JOKIN URAIN
IRITZIA

Errege Kopa

Errege Kopa jokatu zen Irungo Ficoban maiatzaren 19an, goizetik iluntzera arteko egitarauan. Eguraldi txakurra egin zuen egun horretan; uholdeak, lur jausiak eta gisako aztoramenak gertatu ziren inguruko herrietan. Egun osoa aterpean igarotzeko hobea, beraz, eta ekitaldiari mesede egingo zion dudarik gabe. Beste zenbait ospakizun, gertaera edo jardunaldiri adinako oihartzunik eman ez arren, ekitaldia ez zen nola-halako edozerkeria izan.

Lehiakidea ondo puntuatua izango bada, ilaje oso zaindua erakutsi behar du, izan ditzakeen akatsak ostentzeko apaindegi lan onarekin, azazkal txikiak eta hortz garbiak. Ez du erasokor azaldu behar lehiakideekin, gehiegizko makillajerik ere ez du izan behar, burua tente, pausajea lirain... Halako arau eta irizpideak darabiltzate epaileek irabazlea hautatzeko puntuazioan.

Seiehunetik gora lehiakidek hartu zuten parte aurtengo edizio honetan. Bada zerbait! Mundu bat da; ezkutuko mundu bat, dotorezia, bitxitasuna eta xarma osagai dituena ezbairik gabe. Baina badituzte beren ajeak halako ekitaldiek ere, eta salagarria den zerbait izan zuen Ficobakoak. Lehiaketan parte hartzen ez zutenek debekatua baitzuten erakusketa aretora sartzea. Jarrera diskriminatzailea eta klasista iruditzen zait, eta susmoa daukat seiehun lehiakideen ordez antolatzaileek hartu zutela erabaki hori. Gehiago esango nuke, inori ez zitzaion bururatu ere egingo lehiakideei debeku horri buruzko iritzirik galdetzea.

Zer demontregatik ez zaie sartzen utzi behar ikustera eta giroa animatzera bertaratu nahi luketen guztiei? Solemnitatea eta ordena ziurtatu nahi izan zutela debeku horrekin? Izan liteke. Baina beharrezkoa al da? Lehiakideen kontzentrazio beharrak eskatzen al zuen lehiakide ez zenari sartzen ez uztea?

Perutar batek irabazi eta eraman zuen azkenean Ficobako sariketatik Errege Kopa, merezita edo merezi gabe. Futbolean, saskibaloian, belaontzian eta ez dakit zenbat jardun-modu gehiagotan, kontatzeko baino gehiagotan agian, lehiatzen dira Errege Kopa, edo Erregina Kopa irabazteko. Mundu bat, alegia, Errege Koparen lehian, eta mundu horretan “Didi”, inkontziente halakoa!

Chihuahua ile luze bat da “Didi”, Ainhoa, ez dakit munduaren beste puntatik ala beste munduaren puntatik etorri eta Gipuzkoako Nazioarteko 40. Txakur Erakusketan Errege Kopa eraman duena.