Alaia Martin
IRITZIA

Astoa

Egutegia azken kapitulura iristen denean jende asko jartzen da triste. Jende asko jartzen da triste garai berberean lehenagotik ere triste egon izan dela gogoratze hutsarekin ere. Gabonetan, batez ere. Triste egoteko motibo onik ez dago baina tristura batzuk besteak baino produktiboagoak dira.

Triste egon zintezke Bilboko Areatzako parkeko Mercedesen motiboengatik. Adinkeriaz baztertu zaituztelako, gaztetan haurrik izan ez zenuelako, senideekin haserre zaudelako, banandu berria zarelako (mundutik), senide guztiak beste herrialde batean dauzkazulako, gaixo zaudelako, ezkor zaudelako, kontsumismoak eta gabonetako argien alfer-gastuak amorratu beste etsitzen zaituelako. Lanean zaudelako. Lanean ez zaudelako. Egon zintezke goibel otorduak lehen bezain luxuzkoak izateko beste diru ez daukazulako. Egon zintezke triste otorduak lehen bezain luxuzkoak izan, teorian proiektatutako guztia izan eta pozik sentitzen ez zarelako. Triste egoteko arrazoi mordo bat pila liteke gabonetan. Haurra bazara, haur izateari uzten ari zarelako, adibidez.

Abendua ez da bakarrik gabonen aurreko egun sorta, abendua amaieraren hasiera malenkoniatsu bat ere bada. Ispilu aurrean jartzeko hilabetea, urtarrileko isla eta abendukoa parez pare jartzen dira komun gaineko altzariko bi ateetan. Batzuetan zaila da begiratzea.

Gabonek hainbeste jende tristatzeak izango du zerikusirik pozik egon beharrarekin. Ez dago pozik egon beharra baino gauza frustranteagorik pozik ez dagoenarentzat. Iragarkiak, argiak, umeak eta kaleak dira ziurrenik errudunak, baina norberaren itzalari itzal egiten dio hainbeste argik.

Familia, bere zentzurik nuklearrenean, batzeko garairik gorena da abendu amaiera eta urtarril hasierako noria.

Ez da norberaren familia soilik –edukiz gero– batzen dena, besteena ere batzen da eta abenduaren 24an gaueko 22:30ean kalean argiak baino ez dira geratzen, elkarri keinuka. Besteen familiak eta sareak beti dira norberarenak baino trinkoagoak, arrakala gutxiagokoak eta distiratsuagoak, familia bakoitza mundu bat den eta bere mundu gerrak dauzkan arren. Isilean gordetzen dira gerrak, abizena abizena da eta odola odola –batzuetan hori da barruak eskatzen duena–, nahiz eta batzuetan loturarik estuena ezinikusiarekin izan, denak elkarrekin, denak batera, denak topa eta eztarrira, mahatsak, mantxak, hitzak, begirada glaziarrak eta gero polboroia ahora, esan behar ez direnak bortxaz trabatzeko.

Agian horregatik jartzen da triste jende asko gabonetan. Ez norbait faltan delako eta egun horietan ikusgarriagoa delako bakarrik, norbait edo norbaitzuk edo norbera sobera dagoelako baizik. Alderantziz begiratuta errazagoa da agian. Errazagoa da ezabatzea ez dagoena ekarraraztea baino. Baita osasungarriagoa ere. Familia ereduak aldatu dira, moduak, lotura eskalak, ohiturak, ezkontzak eta dibortzioak eta haurrak eta txakurrak eta txoriak eta lazoen materiala eta… Oraindik ere zenbait hautuk bidesari garestia izaten dute, baina uste dut gabonetan direla garestien bide-sari horiek, legatza bezala.

Eta geure burua berriz geurea ez den ispilu batean ikusi beharrak tristetzen gaituela askotan. Eta Olentzerori ezin zaiola hainbeste eskatu, norberak egin behar duela asto-lana.