15/03/2020

GALDER PEREZ
Bainuontzien hegoak
Bizi izan genituen erasoak eskolan eta bizi ditugu oraindik ere, lanean. Zinemari eta sormenari eskatu ahal zaion bezala, muturrera eramanda daude homofobia eta basakeria honen ondorioak. Baina are eta muturrerago eramanda dago kalean, gure bulegoetan eta etxeetan. Eta hori erreala da, ez fikzioa.

Aurreko astean bukatu zen Zinegoak LGTBI zinema eta arte eszenikoen jaialdia. Bilbon itxi zuen egitaraua, baina Hego Euskal Herriko herri eta hiri ezberdinetara hedatuko da datozen asteetan. Antolakuntza taldeak ahalegin berezia egiten du urtero kartelak edonoren arreta pizteko. Izan ere, LGTBI kolektiboa aipatzean gutxiengo batez ari gara eta, ziurrenik, beste gutxiengo baten arreta pizten du honen inguruko halako jaialdi batek. Aurtengo kartela Mar Saez argazkilariaren lana da, eta bi emakumeren arteko besarkada erakusten digu. Bainuontzian dauden cis eta trans lesbiana gazteak dira, elkar besarkatuta, irribarrez, maitasun pozez. Ez nuke jakin nahiko zer-nolako iruzkin matxista, homofobo eta ergel jaurti ahal izan den argazkiaren eta emakume hauen gainean. Nahiago irudi horrek transmititzen digunarekin bustita geratu. Aurtengo jaialdian ere ikusi ditugu halako irudi pila, lesbiana asko ur artean pozez jolasean.

Jaialdi honetan errepikatu diren beste irudien artean, aitaren figura agertu da nahikotan. Izan dira amak, jakina. Amak alabak zaindu nahian edo ama izan nahi duten emakumeak. Aitak, ordea, greziar tragedia batean bezala aurkitu ditugu: aita aitaren kontra borrokan, aita aita isilarazi nahian, aitak aita ito eta akabatu nahian, aitak semea ulertu beharrean. Azkenean, denak izan dira heteropatriarkatuaren aurka borroka egiten duten aitak, patriarkak patriarken kontra. Itotzen gaituzten sistemak kanpotik hausteko ahaleginak etengabeak eta ezinbestekoak badira ere, pertsonaia hauek saiatu bezala, heteropatriarkatuak barrutik eztanda egin beharko luke egunen batean. Bitxia da, baina horrela izan da: amak alabarekin zaintzan eta aitak semearekin borrokan agertu dira nagusiki... Aita-semeak tabernan daude eta ama-alabak jokoan oraindik ere, ai ama!

Gure inguruan eraikitako beste horma erraldoi bat ere oso presente agertu zaigu pantailan, armiarma sareak baino arrisku handiagoz hedatzen ari den sarea, eskuinarena, dela ultraeskuina dela eskuin arrosa, biak arriskuz beteak eta bortitzak. Hori ere beti gure artean izan da, ezkutuan baina zelatan. Edozein mugimendu aske, marika edo bollero erasotzeko prest. Bizi izan genituen erasoak eskolan eta bizi ditugu oraindik ere, lanean. Zinemari eta sormenari eskatu ahal zaion bezala, muturrera eramanda daude homofobia eta basakeriaren ondorioak. Baina are eta muturrerago eramanda dago kalean, gure bulegoetan eta etxeetan. Eta hori erreala da, ez fikzioa.

Lesbiana alaiak bustitzen dituen ura bezala, bainuontzietatik atera dadila askatasuna, errespetua, alaitasuna eta eskubideen aldeko borroka. Zinemak eta sormenak, oro har, iraultza eta esnatzeko tresna izaten jarraituko du. Pantaila erraldoietan ikusi arren, jaialdi tematikoetan gertatu bezala, sentsazioa ere bada tematikoa. Hau da, sentsibilizatuta dagoenak ikusten ditu filmok, gozatu eta sufritzen ditu. Ikusi beharko lituzkeen horrek berriz, fikziozko protagonista hutsa izaten jarraituko du. Agian, indarra erabiliz behartu beharko genituzke halakoak gu ikusi, entzun eta jasatera, Laranja Mekanikoko Alexak bailiran.