01/12/2019

Reportaje
durangoko KAFE antzokia
Plateruena, hamabost urte kulturari arnasa ematen

Euskal kultura duindu eta gure sortzaileek beste artisten pare aritu behar zutela sinetsita sortu zen, orain hamabost urte, Plateruena kafe antzokia. Hasiera-hasieratik kultura eta euskararekiko begiruneak ardaztu du proiektua, kultur zirkuituan erreferentzial bilakatzeraino. Gutxi izango dira Plateruenako oholtza zapaldu ez duten sortzaileak, gutxi aretoarekiko mira sentitu ez duten erabiltzaileak. Eraldaketa prozesu betean, Durangoko kafe antzokiaren erraietara jo dugu.

Amalur Artola
088_plater

Berbaro. Berbaren aroa, hizkuntzarena, euskararena. Izen horri lotuta jaio zen 1989an Durangoko euskara elkartea, zetozenak euskararen urteak izango zirela sinetsita eta bide horretan beraien alea jartzeko asmoz. Eta hala egin zuten. Berbaro taberna sortu zuten lehenik, euskarak akademiatik kalerako, jendarterako, jauzia egin behar zuen ustearekin, euskara aisialdi-hizkuntza ere badela erakusteko irrikaz. Kafe eta garagardoak zerbitzatu zituzten, euskaraz, eta hizkuntza horretan zebilen kultur munduarentzat erakusleiho bilakatu zen Berbaro taberna: kontzertuak antolatu zituzten, baita antzerki eta solasaldiak ere, erakusketak, ipuin kontalariak... Euskal kultur munduarentzat erreferentzial bilakatuak ziren. «Bilbon Kafe Antzokia zabaldu zutenean hasi ginen pentsatzen guk ere hasieratik antzoki bat ireki behar genuela; horrek limurtu gintuen», kontatu digu Beñat Gaztelurrutiak. Berbaroko kide, Durangoko Plateruena Kafe Antzokiaren sorkuntzan buru-belarri aritua da Gaztelurrutia, eta lehen hamar urteetan bere gain egon zen espazioaren gidaritza. Plateruenan bertan hartu gaituzte berak eta Intza Orbegozok, azken hiru urteetan Plateruenako kultur programazioaren ardura duen bergararrak. 

Ilusioz mintzatzen dira Plateruenaz, aukeraz betetako mundu bat ikusten dute, askok eraikin bat ikusten duten lekuan. Baina arduraz mintzatu zaizkigu. Garaiak aldatu diren bezala, Plateruenak ere eraldatu beharra du, egokitu, kontsumo ohitura berriei erantzun bat eman eta kultur ereduaren bideragarritasuna aztertu. Arnasberritu. Eta horretan dabiltza. 

Begitartea ilundu zaie. Denboran atzera egitea erabaki dugu, proiektuaren hastapenetara jotzea, Plateruena hutsetik altxatzeko egin zen lana eta proiektuaren funtsa gogora ekartzea. Gaztelurrutiak hartu du hitza: «Intuizioz hasi zen hau guztia. Guk topagune bat behar genuen, finantza modu bat ere bai, noski, gure baliabideak behar genituelako ikuskizunak antolatzeko, komunitatea trinkotzeko, euskaldunak batzeko; guk kultura horrela ulertzen genuen, euskal kultura batzeko eta trinkotzeko modu gisa. Zergatik kafe antzoki bat? Askoz baliabide gehiagorekin lan egiteko aukera ematen zigulako». 

Adreiluaren urteak ziren. Eraikitzaileek han-hemen hormigoizko erraldoiak altxatzen zituzten, bankuek hipoteka pozoituak oparitzen zituzten eta herritarrek amua irensten zuten. 2002a zen. Landako Gunea eraikitzeko lehiaketa publikoa ireki zen eta hari jan-edana emango zion ostalaritza gune bat zegoen aurreikusia proiektuan. Ez zuten birritan pentsatu. «Sasoi hura izan zen... izan zena. Baliabide ekonomikoak zeuden, dena zen bideragarria, eta guk uste genuen gure kultura duindu egin behar genuela, gure kulturgileak prestigiatu egin behar genituela, eskaini behar geniela eszenatoki handi bat, munduko beste artistek joko zuten leku berean aktuatu behar zutela, parean jarriko genituela, eta munduko artistak ekarriko genituela baina euskaratik begiratuko geniela. Amets horiekin genbiltzan. Eta uste dut lortu genuela», baloratu du Gaztelurrutiak. 

Lorpena, baina, ez zen debalde etorri. «Guri adarra jotzen ziguten hau zabaldu genuenean, diru gabe zabaldu genuela esaten ziguten, eta egia da», aipatu du. Proiektua gauzatzeko jende askoren izerdia eta ahalegin ekonomiko handia behar izan zituzten. 

Milioi eta erdi euro behar zituzten. Berbaro tabernaren salmentarekin lortu zuten herena, eta erakunde publikoen babesik eza egiaztatu ostean –«Udaletik zero jaso genuen; Jaurlaritzak laguntza txikitxo bat soilik eman zigun», gogoratu du Gaztelurrutiak–, kooperatiba bat sortu eta herritarren eta elkarteen babesarekin beste milioi erdi biltzea lortu zuten. Azken milioi erdia lortzeko zorpetu egin behar izan zuten.

«Gaur egun nik ez nuke hori egingo», aitortu du gero. Zorrari buelta ematearen itolarria eta eman izanaren lasaitasuna, biak batu zaizkio aurpegieran: «Baina gazteak ginen, dena posible ikusten genuen eta egin egin genuen». Gaztetasunaren indarrak –eta baikortasunerako joerak– lortu zuten ametsa egia bilakatzea eta proiektuak Plateruena izena hartu zuen, Durangoko Plateruen omenez. 

Herriarena, herriarentzat. Berbarok sustatuta, herritarren izerdiarekin zutitutako eraikina da Plateruena. Hitzez hitz. Beñat Gaztelurrutiak gogoan ditu, esaterako, inaugurazio eguneko trantzeak; «[Hertzainak-eko] Josu Zabala soinu probak egitera etorri zenean grua bat topatu zuen parez pare, hormak margotzen ari ziren. ‘Hemen zerbait soberan dago, ezta?’, galdegin zuen», oroitu du barrez. Gaztelurrutiari berari irekiera ekitaldian hitz batzuk esatea egokitu zitzaion eta gogoan du hitzaldia prestatu egin behar izan ziotela, «ni obrekin nenbilelako buru-belarri, roskatik pasata nengoen».

Baina ahaleginak merezi izan zuen. Kulturgile ugari bildu ziren Plateruenaren inaugurazioan, Igor Elortzaren gidoiarekin ikuskizun berezi bat prestatu zuten propio irekierarako. «Mundiala izan zen, mila lagun inguru izango ginen, kulturgile asko, jai handi bat izan zen... gogoan dut barra librea izan genuela gau horretan eta hamalau barrika garagardo edan ziren», egin du barre.

Hala, laino artean joan zitzaizkien lehen urteak. Mozkorraldi gozoan. «Nik uste dut Plateruenako lehen urteetan ez geniola neurria hartu honi, berak hartu zigun guri». Lehen bi urteetan, asteazken zein igande, ia egunero hartu zuen ekitaldirik Plateruenak, ez bazen kontzertua antzerkia, bertsoa, kantua, dantza, poesia, kontalaritza... Urte batzuk behar izan zituzten perspektiba hartu eta esku artean zutenari neurria hartzeko. Intuizioz egindakoa argudioz hornitzeko. EHUko Parte Hartuz graduondoko ikasleen laguntzaz hausnarketa prozesu bat bideratu zuten, non herritarrek ere Plateruena zer izango zen ebatziko zuten, eta horrek aro berria ireki zuen. 

Plateruena espazio sozial izatera pasatu zen. «Herritarrek hau erabilgarri nahi zuten, eta hala daukate. Hona jo besterik ez dute edozer antolatzeko», azaldu du Gaztelurrutiak. Egun, bi adar ditu Plateruenako eskaintzak: herri mugimenduek antolatzen dituzten ekimenak, batetik –horietako zenbait pribatuak– eta kafe antzokiko kultur programazioa, bestetik, azken hiru urteetan Intzaren koordinaziopean garatu dena: «Ni hona heldu nintzenean boom garai haiek paseak ziren. Banekien ze Plateruena motara nentorren; ez nekiena zen ze Durangotara nentorren».

Buruarekin baietz egin du Gaztelurrutiak. Intza Orbegozoren iritziz, Durangoko Azokan herria euskaltzalez betetzen da eta, beraz, euskaldun askoren imajinarioan Durango euskalduna den ideia osatu da, baina errealitatea oso bestelakoa da. Esku artean dituzten datuen arabera, %55 dira euskaraz hitz egiteko gai diren durangarrak, %65ek dute ulertzeko gaitasuna, «baina erabilera %20tik behera egongo da, oso baxua da». Horren erdian oasi bat da Plateruena, euskara duena erdigunean, jarrera inklusiboz betiere. «Euskaraz egiten da hemen lan, euskaraz ematen da zerbitzua, lehenengo hitza beti da euskaraz eta kanpoko antolatzaileren bat etortzen denean ere esaten zaio, asko jota bi hizkuntzatan ipiniko ditugula afixak, baina beti lehendabizi euskaraz», esan du ziurtasunez Orbegozok, eta Gaztelurrutiak jarraitu dio: «Proiektu hau beti izan da inklusiboa. Euskararen mundua erakargarri bihurtu nahi izan dugu, mundu guztiarentzat. Erdal munduak ere euskal kultur mundua ezagutu zezala nahi genuen, gure jaiak, gure izateko modua... Beti zerbaiten alde aritu izan gara, inoiz ez zerbaiten edo norbaiten kontra».

Bideragarritasuna ezbaian. Hamabost urte ez dira alferrik pasa. Agerikoa da Plateruena proiektuaren atzean euskara prestigiatzeko ehunka herritarrek egindako lana dagoela, baina ez hori bakarrik. Euskal kulturaren sostengu izan dira, oholtza bat eskaini zaio bere burua berrasmatzen ari zen kulturgintzari, eta sortzaileek jakin dute hori baloratzen.

«Askorentzat amets bat da hemen ikuskizun bat eskaintzea», laburbildu du Orbegozok. Kultur programaren gidaritza daraman urteotan, sortzaile askoren begietan ilusioa ikusia da. Ez da izango Plateruenako oholtza zapaldu ez duen euskal talderik. Ezta antzeko proiektu bat eraiki nahian ari zela aholku eske joan ez zaionik ere. Azpeititik, Bermeotik zein berriki Gasteiztik joan zaizkie galdezka: «Oihaneder-ekoak hemen izan ditugu hainbat aldiz, hitzaldia ematera joateko ere deitu gintuzten... kanpotik bai izan dugula halako onarpen bat», esan du Gaztelurrutiak. Onarpen hori are nabarmenagoa da Durangoko Azokan: «Txute emozional ikaragarria da. Fisikoki kristoren nekea da, hilda bukatzen dugu eta gero denak gaixotzen gara [barrez], baina oso esker onekoa da publikoa, indarberritu egiten gaitu», ziurtatu du Orbegozok. 

Erreferentziazko lekua da Plateruena. Erreferentziazko izaten jarraitu nahi duena. Horretarako Plateruena berrasmatu egin behar da, formula berriak bilatu, baina proiektuaren funtsa, euskal kulturaren arnasgune izatearena, kaltetu gabe. Eta ari dira lan horretan. 

Bi norabide ditu Plateruenaren “aro berriak”. Batetik, publikoa erakarri behar da, espazioari erabilgarritasuna eman, biziberritu, eta kultur programazioa da horretarako gakoa. Kontzertuetan izan den publikoaren beherakadari erantzuteko Aperitifa gisako ekimenak –irailean igande eguerdietan kontzertu akustikoak antolatu zituzten, emaitza onarekin: publikoa pozik, musikariak ere bai– dituzte esku artean, eta harremanak berrartzen ari dira zenbait kultur eragilerekin, hiriburuetan kontzentratu den kultur eskaintzari aurre egin eta programazio erakargarria osatzeko. Bestetik, Durangoko Udalarekin harremanetan daude, proiektuaren bideragarritasuna arriskuan ikusten baitute. 

Puntu honetara iritsita, azalpen garrantzitsu bat eman digute: aretoaren kudeaketa Plateruena kooperatibak –eta bertako 1.000 bazkideek– badaramate ere, eraikina bera Udalaren jabetzakoa da. Hala ere, hamabost urteotan dirulaguntza «benetan prekarioak» jaso dituzte Udaletik; ez da izan, elkarrizketatuen hitzetan, Plateruenari sostengua emateko borondate politikorik. Gobernu aldaketarekin, aukera berriak ireki dira, jarrera baikorragoa da, eta, orain, ausardiaz jokatzeko eskatzen diote Udal Gobernu berriari. «Inplikatzeko nahia erakutsi dute, ikusten dute hau herritik sortutako proiektu bat dela eta herriarentzat behar duela izan», baieztatu du Intza Orbegozok. Ideiak ere badituzte: handiegi geratu ohi zaien agertokiari gerria estutzeko sistema ezarriz gero erabilgarritasuna areagotuko litzateke, eta goiko solairuan herri mugimenduen beharrei hobeto egokituko zaizkien gela txikiak eratu daitezke. Adibidez.

Argi du Beñat Gaztelurrutiak: «Momentu klabean gaude. Bizitza eman dugu hau aurrera atera dadin. Orain, egiturazko irtenbideak behar ditu Plateruenak, eta Udalak zeresan handia izango du horretan». Hamabost urte atzera bezala, Plateruena «irekita ikusten jarraitzea», hori da orain euren ametsa.