GALDER PEREZ
IRITZIA

Arteak hil ala bizi

Inoiz gertatu behar zitzaion beldur zen. Eta gertatuta zen. Gertatu behar zen. Bera agertuko zen protagonista biluzi eta bakar. Oholtzara irteteko zain dago. Dena prest, antza. Teknikariak bere lana beteko du eta, ateratzeko itxoiten dagoenean, argia egingo du komediantearentzat. Gurutzatu behar duen oihalaren atzetik islatzen da, urduri. Esperoan egonen da, baina ezustean harrapatuko du argiak. Kanpoan egon beharko luke. Badoa dagokion markara, presaka. Gustukoa ez duen gurutze katolikoaren antza duen ikur horretara iritsiko da, berandu. Hiru segundo berandu.

Atzo gertatu zen. Komedianteak irribarrea galdu zuen atzo. Antzokiz antzoki ibili izan da jendearen barreak eragiten, ikuslearen alegria eta tristurak asmatzen eta eratzen. Zenbat irribarre, zenbat barre…

Baina komedianteak irribarrea galdu zuen atzo. Ispiluari begira zegoela alde bateko eta besteko begiek ez zioten elkarri irribarre egin atzo. Non dago begi horien arteko irribarrea? Eta non barrea? Plazarik plaza, zenbat irribarre eta zenbat barre… Hiru segundo berandu, irteteko prest, itxoiten egon ohi da komediantea bere bakardadean.

Tabernetan, berriz, hiru minutu, lau, bost, ziren itxaroten ematen zituenak. Biltegia zen bere kamerinoa. Zerbeza botila eta ardo kutxen artean jantzi behar zuen. Ispilurik ez eta tekila botila lagun duela makillatu beharra. Baina komediantea sekula ez zen egoten bakarrik. Jolasa eskaintzeko prest zegoenean tabernako hotsak, ahotsak eta beroak entzuten zituen biltegi barrutik.

Ez zegoen teknikorik, ezta oihalik ere. Fokuez zer esan. Baina beroa eta bera ikusi eta entzuteko jendea, bai. Baina irribarrea galdu du betiko komedianteak. Esan diote ez duela berriz tabernan emanaldirik egingo. Esan diote legeak agintzen duela, eta arauak arau direla.

Komediantea badoa bere maleta eskuetan. Aurpegirako margoak, jantziak eta bere esketxetarako erabiltzen duen aterkia gordetzen ditu. Elementu horiek osatzen dute bere sormenaren ezinbesteko mapa.

Gure herri, hiri eta auzoetan, berriz, ulertezina den arau batek sormen-leku eta erakustoki diren aretoak desagerrarazi nahi ditu gure gozamenetako mapetatik. Komedianteak ez du dekretuen gainean deus ulertzen. Zaintzaren gainean, ordea, bai. Babesa, jolasa, arnasa. Gure tabernetan jolasten eta arnasten dira kultur adierazpen gehienak. Tabernarik gabe itota ginateke. Arteak ireki ala arteak hil gabiltzala uste du komedianteak. Eta azken hatsa hartu du bere maletaz beste eginda, pentsatuz arauek babeserako behar luketela eta ez hiru segundoko itoaldirako lege. Ez da aterako berriz? Gertatu behar zena berriz gerta ez zedila pentsatuz, begiak itxi ditu eta argiak itzali dira.