GALDER PEREZ
IRITZIA

Gaur entsaio!

Asteak pasatu badira ere, Berri Txarrak eta Lagunak kontzertua bihotzean dantza goxo batean daukagu oraindik. Kobetamendin jazotakoa memoria bizia da, eszenatoki erraldoi horretatik pasatutako artista handien aktu-akzio denek, hirukote rockeroarekin batera, lortu eta sortu zituzten uneak ahaztezinak. Emanaldi historikoa izan zen, zalantzarik gabe. Esan ziguten, gainera, egun osoko euskal kulturaren festa erraldoia izango zela eta horrela bizi izan genuen. Oso gauza potoloekin gertatzen den bezala, denborak esango digu egun hura nola geratuko zaigun memorian gordeta. Egun bezala geratuko baita, ez kontzertu bezala soilik; «egun hura» esango dugulakoan nago. Gorka Urbizuk normalean ez du kontzertuetan gehiegi hitz egiten. Uztaileko egun horretan, berriz, ezinbestekoak ziren aurkezpenak eta esker onak. Bestelako hitzak ere izan zituen. Bolo-bolo ibili dira, meme eta guzti, kontzertua itxi zuen “Katedral bat” kantua aurkezteko berbak. Sekulako irribarrea aurpegian marraztu zuelarik, horrelako zerbait esan zuen: «Ez dakit dudatan zaudeten talde bat egin edo ez, nobela bat idatzi ala ez, dantza talde bat sortu, ala ez. Entzule aktiboak behar ditu gure hizkuntzak. Bihar entsaio! Bihar entsaio! Bai ala ez? Eutsi! Gora gu ta gitarrak!». Nobela bat idaztea ez da gauza erraza, ondo egitea behintzat ez, kontatu didatenagatik diot. Dantzan egiteak sekulako lana eskatzen du, daitort. Baina ez gara ondo ala gaizki egiteaz ari, zalantzarik gabe sormenean gutxien laguntzen dutenak alfergura eta beldurrak baitira. Ilusioa eta gogoa, ordea, ezinbestekoak, Urbizuk goxo kutsatu bezala.

Gorputza astintzen ibiltzea bezala omen da pinturekin probak egitea, burmuin eta bihotzean sortutako lerroak paperean idaztea halantxe edo gitarrarekin odola atera arte kantua sortzea berdin. Hauek guztiek sormenetik dute, bakarkako sormena kasu askotan, Gorkak berak ezagutuko duen sortzailea bere bakardadearen hori. Baina entsaioaz aritu zen, «bihar entsaio!», errepikatu zuen. Entsaioak, askotan, kolektiboak izaten dira. Bikote edo talde baten irudimena bildu eta bider mila biderkatzen da zirrara, lorpenak eta hanka sartzeak. Emango ditu bere emaitzak, ala ez. Handik aterako da jendeak ikusi edo entzuteko emanaldi txikia, handia, erraldoia, ala ezer ez. Baina gertatuko da entsaioa. Kultura, artea eta sorkuntza oro har ekimen kolektibo bezala bizitzea eta ulertzea, gozagarriagoa izateaz gain, emankorragoa da. Transmisioa errazten du, libertimendua ahalbidetzen du eta eten behar ez den haria luzatzen du.

Igandea bada ere, egun hura bezala, gaur entsaioa daukagu. Ez dugu jaiegunik, ezta udan ere. Edo, hobeto esanda, jaiegunak baliatu behar ditugu gehienok, kultur sormena aurrera atera ahal izateko. Batzuek jaiegunak baliatuko dituzte antzezlanak entsaiatzeko, besteek gauez lan egin ostean sortuko dituzte koreografiak, kobratu gabeko eszedentzia hartuko du inork nobela bukatzeko eta askok udako oporrak aprobetxatuz kanta berriak grabatuko dituzte. Horrelakoak dira gure kultur sormenaren denborak. Librea baino, denbora librean egindakoa. Profesionala baina berezko denborarik gabekoa. Aisialdi denboran sortzera kondenatua hainbeste sortzailerentzat, gehienontzat, entsaioak eta sormena. Eta hala ere, ajeak aje, eta bestondoak bestondo, gaur udako igandean lokartuta esnatu garenean irribarrea marraztu zaigu aurpegian izaren artean zera pentsatu dugunean: «gaur entsaio!»