Groove izeneko maldan, Moriako kanpamentu ofizialaren ondoan. Behin olibondo saila zena plastiko eta Quechua kanpin dendek hartua dute egun.

Elikagaien falta baino gehiago. Mohammedek (Afganistan, 45 urte) hilabete eta erdi darama bere emazte eta alabarekin plastiko, soka, makila eta manta zatiekin egindako dendan. Zortea du, iritsi berrietako bat da. Morian badira 3 urte daramatzaten pertsonak. Maldaren goialdean aurkitu behar izan du lekutxo bat, baina duen materialarekin negua igarotzea oso gogorra izango da, zuntzezko manta pare batekin eta lo-zaku on bat gabe, hotzaren beldur dira familiako hiru kideak. Neguari aurre egiteko ere ez dute defentsarik, jasotzen duten janariak ez baitu bitamina nahikoa. Mohammedek batzuetan ez du familiarentzako janaria eskuratzerik lortzen. Hiru edo lau orduko ilarak egiten dituen arren, askotan bukatu egiten da bere txanda iristerako. Janaria lortzen duenean ere, sarritan ez da nahikoa edo egoera txarrean dago. Arroz plater bat ogi zati batekin, dilistak arrozarekin eta patata egosia dira normalean ematen dietena. Oilaskoa dagoenean, egoera txarrean edo erdi gordinik egon daitekeela dio, eta janaritan zizareak aurkitzea ere tokatu omen zaio behin baino gehiagotan.

Elikagai osasuntsurik ez izatea eta negurako babes falta ez dira 9.000 pertsona hauen arazo bakarrak. Komun bakarra dute 75 lagunentzako eta dutxa bat 85entzako. Moriako kanpamentuan 25 herrialdetako pertsonak bizi dira, bakoitza bere erlijio, politika eta munduaren ikuspuntuarekin. Historikoki liskartuta egon diren komunitateak ere elkarren ondoko dendatan bizi dira. Islamista ortodoxoak, kurdu ateoekin atez ate; afganiar taliban iheslariak, talibanengandik ihes egin duten familiengandik metro gutxira. Sarri gertatzen dira bortxaketak, ume, gizon eta emakumeen aurka, banaka eta taldeka, baita borroka bortitzak ere. Ramadan garaian izan zen borroka bortitz baten ondoren, 300 kurduk Pikpa kanpamentura ihes egin zuten; baraualdia ez egitea leporatzen zieten siriarrek.

Larrialdiari erantzutera bertaratu zen Zaporeak proiektua, 450 pertsonarentzako jatorduak prestatzera. Ramadan garaia bukatutakoan, ordea, egoera oso ahulean dauden familia eta pertsonentzako kanpamentua izanik, gogoz kontra Pikpa utzi behar izan zuten 300 pertsona horiek. Aldi berean, bertan behera geratu zen Zaporeak proiektuaren lana. Orduz geroztik borrokan dabiltza greziar burokraziarekin eta alokatu nahi dituzten lokalen jabeekin. Sukaldari, abokatu, ingeniari zibil eta Zaporeak-eko kideak dabiltza buru-belarri. Moria barruan sartzea da asmoa, barruan dauden babes esparruetan 800 bat otordu emateko, gosari eta bazkariak. Bakarrik bidaiatzen ari diren 0 eta 18 urte arteko 250 bat umerentzat, bakarrik dauden ia 300 emakumerentzat (horietako 25 haurdun) eta ume ugari dituzten familientzat, 300 pertsona ingururentzat. Horrez gain, ezkutuan jaten ematen duen beste proiektu independente batekin elkarlanean aritu eta 200 bazkari egingo dituzte.

Zaporeak, oztopoen aurka borrokatzen. Zaporeak proiektuak bertatik bertara ikusi du greziar burokraziaren eta Lesboseko biztanleen oztopoak handiak direla. Lehenengo lokala alokatu ahal izateko, diru gehiegi arriskatzen zutela ikusirik, atzera egin behar izan zuten. Bigarren lokal bat ikusi ondoren, jabeak ezezkoa eman zien hasiera batean, behin eta berriz deitu ondoren, dena legalki egingo zutela eta gobernuz kanpoko erakunde (GKE) izateko prozesuan zirela jakinarazita. Lokalaren prezioa igo eta baldintza zailagoak jarri zizkieten kontratuaz hitz egiten hasi zirenean. Dena prest zegoenean, azken momentuan, alokairuaren prezioa bikoiztu zieten, eta Zaporeak-ek egoera ekonomiko larrian izanik, ezezkoa eman behar izan zuen. Lokal berri bila dabiltza orain, hirugarren saialdian lortuko duten itxaropenez.

Zaporeak enbataren kontra ari da proiektua zabaldu nahian. Gobernuak Pikpa kanpamentua husteko eta ixteko agindua emana du, Accion Directa Sierra Norte erakundeak ere zailtasunak ditu jaten emateko, No Borders Kitchen taldeak ere oztopo ugari gainditu behar ditu berrehun pertsonarentzako jatordua prestatu eta ezkutuan eman ahal izateko. Erreskate taldeek ere zailtasun ugari dituzte; duela gutxi kondenatu zuten nazioarteko erreskate talde bat, eta hiru kidek atxilotuta jarraitzen dute giza trafikoan aritzea leporatuta. Jardunean dauden erreskate taldeek ontziak iristen direnean harrera beroa eskaintzen diete, mediku-arreta, mantak, ura eta arropa lehorrak ematen dizkiete, uretan, gauez eta tenperatura baxuetan, hiru ordu inguru igaro dituzten pertsonei. Kalkuluen arabera, bi milioi pertsona inguru daude Turkiako kostaldean Egeo itsasoa eta Evros ibaia zeharkatzeko une egokiaren zain.

Idoia Moreno, Mugarik Gabeko Medikuak (jatorrian, frantsesez, Médecins sans Frontières edo MSF) erakundeko langilea, honela mintzatu da: «Kongoko Errepublika Demokratikoan eta Afrika Erdiko Errepublikan izan naiz lanean azken bost urteetan, munduko lekurik bortitz eta pobreenetan. Hala ere, inoiz ez ditut bizi izan Morian ikusi dudan sufrimendu eta bizi baldintza inhumanoak. Maiz, jendeak ikusten duen irtenbide bakarra suizidioa da. Nik ez dut inoiz hau ikusi, inoiz ez dut horrelako muturreko jende pilaketarik eta horrelako erabateko itxaropen faltarik ikusi. Bizi istorio beldurgarrien gune izateaz gain, Moria Europar migrazio politiken porrot argia da».