Maria Mendizabal
«big data»-ren negozioa

Musika jaialdiak, datu sortzaile

Azken urteetan teknologia baliabide ugari sortu dira musika jaialdiei lotuta, besteak beste, eskumuturrekoen bidezko ordainketa. Parte-hartzaileei erraztasunak eskaintzen dizkiete, noski, eta antolatzaileei, berriz, gure gizartean gero eta balio handiagoa duen gaia: datuak. Izan ere, jaialdiaren eremuaren baitan egiten dugun mugimendu guzti-guztiak jasotzen dira, eta joera eta kontsumo ohituren inguruko erregistro bilakatu.

Uda iritsi eta askorentzat urteko sasoirik ederrena dator: musika jaialdien aroa. Eskaintza handia da, bai etxean eta bai Euskal Herriko mugetatik harago. Orotariko aukerak daude: rock musikari lotutakoak, musika elektronikoa ardatz dutenak, ekonomikoak, milaka eta milaka pertsona batzen dituztenak ala txikiagoak... era honetako ekitaldiak maite dituztenek egutegiko orrietan biziko lituzketen guztiei tartea egiteko dute arazorik handiena.

Jaialdi hauen muinean musikak jarraituagatik, asko aldatu da azken urteetan hauen itxura, batik bat, erabiltzaileek eskura dituzten baliabideek eskainitako erraztasunengatik. Urruti geratu da jaialdiaren eremutik atera nahi zutenei zigilua jartzen zieten sasoi hura. Gaur egun, gainera, aplikazio ugari daude, besteak beste, eskaintza zabalaren artean nork bere gustuko emanaldiak topatzeko edota jende artean galdu eta lagunak bilatzeko. Baina azken urteetako berritasunik handiena, agian, identifikazio eta ordainketa sistemei lotutakoa da. Eskumuturrekoarekin jada jendearen sartu-irtenak kontrolatu ditzakete; baina, horrez gain, jaialdiaren eremuan bertan, esaterako, ezer edan nahi badugu, hari esker eskudirurik gabe ordaindu dezakegu, aukera baitago eskumuturrekoa kontu korronte bati lotzeko. Cashless payment edota eskumuturreko bidezko ordainketak, irrati-frekuentzia bidezko identifikazioan (RFID) oinarrituak, abantaila ugari dakartza, batik bat, antolatzaileentzako; izan ere, arlo honetan egindako ikerketek nabarmendu dute jaialdiaren eremuaren barruan egindako kontsumoa %15 ere handitu daitekeela, besteak beste, erabiltzaileek itxaron behar dituzten ilarak laburragoak direlako.

Baina kontsumo arloan onurak eskaintzeaz gainera, musika jaialdien antolatzaileek baliagarriagoak diren etekinak ere lor ditzakete: datuak. Hala, Kataluniako Unibertsitate Irekiko (UOC) Xavier Vilajosana irakasleak azaldu duen moduan, identifikazio pultserari esker, erabiltzailearen kontsumoari, mugimendu joerei edota gustuei buruzko datuak lor ditzakete. «Sistema egokiak erabiliz gero, RFID sisteman oinarritutako eskumuturrekoak erabiltzailea identifikatu dezake leku zehatz batetik igarotzen den aldiro», jarri du adibidea. Zeregin horretan, gainera, wifiak edota musikazaleen eskura jartzen diren bestelako aplikazio batzuek ere lagun dezakete.

Baina kokapenaz harago, kontsumoari dagokionez ere garrantzitsuak eta, batez ere, antolatzaileen interesekoak diren datuak lor daitezke eskumuturrekoei esker. Orain bi urte jaialdietarako baliabide teknologikoetan espezializatua dagoen Idafest enpresak txosten bat egin zuen Estatu espainoleko gisa honetako ekimenetan egiten den edari kontsumoari buruzko datuekin. Ikerketa egiteko, enpresak berak aitortu zuenez, antolatzaileek eskainitako “big data” baliatu zuten. Hala, txostenak zioen, batez beste, 23,89 euro gastatzen dituela jaialdietara bertaratzen den pertsona batek, baina zehazten zuen, zenbatekoa handiago dela rock musika jaialdietan eta murritzagoa, berriz, musika elektronikoaren inguruan egiten direnetan. Pultsera bidezko ordainketei esker, ordea, beste makina bat datu ere lortu zituzten: gizonek emakumeek baino gehiago kontsumitzen dutela; garagardoa dela musika jaialdietan gehien kontsumitzen den edaria, nahiz eta musika elektronikoko jaialdietan ohikoagoa den kopak hartzea eta gustuko edarien artean, gina dela kontsumituena, ronaren eta whiskiaren aurretik.

Ikerketaren egileek aditzera eman dutenez, datu hauek erabilgarriak dira jaialdiaren antolatzaileentzat, esaterako, datorren urteari begira edari eskaerak egiteko; baina, izan dezaketen balioa ikusita, beren erabilera horra mugatzen da? Vilajosanaren esanetan, «une askotan eskaintzen dizkio erabiltzaileak datuak antolakuntzari, baliabide digitalak erabiltzen diren beste kasu askotan bezala». Kontua da, horiekin, zenbait jaialdi hasi direla eskaintza pertsonalizatuagoak egiten edota babesleei ikusgarritasun handiago emango dieten proposamenak egiten.

Herritarren ahalduntzea. Jakina da datuen erabilpenerako behar-beharrezkoa dela baimena lortzea, baina sarri erabiltzaileek ez dugu behar adinako ardurarik izaten. «Digitalizazioarekin gero eta gehiago erakusten dugu gure informazioa, eta ez gara jabetzen eta ez dugu zorrotz jarduten zerbitzu bat kontsumitzen dugunean onartzen ditugun baldintzek babes gaitzaten eskatzeko». Katedratiko honen esanetan, gizarte mailan ez dago eztabaida handirik inora joandakoan edota zerbitzu bat kontsumitzerakoan gure datuak eman gabe egin dezagun erabakitzeko. Eta garrantzitsua da, izan ere, datozen urteetan, bere esanetan, herritarrek teknologia digitala kontrolatzen duten horien aurrean boterea hartu behar dute. Zenbaiten ustez, gure garaiko arazo politiko, legal eta filosofiko handiena da, hain zuzen ere, datuen jabetza arautzea. Hala dio, esaterako, Yuval Noha Hararik “Sapiens. Gizadiaren historia labur bat” (Elkar, 2019) edota “Homo Deus, breve historia del mañana” (Debate, 2016) liburuen egileak. David Brooks kazetaria ere “dataismo” gisa bataiatu duen «datuen erlijioaz» mintzatu da, bere esanetan, garaiko filosofia garrantzitsuena baita.

Autore batzuek aipatu dutenez, erabakiak hartzeko unean pertsonen arrazionaltasunik eza murrizteko balio dezakete datuek; oraingoz, ordea, negozio usaina nabarmen handiagoa da.