08/09/2019

Alaia Martin
Hakatsak
Akatsak era objektiboan zerrenda ditzakeen agiri eztabaidaezinik ez dago eta konpongarritasun maila aztertzeko hiruko erregelarik ere ez, baina har genezake, tarteka, geure pentsamenduak, jarrerak eta hitzak birpentsatzeko tarte txiki bat.

Pentsatzen dut zuetariko baten batek, noizbait, nonbait, agian, sartuko zuela hanka. Kalkula nezake akatsen bat egin izanaren sentipena izango duzuela zuen baitako errepideetako bihurguneren batean. Pentsatzen dut noizbait jo duzuela bazterra edo karraskatu duzuela alboko autoaren atea, pixka bat, eta ohartxorik utzi gabe joan. Pentsatzen dut esan duzuela ezetz, ezetz, ezetz eta ezetz eta elkarrizketaren erdian inoiz jabetu zaretela baietz, baina ezetz esaten segi duzuela.

Gehienok egon gara oker noizbait. Gehienok esan edo egin izan dugu orain esan edo egingo ez genukeen zerbait. Gehienok hartu dugu edo salatu dugu noizbait astakeriatzat gerora egin dugun zerbait. Hau irakurtzen ari izateak frogatzen du akats hauengatik ez dizutela oxigeno kontsumoa debekatu edo loa iraunkorki galarazi.

Akatsak era objektiboan zerrenda ditzakeen agiri eztabaidaezinik ez dago eta konpongarritasun maila aztertzeko hiruko erregelarik ere ez, baina har genezake, tarteka, geure pentsamenduak, jarrerak eta hitzak birpentsatzeko tarte txiki bat.

Tarte txiki bat, astean behin, adibidez, geure egunean zeharreko unerik onena aukeratzeko eta onena zergatik izan ote den konturatzeko, eta ontasun horren osagaiak maizago erabiltzen saiatzeko. Har genezake, era berean, tarte bat, hilean behin, geure unerik, jarrerarik edo hitzik desegokienak birgogoratzeko eta haien kaxkartasunaren osagaiak armairuan atzerago gordetzeko edo osagai horien sustraiak ebakitzen saiatzeko. Besterik gabe, esan eta egin nahi dugunaren antza handiagoa izaten saiatzeko; saiatzeko, behintzat.

Guztiok – pertsonok geure kasa, harremanetan, alderdi politikoetan – egiten ditugu akatsak eta umil eta erne samar bagabiltza, baita haietatik ikasi ere. Ikasi egiten dugu eta datozen ekintza, pentsamendu, harreman, aldarri zein ildo estrategikotan baliatzen, islatzen eta amortizatzen ditugu akats hauek.

Kontua da normalean aurrerantz ikasten dugula, aurrerako; puskatzen ditugula aurreiritzi itxiak, jokaera patroiak, jarrera suntsitzaileak, joera toxikoak, eskemak eta amaraunak, baina nekez puskatzen eta deseraikitzen ditugula iraganean. Baliteke esaldi hori xelebre samar geratu izana, baina gaur igandea da…

Egun hartan, erabaki hartan, esaldi hartan nahastu izana onartzeko prest geundekeen arren, askotan mezu horren hartzaile litzatekeenarekin ez dugu (jada) aski konfiantza, aski umiltasun edo besterik gabe ez zaigu aski garrantzitsua iruditzen iraganeko zauri edo zimur hori berriz zabaltzeko. Baina batzuetan halako keinu txiki –edo handi– batek uste baino eragin handiagoa izan lezake geure edo norbaiten bizitzan.

Xelebre samar azaldu dut agian guztia eta irail hasierako igande bat igandeegia da halakoetarako. Baina funtsean…izan al zara inoiz bereziki lehorra eta ez-enpatikoa gasolindegiko langilearekin? Eta esan al diozu inoiz, hurrengo erregai betetzean, aurreko hartan lehor samarra izan zinela eta sentitzen duzula? Edo harekin lehorra izaten jarraitu duzu hark lehorra zarela erabakita izango duelakoan? Ez al liguke hanka sartzeko eskubidea askatasun handiagoz erabiltzen lagunduko besteek beren akatsak onartzeak? Eta alderdi batek beste alderdi bati arrazoi emango balio balio, erretroaktiboki? Igandeegi nabil agian.