14/07/2019

JOKIN URAIN
Pelikulak
Hondartza itxita nahikoa ez balitz, itsasoa barraraino hustea proposatu diezaioke alkateak Woody Allenen desio eta beharrei aurrea hartuz, pelikulan plano onak lortze aldera eta Donostiari proiekzio unibertsala ematearen mesedetan.

Ekainaren azken asteko egun hauetarako bero itzelak iragarriak zituzten eta ez dute huts egin. Lehor eta bero. Eta jendeak hondartzara jo du. Ura nahi du jendetzak, itsasoa, freskura apurren bat, baina eguzkia ere bai, eta eguzkitan itzalpeak izateko estalkiak ipini behar dira, edo paseatu, jende artean zirkin eginez, oinak bustitzen saiatuz, kexatuz eta ernegatuz, baina hementxe behar, honaxe etorri behar, eta ahal dena egin itomen honetan ez urtzeko.

Munduko lekurik ederrena Donostia hau dela batek baino gehiagok esango dizu, eta ez daukat interesik iritzi horri kontra egiteko. Osasun onarentzat garrantzitsua dela ematen du pozezko eguratsean bizitzea, eta ez nioke inori kendu nahi Donostia munduko eta unibertso osoko hiri guztietan ederrena dela uste izatearen pozik, inorena kentzeak ere ez duelako beti norberarena handitzen.

Woody Allenek ere edertzat du, dirudienez, Gipuzkoako hiriburua, eta pelikularen bat filmatu nahi du bertan, sekulako eta betirako gera dadin grabatua. Uztailaren hamarrean hastekoa ei da. Ez daukat inolako zalantzarik pelikula hori grabatzeak konponduko dituela, behingoz, Donostiak eta donostiarrek dituzten edo imajinatzen dituzten arazo guztiak, eta mundu zoriontsu batean bizitzeko moduan izango direla aurrerantzean hiriburu horretan.

Goia alkate jauna ere pozik dabil; zinemagile iparramerikarrari lana errazteko behar dena egiteko prest dagoela esan du, merezi duelako, baita hondartza itxi behar bada ere. Hondartza itxita nahikoa ez balitz, itsasoa barraraino hustea proposatu diezaioke alkateak Woody Allenen desio eta beharrei aurrea hartuz, pelikulan plano onak lortze aldera eta Donostiari proiekzio unibertsala ematearen mesedetan.

Egia da Kontxatik itsas barrarainoko ur hori guztia kentzea lan handia litzatekeela, denboran iraupen luzekoa ere izan liteke. Baina hoditeria lodiak ezarriz eraman dezakete ur hori hustu berri duten Artikutzara esate baterako... Ingurumenean kalte gutxiago eragingo luke hondartzan bertan zuloa egin eta itsasoa hantxe husteak. Ez legoke zulo handia egin beharrik hondarretan; txikia izan arren, botatzen zaion guztia irentsiko du.

Zuzendari iparramerikar baten pelikulan agertzen den hiriburuak beste kategoria bat baitu, Sergio, eta zertarako hautatu behar ditugu alkateak, Woody Alleni lana errazteko ez bada!