JOKIN URAIN
IRITZIA

Masterrak

Apur bat apaldu da kontua, beste matraka batzuek hartu dietelako egunerokoa, baina denboraldia eman dute komunikabideetan, Kongresu espainolean, han eta hemen, espainiar politikari-agintarien ikasketa eta masterren kontuekin jira eta buelta. Politikari batzuk eraitsi ditu gorabehera horrek, ministroak tartean. Eraitsiaren lekuan jaikitzen da, ordea, beste bat, berdina ez bada antzekoa, okerragoa askotan eta gutxitan hobea edo taxuzkoa. Ustelkerian igeri –erraz egiten dute igeri–, beste aldagai bat baizik ez da izan ikasketa masterren kontua.

Ez dakit unibertsitateko masterrak eta titulu handiak edukitzea ezinbesteko baldintza ote den lehendakari, ministro, agintari edo inpresentable soila izateko, ala harrokeriaren, ez izan eta bai ustearen ondorioa edo hondakina besterik ez den.

Ikusgarria da, dena dela, nola defendatzen dituen jende horrek bere tituluak, masterrak edo direnak direlakoak, nola heltzen dioten beren altxorrari, inork ken ez diezaien eutsiz eta inguruari erasoz; fox terrier arrazakoaren ehizari heltzeko modua barregarri uzten dute. Master horiek, ikasketa batzuen meritua eta emaitza baino, euren arima dira inola ere eta, arima horren nolakoaren adierazgarri baldin badira, dena esana dago euren jarrerarekin.

Susmoa hartzen diot dena zaputza dela, itxurakeria alegia, eta lotsarik eza, espezie bereko beste guztiekiko erdeinua eta larderia. Masterdun dotore hauek eta euren salakoak dira dena arautzen dutenak, denontzat legeak egiten dituztenak, guztiok auzipean hartzeko prest daudenak eta denoi lezioak ematen dizkigutenak. Eta unibertsitate horiek dira prestakuntza ematen dietenak, masterrak eta behar diren tituluak eskuratzen dizkietenak denon aurrean besteak ez bezalako agertzeko.

Horiek guztiak urteetan aritu dira esaten euskal preso politikoek ikasi beharrik gabe eta iruzurrez azterketak gainditzen zituztela hemengo unibertsitatean. Eta kanpainak egin dituzte, kazetari eta politikari, agintari eta kalakari nola-halako, denek elkar hartuta, euskal presoei ikasketak egiteko bidea ixteko, eta azkenean lortu zuten ikasketa aukera hori ixtea.

Horiexek guztiek osatzen dute, Agurtzane, nik esan beharrik gabe dakizu, euskal preso politikooi EHUn ikasketak egiteko debekua ezartzen jarraitzen dizuetenen kasta.