07/07/2019

amagoia mujika
Alcasser kasua
Alcasser kasuaren harira, gure belaunaldikoei bekatu mortala bihurtu zitzaigun auto-stop egitea. Alegia, hatza erakutsiz bide bazterrean jartzera ausartuz gero, gertatzen zitzaizkizun ankerkeria guztiak merezita zenituen. Horixe zen mezua.

Memoriak zirrikitu bitxiak ditu. Ahaztua nuen arren, orain ikara biziz gogoratzen dut 18 urte nitueneko parranda gau bat. Etxera joateko auto-stop egitea pentsatu genuen. Hiru neskato ginen. Umore oso mikatza duen nire lagunak «Miriam, Toñi eta Desire ematen dugu» bota zuen arte. Justu auto bat geratu zitzaigun parean, nora gindoazen galdezka. Egoskortuta eta ikaratuta, ez nintzela igoko esan nuen. Txoferraren harridura aurpegia eta lagunen haserrea bakarrik gogoratzen ditut. Ez dakit nola iritsi nintzen etxera, baina iritsi nintzen.

Alcasser kasuaz ez nuen beste askorik gogoratzen. Buruan dudan errelatoaren arabera, auto-stop egiten ari ziren hiru neskato gogoz kontra atxiki, torturatu, bortxatu eta akabatu egin zituzten. Horregatik bihurtu zitzaigun gure belaunaldikoei bekatu mortala auto-stop egitea. Alegia, hatza erakutsiz bide bazterrean jartzera ausartuz gero, gertatzen zitzaizkizun ankerkeria guztiak merezita zenituen. Horixe zen mezua.

“El caso Alcasser” serie dokumentala ikusita, datu beldurgarri batekin konturatu naiz. Ez nuen buruan, baina bai gorputzean. Hiru neskatoen gorpuak topatu zituzten egun berean bete nituen nik hamalau urte. Pentsa. Eta konturatu naiz krimen matxista izugarri horren gainean eraikia izan naizela.

Ez dut gogoratzen gurasoen hitzaldi astunik, ez errietarik, ez beldurra sortzeko abisurik. Ez «kontuz ibili» edo «taldean ibili» errepikakorrik. Ez zuten behar izan. Orain konturatu naiz, Netflixeko seriea ikusita, telebistak egin zuela lan hori guztia. Beldurra, beldur ikaragarria, sartu zuen xiringaka emakumeon gorputzetan. Agindutako tokian eta agindutako moduan ez zegoen emakumea arriskuan zegoela eta arrisku horren jakitun zela errepikatu ziguten gogaitzeraino. Gure gorputzak babestea gure egitekoa zela sinistarazi ziguten; emakumeena eta beren amena. Izan ere, neska gazteen gainera ez ezik, haien amen gainera ere erori zen harritzarra, gorputzak harri bihurtzeraino.

Garai hartan bazen oso sonatua zen telebista saio bat, Nieves Herrerok gidatua. Eraildako neskatoen familiaren mina zuzenean eman zuten telebistan, minutuz minutu, malkoz malko, zorabioz zorabio. Dena. Minik pribatuena era publikoenean. Lotsagarri. Gau hartan Miriam, Toñi eta Desire abiatu ziren dantzalekura. Beti haiekin ibiltzen zen lagun mina etxean geratu zen, gaixo. Nieves Herrerok horrelaxe bota zion galdera bere lagunak gorpu topatu eta ordu gutxira: «Zenbatetan pentsatu duzu zu izan zintezkeela?». Herrerok ez zion neskato hari egin galdera, gu denoi baizik; beldurraren zamarekin haziak izan garen alabei eta amei, eta orduan alaba eta orain ama garenoi. Asmatuko ote dugu zama eranzten.