GALDER PEREZ
IRITZIA

Bozka poteoa

Poteoa ezinbesteko jarduera kolektiboa da. Ardo ona bezala, urteek aurrera egin ahala hobetzen doan ekimena. Jakinduriaz jabetzen joan ahala poteoak are eta gehiago asebetetzen gaitu. Inauteri modukoa da, kalerik kale eta, batez ere, tabernaz taberna ospatzen dugu. Eguerdiz, arratsaldez zein gauez gozatzeko aktibitate ludiko eta soziala. Beste batzuek, beharbada, nahiago dute leku bakar batean egon, eta edalontzian zegoena guztiz lurrundu arte bertan geratu, ipurdia mugitu gabe. Guk, ordea, ipurdia mugimenduan eta igurtzian nahi dugu, panderoa lez, lagun artean eta barratik barrara dantzari eta kantari.

Poteoa gure ikurretako bat da, beraz, zalantza barik. Europako toki askorekin ezberdintzen gaituen jarduera kultural-gastronomiko-politiko-soziala. Hain da kirol nazionala, poteo tematikoak ere asmatu zirela, izan bertso poteo, triki poteo zein txiste poteoak, adibidez. Hala ere, aitzakiarik ez da behar errondarako. Poteo guztiak baitira beharrezko bezain funtsezko. Gaurko igande honetan, ordea, bat gailentzen da. Izan ere, azken aste hauetan fantasia batean bizi garela dirudi eta gaurko egunean berriz ere, hilabete ondoren, bozkatzera joango gara! Ez bi, baizik eta hiru gutun azalekin, gainera, zeharo mozkor eginda izango bagina lez. Egun hau pozarren hartzen dugu lagunartean, zer eta bozka poteoa egiteko. Ez hipokrisiaz esan ohi den demokraziaren festaren kontua sinesten dugulako. Guretzat errituala baita egun hau: parrandarako zeremonia politikoa (ados, parranda guztiak dira politikoak, barkatu). Baina hauteskunde egunak zentzu ezberdina hartzen du. Guretzat, egun hau elizanteentzat edozein igande den bezalakoa da, agian. Haientzat mezara joatea da domeketako demokrata errituala: abadeek soilik edateko festa. Guretzat, bozka poteoan denok edan behar dugu, errukiz eta batez ere erruz, erruz edan eta abadeek baino berba gehiago egin, sermoikeriatan eta kantuan.

Holantxe bada, lagunak Bilboko auzo ezberdinetan bizi garenez, auzoz auzo eta eskolaz eskola bozka eman eta aldameneko tabernetan poteoa egiten dugu. Eliza guztien ondoan bezala, eskola guztien ondoan tabernaren bat baitago. Gure desio politikoen lekuko dira tabernak, horren galduta dagoen Bilbo inoiz berreskuratuko dugulako esperantzaren testigu. Lehen potearekin badakigu hau dena utopikoa dela. Baina Andoni peskateroak ekarritako rabak jan osteko potearekin, eta ondorengo beste guztiekin, denak hego luzeak hartuko ditu, eta dena izango da posible.

Duela hilabeteko bozka poteoan, espero ez genuen kontu pila ikusi genuen. Adibidez, gurean existitzen diren faxistak patxadaz eta eroso ikusi genituen eskoletan. Demokraziaren festa, aizu. Eta ikaratu baginen ere, iluntzean, zer ospatua izan genuen lurralde batzuetan, behintzat. Orduan, duela hilabete, Arabako Errioxako ardoarekin egin genuen poteoa. Gaurkoan, beraz, superstizioetan gehiegi sinetsi nahi ez badugu ere, badaezpada ere, bozka poteoa egingo dugun taberna guztietan nafar ardoa eskatu eta edango dugu. Zer ospatu izan nahi baitugu iluntzean. Baina batez ere, ondorengo lau urteetan.