07/07/2019

GALDER PEREZ
Ehiza lumatze digitala
Aurreko asteetan euskal kultura edo euskalgintza den kaiola erraldoi honetan sartu nahi izan dute euskarazko Twitter komunitatearen parte bat, luma distiratsuenen zati hori. Zer eta, gure terapeutak bezala, arriskuaz ohartarazi nahian, txio batzuk direla eta, herri bat arriskuan balego lez.

Ehizarako lurralde urdin paregabea da hau: ongi etorri! Oraindik bertan erailketa gutxi gertatzen bada ere, kaiola erraldoi honetako jolas nagusia da edonor burutik oinetaraino lumatzea. Nork luma ederragoa izan ere bada lehiaren parte. Idazteko luma omen da, bai, baina gehiago dirudi fokuen argitasunik gabeko nabarmentze birtuala, vedette baten antzera. Edonor izan daiteke protagonista. Eta lumarik erakutsi nahi ez duenak, mokoa erakusten du. Mihitik joatea ohiko jarduera denez gero, askori ezpainak lotzea kostatzen zaie eta barruko dena zakarki eta filtratu gabe botatzen dute. Kontrolaezina omen da esku arteko botere digital hau.

Urdin argi koloreko oilartegi honetan denek izan behar dute protagonista. Agertokira atera gabe, etxeko txokoan ezkutuan, txio-txaloak jasotzeko prest guzti-guztiak. Txaloak baino, aiztokadek balio dute gehien, emandakoek zein jasotakoek. Izan ere, hemen denak garaile, biktima eta epaile. Gainera, gero Donald Trump edo Santiago Abascalekin partekatu ditzakezu zure bipildutako biktima guztien haria. Hori gutxi ez eta, hildako jende inportantearekin zure lorpenak komentatzeko aukera duzu. Bertan baitaude Mahatma Gandhi, Sabino Arana, Hugo Chavez eta Frida Kahlo.

Twitterrekin hasi ginenean izugarri harritzen gintuen eta sekulako barregura ematen zigun txioen kontuak eta, bereziki, bertxioen aferak. Nork nor bertxiotu. Nik neure burua. Nik neure espezie bereko txoriak. Besteei hobe hegoak ebaki izan banizkio. Gure terapeutak behin eta berriz ohartarazi digu halako sareen arriskuaz. Birtualak direla pentsatzen baitugu. Baina, gerora, ez dira. Benetan sartzen dira edo, hobeto esanda, sartzen uzten diegu, geure eguneroko eta, ustez, benetako bizitzan. Aurreko asteetan euskal kultura edo euskalgintza den kaiola erraldoi honetan sartu nahi izan dute euskarazko Twitter komunitatearen parte bat, luma distiratsuenen zati hori. Zer eta, gure terapeutak bezala, arriskuaz ohartarazi nahian, txio batzuk direla eta, herri bat arriskuan balego lez.

Hausnartzeko, partekatzeko, barre egiteko, ezagutzeko, kuxkuxeatzeko eta abar luze baterako beharko lukeen tresna hegoak mozteko labana bihurtu da. (Ez dut berriro soberan dagoen H letrarekin jolastuko, bestela ni neu ere kaiolaren amarruan eroriko bainaiz). Eta ez naiz berriz ere jendea limurtzeaz ari, ez. Aurretik aipatu bezala, hori bertako ehiza afizio potoloetako bat baita. Norberak bere hegoak mozteaz ari naiz, suizidio digitalaz. Batzuek dimisio deitu diote, umorez. Egia esan, berdin zait nola deitu. Eta hainbeste axola al du nor joan, nor etorri, gero haizea dabilen kaleetan eta kea darien tabernetan inor ez badabil? Kezkagarria da benetan jaten dugun edo jateko ematen diguten alpistea. Alpistea albiste bilakatu dugu. Albistea despiste bilakatu dugu. Txoriek, kaiolan daudenean, iparra galtzen dute beti. Alpistea gozo-gozoena bilakatzen da. Ongi etorri, ondo joan eta, batez ere, on egin!