GALDER PEREZ
IRITZIA

Erretina errea

Ez dakit zuek, baina ni beldur naiz. Azken bolada honetan akromatopsia orokorra dugula sentituz kolpe batez esnatzen naiz. Koloreak bereizi ezina sortzen duen gaitz genetikoa da akromatopsia. Erretinaren akats batek eragiten omen du. Akatsak normalean ez dira, elur zuria bezala, zerutik erortzen. Akatsak sortu, eragin eta antolatu egiten dira. Ondoren, ez zaie akats deituko, planak baizik, plan biribilak. Horrela, alderdi ultraberdea oliba berdeen lurraldeko agintera iritsi da. Nork eta telebista berdeak aspaldi lagunduta, eta besteak atzetik segika.

Ipuin koloretsua dirudien zuri-beltzezko kontakizun honek badu bere plana. Izan ere, gertatu da eta aurreikuspenik ilunena abiadura bizian betetzen ari da. Fitxa beltzak fitxa zuria jan du. Barkatu, fitxa gorria. Kontuz ibil gaitezen eta ez ditzagun kontzeptuak nahastu. Izan ere, pertsona beltzak maite ez dituen fitxa beltzaz ari gara. Hortaz, dena agerian gera dadin, jar diezaiogun sotana zuria fitxa beltzari. Eta baita txanoa ere; triangelu formako txanoa, begientzako zuloa baino ez duen bat. Kapirotedun fitxa zuri-beltzak prozesiotan birjina eta odol gorriko gizona beharrean, pantailak ondratuko ditu. Joko zikin honetarako eskuetako pantailen estrategia erabiliko du, pistolak izango balira bezala. Tiro beltza jo, eta pantailak burmuin zuriak berdez pintatuko ditu. Dena da berdea, orain. Mezularitza aplikazioa, berdea. Alderdia, berdea. Oliba, berdea. Telebista bera ere, berdea. Bitxia, bai, kolorearen aukera.

Tira, Trump bera ere inoiz gorbata arrosa jantzita ikusi izan dugu. Kromoterapiarekin hipnosia eragiteko estrategia izango da berdearen aukera ziurrenik. Berdea. Zer esango luke Lorcak berdearen aukeraz? Eta zer telebistaz, berdeaz eta beste guztiez? Ai, berde maite zaitut, berde! Berde margotu zuten pantailaren kutxa. Izan ere, telebista berdeak nahastu zituen politika eta entretenimendua deritzona. Atzetik besteek jarraitu zioten, baita «gure» deritzon horrek. Baina hitz egin dezagun garbi, entretenimendu esan beharrean, distrakzio esan beharko genuke, edo hipnosi. Aurrerakoi eta dibertigarri antzean, telebistan politika ikuskizun bihurtzen hasi zen. Komunikabideetan hasten dena geratzen zaila da, berriz. Gure etxekoak ere kutsatu ditu Politainment estrategiak. Gremlins-ak bezala biderkatzen baitira audientziak, dirua, botoak eta audientziak. Eta ez da nahigabeko akatsa, norbaitek fin margotutako plan borobil berdea baizik.

Ez dakit zuek, baina balkoira ateratzen naizenean, beldur naiz. Errepidean autobus laranjak baino ez ditut ikusten. Espaloietan uniforme urdin ilunez jantzitako gizonak zelatari sumatzen ditut. Eta karriketako bankuetan eserita, triste antzean, soineko more ilun edo beltzez jantzitako atsoak ikusten ditut soilik. Ez dakit zuei, baina ni erretina soziala nola erretzen doan ikusteak ikaratzen nau. Eta bitartean, malkoak garbitzeko, edo begiak estaltzeko, zapi zuria baino ez daukagu aldean. Zuria. Zuriegia.