15/03/2020

amagoia mujika
Bai eta ez
«Guapa» entzuten duenak berak erabaki dezala gustatzen zaion edo ez. Baina kalean doan emakumeak badaki bereizten «guapa» horren eta «bakarrik zaude?» horren artean. Badaki noiz amorratu eta noiz beldurtu. Tristea da emakume horri zerbait esatea erabaki duena ez konturatzea noiz den erasokorra, noiz ematen duen beldurra

Ez beti da ez. Bai soilik izango da bai. Batzuetan umetako “Barrio Sesamo” ikusten ari naizela iruditzen zait; «izquierda, derecha, lejos, cerca». Eta gu ahoa zabalik telebistaren aurrean.

Gobernu espainola askatasun sexuala babesteko eta sexu indarkerien kontrako lege integralarekin lanean ari da. Irene Monteroren taldeak proposatu du emakumeen onespenik gabeko ekintzak bortxaketa gisa hartzea. Alegia, baiezkorik ez badago, bortxaketa da, nahiz eta indarkeriarik edo mehatxurik ez egon. Eta batzuk kezkatuta sumatu ditut, gehiegizkoa omen. «Eta orain zer, kontratu bat sinatu behar al dugu larrutan egin baino lehen?», tabernako hizketaldi matxirulo barregarrietan. Hori da tristea, gizon batek ez igartzea azalaren kontra daukan emakumeak noiz nahi duen eta noiz ez. Hori da kezkagarria, hain gertu eta hain urrun egotea aldi berean. Kostatu egiten zait alderantzizko egoera imajinatzea; alegia, emakumeak ez igartzea ondoan daukanaren nahia. Akaso izango da emakumeek besteen ongizatea detektatzeko gaitasun berezi bat dugulako, jaiotzetiko txip bat.

«Emaztea sexu harremanak izatera behartzen zuen senarrak orain arte ez zeukan ardura penalik eta, orain, delitua izateaz gain larrigarri bat izango da senarra izatea. Erotu al gara? Ez da gauza bera emakume bat parke ilun batean topatu eta bortxatzea edo bestea, emaztearena». Horixe epaile bati entzundakoa. Norentzat ez da gauza bera? Akaso erasotzailearentzat, bere emaztearekin «nahi duena» egin dezakeela sentitzen duelako. Eta horregatik ez da bortxatzailea, bere eskubideen barruan kokatzen du aldian behin emaztea bortxatzea. Tira, larunbatetan, futbol partidaren ondoren. Eta erasoaren bortitza senarraren futbol talde kutunak lortzen duen emaitzaren araberakoa izan dadila.

Delitu berriak ere sartuko dituzte Zigor Kodean; «kaleko jazarpena» adibidez, delitua izango da. «Hori ere bai? Kalean pasatzen den emakume eder bati ‘guapa’ esatea baino gauza politagorik? Erotzen ari gara...», kalean entzundakoa.

«Guapa» entzuten duenak berak erabaki dezala gustatzen zaion edo ez. Baina kalean doan emakumeak badaki bereizten «guapa» horren eta «bakarrik zaude?» horren artean. Badaki noiz amorratu eta noiz beldurtu, tamalez. Berriz ere tristea da bestea, emakume horri zerbait esatea erabaki duena, ez konturatzea noiz den erasokorra, noiz ematen duen beldurra. Akaso izango da ez delako inoiz emakume baten gorputzean eta azalean egon.

Ez beti da ez eta bai soilik izango da bai. Legeak bere bidea egin behar du. Bitartean, hezi ditzagun belarriak tente eta azala adi duten gizonezkoak, ondoan dutenaren ongizatea entzun eta ukitzeko gai direnak.