08/03/2020

JOKIN URAIN
Lehertu arte
Zaldibarkoarena gertatu ondorengo egunetan jakin nuen, ez bainekien ordura arte, Mallabian ere badutela zabortegia, eta «Bete arte» duela izena. Zaldibarkoa «Lehertu arte» izan zitekeen izenez, eta horrela izan da izatez; lehertu denean, berriz, hilobi bilakatu da.

Hautsak eta lokatzak, kea ere bai, harrotu ziren otsailaren lehen egunetan Zaldibar inguruan zaborra eta zabortegia autobidera jausi ondoren. Durango ingurutik Donostia aldera gentozenean ikusten genuen paretsu horretan, han goian, zerbait bazegoela, zerbaitetarako nolabait atondutako mendi sail bat, urrutitik txukuna ematen zuena, kaka- mokordoak pagondoko goroldio gainean onddo beltz ederra eman dezakeen moduan.

Urte batzuk badaramatzagu zaborraren inguruan jiraka. Ez da urte asko Gipuzkoan zaborraren gerra egin zela. Horren erakusgarririk bistakoenetakoa zen, zenbait komunikabide eta politikarik atez ateko bilketaren aurka egindako kanpaina etenezinaz gain, hainbat lekutan, etxe balkoietan, lekurik ikusgarrienetan dekorazio modura-edo zintzilikatzen ziren zabor poltsa koloretsu haiek. Gerra demasak egin ditugu geure krakarekin eta krakaren kontura, eta egingo ditugu oraindik. Ez galdu itxaropena.

Zaborra, inork ezertarako nahi ez duen guztia dela esan liteke, denok ingurutik eta ahal bada bistatik kendu nahi duguna. Baina ez da hori ere. Batzuek maite dute, nahi dute eta bilatzen dute. Harribitxi distiratsuaren antza duen edozer bilatzen den moduan bilatzen dute. Inork nahi ez duenarekin inon den negoziorik onena egiteko. Eta bistan da zaborrarekin negozio ona egiten dutela hemen batzuek, eta guztiok ordaintzen dugula bakar batzuen negozio bikain hori. Osasunean eta ondasunean ordaindu ere.

Haurretan izaten omen dugu harritzeko ahalmen naturala, dena zaigulako berri, ikusgarri, eta ingurua eta mundua ezagutzen ari garelako. Baina gaztetxo ez garenongan ere harridura piztu dezaketen magoak dira agintariak, hain asmaezin, hain ustekabeko, hain inutil... Harrigarria baita –agian ez da harrigarri baina niri hala iruditzen zait– gertatua gertatu ondoren aginte politikoan daudenek beti erakusten duten larderia, harropuzkeria hori, edozer gauzarentzat inork sinetsi ezin dituen esplikazio sobratuak emateko gaitasun hori, eurak ez beste guztiok inozoak bagina legez azaltzeko jarrera hori...

Zaldibarkoarena gertatu ondorengo egunetan jakin nuen, ez bainekien ordura arte, Mallabian ere badutela zabortegia, eta “Bete arte” duela izena. Zaldibarkoa “Lehertu arte” izan zitekeen izenez, eta horrela izan da izatez; lehertu denean, berriz, hilobi bilakatu da, Josu.