08/03/2020

Alaia Martin
Antolatzea
Antolatzeak aktiboki entzutea eskatzen du, hausnartzeko tartea hartzea, zalantza egiteko esparru bat onartzea, norbere dohainen araberako ardurak hartzea eta besteen gaitasunetan sinestea eta delegatzen jakitea.

Martxoaren zortzia igandez jantzita etorri da aurten. Jaiegunez, jende askorentzat; laneguna, langile eta lan ikusezin askorentzat. Iritsi ez diren egun handiei bezala begiratzen diot distantziatik aurtengo martxoaren zortziari, betaurreko formako urte-zenbaki (2020) batek zein begirada gehituko ote dion egun hain hunkigarri bati….

Antolatzearen garrantzia azpimarratzen du aurtengo mezuak, antolatzeak ematen duen indarraz eta horretarako beharraz. Antolatzeak txikikeria dirudi kontzeptu gisa agian, hitz handiagoen aterkipean borrokatzera ohituagoak egon diren edo garen herritar askorentzat, bai behintzat, baina antolatzea, funtsezkoa da, oinarrizkoa da eta batez ere, oinarrikoa da. Hori bera dago egiturazko zapalkuntzaren oinarrian eta beraz, ezinbestean, hori bera behar da desegituraketaren prestaketan. Normaltzat, egonkortzat eta sistematzat hartzen dena, hain zuzen, erabaki zerrenda bat delako eta erabaki zerrenda hori gauzatzeko antolamendu orokor bat, jendarte mailakoa eta jendartearen geruza guztietan txertatutakoa. Horregatik da hain ikusezina, hain eranzten eta erauzten zaila eta poliedrikoa, baina horretan gabiltzala esango nuke.

Bakoitza bere burbuilan bizirauteko moduko bizimoduak hauspotzen diren garaiotan antolatzea ez da hain joera naturala eta praktikoa. Denbora, sarea eta gunea behar dira horretarako eta gero eta ezleku gehiagotan bizi gara eta gero eta presa handiagoarekin josten ditugu sareak. Ez dugu beti kalitatez zaintzen elkar, ez eta geure burua ere. Besteak zaintzeaz ari garenean, ez ongi zaintzeagatik dugun erruduntasun sentipenak ere ez digu bereziki laguntzen geure buruak zaintzen. Zaintzeak geruza asko baitauzka… baina askotan tipula baino gardenagoa bihurtzen da zaintza, begien bistan desagertzeraino.

Antolatzeak aktiboki entzutea eskatzen du, hausnartzeko tartea hartzea, zalantza egiteko esparru bat onartzea, norbere dohainen araberako ardurak hartzea eta besteen gaitasunetan sinestea eta delegatzen jakitea; antolatzeak zati bihurtzen gaitu eta garrantzitsu bai, baina ez garela ezinbestekoak gogorarazten digu. Antolatzeko ohitura duenak errazago antzematen ditu bestelako antolakuntzak eta egiturak, baita bere baitakoak ere.

Uste dut martxoaren 8aren bueltan antolatzen diren ekimen askotan partaideok bidaia emozionalak izaten ditugula eta ekipaje arinagoarekin amaitzen dugula eguna. Antolatzeko, antolatua bizitzeko eta batez ere elkartzeko egunak izaten dira, baita elkartze horrek duen indarraren erakustaldi bat ere.

Antolatzeak eta elkartzeak ematen duen bultzada interesatzen zait gaur, eta elkartu ahala, elkarri begiratu eta elkarren zauriak ikusi ahala, elkarren arrastoak ikusi ahala, ohartuko gara, geure baitan, geure aurpegian, geure bizkarrean… dauzkagun marka horiek guztiak ez direla hain ezberdinak, zapata berak zapaltzen gaituela eta zapata zola horien markak daramatzagula denok, zapata zati batekoak zein bestekoak izan… eta elkarrekin errazago identifikatuko ditugula zapaten diseinatzaileak, errazago erantziko dizkiegula zapata zapaltzaile horiek eta hala errazagoa egingo zaigula geure bizitzak janztea, geure oinetakoak aukeratzea eta geure pausoan eta atzera begiratu gabe ibiltzea.