14/04/2019

GALDER PEREZ
Plastikozko identitate zikina
Trafikoaren arriskuaz ohartzen badigute ere, drogazale moduan haiei atxikita bizi naiz. Libre izan nahi dugunaren plantak egin bitartean, plastikozko identitate zikinei tinko atxikita bizi gara.

Espainiarra naizela diote. Zenbait dokumentuk eta plastikozko txartelek diote hori. Plastikoa mutua zelakoan, bai zera. Zorroa lapurtu zidatenez gero, zigor hori berrestea tokatu zait, espainiarra naizela sinatzearen kondena. Tira, hasiera batean lapurretarena horrela zela uste nuen nik, behintzat; lapurtu zidatela alegia. Baina oker nengoela pentsatzea ederragoa izan zen gero. Sinetsi nahi nuen plastikozko dokumentu horiek nigandik ihes egin nahi zutela, «zu ez zara gurea» edo halako zerbait esaten zidatela Madrilera hegan bueltan zihoazela.

Nork ez du inoiz halakorik sentitu, bada. Bai bitxia, plastikozko dokumentu hauek sinbolikoki identitatea lapurtzen badigute ere, literalki ere betetzen dute haien errei-zeregina. Izan ere, gure etxean bertan, gure herritik irten ala sartu ahal izateko erabili ohi baititugu. Tarteka hemendik ihes egitea atsegin-behar dudanez, kondena txartel berria eskatzera joan behar izan nuen. Ze giro eskasa. Zelako kiratsa. Hain iluna dena. Sartzeko Espainiako poliziarekin berba egin beharra, ukitzen zaituzte, behatza laztandu… Erabat mizkintxo sentitzen naiz, nola ez. Halako tokietan gure herritar eta auzotarren argazkiak ikusten genituen hormetan orain droga trafikoaren arriskuaz ohartarazten duten kartel erraldoiak daude, giroa bezain ilunak eta nahasiak.

Ateratzea lortu nuen. Helburua bete gabe, zer eta beste polizia baten deia jaso nuelako. Herri txiki batean nire plastiko guztiak agertu omen ziren. Eraikinari buelta eman eta, hara, kondenatuak zigor berri bila. Urruneko tokietatik Europara etorri nahi izan dutenen ilara luzea. Europar ekialdeko batzuk ere tarteko. Denak espainiar izan nahian. Guretzat zigorra dena haientzat beharra. Plastiko zikin baten bila. Guk ilararik ez, baina haiek, berriz, ilara luzeak euripean eta aterperik gabe. Ez ditu inork laztanduko ziur.

Joan nintzen bada herri txiki horretara nire dokumentuen bila. Zorrorik ez. Gutun-azal batean plastikozko txartel guztiak. Eta argazki bat. Fotomaton batean lagunekin atzerrian ateratako argazki zahar bat. Ez nuen gogoan zorroan argazki hura gordeta nuenik. Bidaia horretara joateko, espainiar kondenatuak garela zioten dokumentuak erabili genituen, jakina.

Inozoa ni, gero. Dokumentuek nigandik ihes egin nahi zutela pentsatzea ere. Trafikoaren arriskuaz ohartzen badigute ere, drogazale moduan haiei atxikita bizi naiz. Libre izan nahi dugunaren plantak egin bitartean, plastikozko identitate zikinei tinko atxikita bizi gara. Libratzea gure esku dago. Ala dagoelakoan, ihes egiten uzten diogu; ez dokumentuei, ez, segundoero agortzen joaten zaigun denborari baizik. Eta ihes egiten uzten diogu denari plastikozko ongizate batean galtzeko behin eta berriz.