22/03/2020

Reportaje
ETA-ko lehen presoen emazteak
Hiru damatxo ausart

Eibarren jarri dugu hitzordua. Adinean aurrera eginda, alabek lagunduta etorri dira batzuk. Gogo biziz elkar besarkatu dute hirurek. Urteak dira elkar ezagutzen dutela, oso gazte zirenetik. Frankismoaren errepresioak elkartu zituen 60ko hamarkada hasieran eta, geroztik, adiskidetasunetik harago doan lokarri sendo batek lotzen du hirukotea.

Arantxa Manterola, argazkiak: Aritz Loiola - FOKU
04_eibar08

Berez, hiru baino gehiago ziren. «Jada Maite, Koro, Maria Jesus… ezin dira gure artean egon», esan dute elkartu izanaren pozari hesia jarriz. Baina bataren zein bestearen seme-alaben edota biloben berri galdetzearekin bat, berehala berrartu dute hitz-jarioa.

1961eko uda bete-betean elkar ikusi zuten lehen aldiz, ETAren kontrako lehen sarekada handiaren harira. Uztailaren 18 hartan, altxamendu faxistaren 25. urteurreneko ospakizunen karietara Francoren aldeko soldadu ohiak Donostiara zekartzan trena deskarrilatzeko saiakera izan zen, Aiete inguruan. Egun berean hainbat bandera espainol erre ziren. Erantzuna bortitza eta berehalakoa izan zen. Hurrengo egun eta asteetan ehun bat lagun atxilotu zituzten, batez ere, Donostian, Eibarren, Bilbon eta Gasteizen. Operazio haren baitan, Poliziak emakumeon senarrak atxilo hartu eta preso sartu zituen. Une latz haien kontakizunak eta bizipenak berdintsuak izan arren, aurkezpen gisa, bakoitzak berea laburki azalduz ekin diogu solasaldiari.

Mari Kruz Okiñena andoaindarra zen hiruretan gazteena. Berak bazekien urtebete lehenagotik senarra, Ildefonso Iriarte, «zerbaitetan zebilela». «Fontxok sentimendu abertzaleak zituen, nik bezala, eta gure herriaz asko hitz egiten genuen, EAJri kritikak egin ere bai, baina egiten zuenaz ez nekien ezer. 1960ko abuztuan ezkondu ginen eta ezkon bidaiatik bueltan Lasarte-Oriako frontoiko paretan ETA handiz idatzia ikusi nuen lehen aldiz. ‘Hauek gara gu’ esan zidan. Gehiago ezer ez. Diskrezio izugarria zuen».

«Aieten leherketa bat izan omen zen. Hori entzun genuen, baina gauza argirik ez. Kontua da Poliziak jende asko atxilotu zuela, tartean Fontxo. Gure etxea miatu eta dena hankaz gora jarri zuten». Inguruko batzuen aholkuak bultzatuta, Mari Kruz komisarian egoten zen etengabe, senarra ikusten utziko ote zioten esperantzaz. Han ezagutu zuen Meliton Manzanas komisario entzutetsua. Azkenean lortu zuen senarra ikustea: «Espetxerantz ateratzera zihoazenean ikusi nuen. Hura ez zen gizon bat, trapu zahar baten pare zegoen, lehertuta, negarrez… Kartzela liberazioa izan zen bai berarentzat bai niretzat ere». Egun batzuk geroago ikusi zuen Martuteneko espetxean.

Bisita egun batean han ezagutu zuen, hain justu, Arrate Ibargutxi. «Zain nengoen espetxeko atarian. Eta han ikusi nuen pinpilinpauxa eder bat, ilaran. Itxuragatik –azaldu du Mari Kruzek–, pentsatu nuen ‘hau gutakoa da’ eta arrimatu egin nintzen. Ez nekien nola hasi eta ea nor ikustera etorria zen galdetu nion. Berak ere ez zekien nola erantzun eta hitz-erdiekin segituan konturatu ginen arrazoi berberagatik zeudela preso».

Arratek eta Imanol Laspiurrek bazuten ordurako sei hilabeteko seme bat. Senarra polizia operazio berean atxilotu zuten Eibarren. «Donostiara eraman zuten eta handik deitu ninduten egun batzuk geroago joateko». Han ikusi zuen Imanol eta ikusi orduko, lur jota geratu zen. «‘Zer gertatu da? Zer egin diozue?’, galdetu nion Meliton Manzanas komisarioari. Ez zela ezer, jan gabe egon zela eta laster ondo jarriko zela erantzun zidan. Harri gainean ibiltzera eta belaunikatzera behartu zuen Imanol eta bere gainean jartzen zen, gainera. Gizon hark ia hilda laga zuen Imanol. Eta gainera ni galdekatu ninduen haren gorabeherak jakin nahian. Gero Martutenera eraman zuten».

Egun haietan bizitakoaz ere oso oroitzapen txarra dauka Loren Ariztik. 27 urte zituen eta urte eta erdiko eta zortzi hilabeteko bi alaba zituen bere senar Ruben Lopez de la Calle abuztu hasiera hartan Gasteizen atxilotu zutenean. «Bero handia zen, gogoan dut. Atxiloketa batzuk izan ziren zurrumurruak entzun genituen. Eta ni berehala beldurtu nintzen Rubenen bila etorriko ziren susmoarekin, usaina hartua bainuen zenbait lagunekin zerbaitetan zebilela. Eta hala izan zen. Etxepeko familia galdategian lanean ari zela zuhaitzen artean zapata txuri eta beltz batzuk ikusi nituen eta segituan jabetu nintzen polizia zela. Ni izututa. Ruben hartu eta etxera ekarri zuten. Dena miatu eta hankaz gora jarri zuten. Baina ez zuten ezer aurkitu, nahiz eta gerora jakin genuen Rubenek musika diskoak gordetzeko zeukan altzari baten atzealdean tiradera sekretu bat zeukala. Jakina, han paper mordoa zeukan, baina Poliziak ez zuen aurkitu. Gaur egun oraindik altzari hori etxean daukagu».

Zer gertatuko ote zen kezka areagotu egin zen, senarrak bizkarrezurrean zeukan gaitzarengatik min handiak izaten baitzituen. «Ez nekien nora jo. Negar besterik ez nuen egiten, zer egingo ote zioten beldur. Gaitza diagnostikatu zion sendagileak mediku-txostena egin zuen gaitzaren larritasuna azalduz. Komisariara joaten nintzen eta errepikatzen nien osasun arazoena. Baina alferrik; ez urik, ez janik, eta sekulako torturak jasan zituzten. Izugarrikeria izan zen. Donostiara eraman zuten hirugarren egunean, Angel Aranzabal eta Antxon Iriondo bezala. Eta ni, han bizi zen lehengusinarengana. Harekin komisariara joan nintzen. Bulego batean sartu gintuzten eta han zegoen Manzanas, puru bat eskuan, harro, Gabaldon izeneko beste polizia batekin. ‘Zu zara bizkarrekoarenaren emaztea?’, galdetu zidan. Nire amaginarreba putakumetzat jo ostean ‘espainol batekin ezkontzeagatik’ (Lopez de la Calle berarentzat abizen espainola zen), senarra Madrilera trasladatuko zutela esan ziguten. Orduan ikusi nuen Ruben. Sekulakoa izan zen hura ikustea: apurtutako gizajo bat zen, aurpegia ez zitzaion apenas ikusten, begiradarik gabeko begi haiek, txikitua… duintasuna kendu zioten gizon bat zen. Basakeria hutsa», dio, hamarkadak igaro arren, negarrak gaina hartuta.

Meliton Manzanas iltzatua dute hirurek beren barrunbeetan. «Gaiztoa, aho-handia, lizunkeriaz sexu komentario nazkagarriak etengabe botatzen zizkiguna, sadikoa, zerritzarra…» eta antzekoak tartekatzen dituzte hura deskribatzeko. 1968ko abuztuaren 2an hil zutela jakin zutenean, seguruenik zoritxarrez polizia hura ezagutu zuten beste askok bezala, ez zutela malkorik bota adierazi dute argiki. Are, poztu zirela ere aitortu dute. «Nik ez dut hau sekula esan. Etxera sartzen ari nintzela entzun nuen hil zutela eta izugarrizko poza sentitu nuen. Segundo batzuk pasata, neure buruari esan nion: ‘baina zertan ari zara? Nola poztuko zara ba horrelako gauza batez sinestuna izanik?’. Baina hala izan zen, eta ez dut sekula konfesioan aitortu, ezta errezatu ere, ‘pentsamendu txar’ hura izateagatik», esan du hiru lagunetako batek.

Uda hartan preso hartutako gehienak Madrilera, Carabanchelgo presondegira, eraman zituzten. Han, senide eta lagunen etxean ostatu hartu eta nolabait antolatzen hasi ziren. Bisitak, arropa eta janaria eraman (orduan posible zen hori), abokatuekin egon, aholkuak trukatu… Baina kontu praktikoez harago, zerbait egin behar zutela deliberatu zuten. Ez zeuden aieneka geratzeko prest.

Epaiketa. Hala, baten eta bestearen lagun edo ezagunen bidez lortutako hitzorduekin, itzala izan zezaketen erakunde eta pertsonen ateak jotzen hasi ziren. «Gertatzen ari zena eta egin zietena jakinarazi behar genuen, ea zerbait mugitzea lortzen genuen. Zazpigarren galeria korrekzionalean, heriotza zigorra zutenen galerian, zeuzkaten eta hori seinale oso txarra zen», nabarmendu du Mari Kruz Okiñenak.

Besteak beste, Ameriketako Estatu Batuetako eta Londresko enbaxadoreekin izan ziren, baita Elizako “handiekin” ere: «Joaquin Ruiz Gimenez zen gure abokatua eta hura Vatikanoan enbaxadore izandakoa zen. Haren bidez orduan Toledoko artzapezpiku eta gotzainburu zen Enrique Pla y Denielengana joan ginen. Azaldu genion gure senarren eta besteen egoera eta egin zizkieten torturak. Baina hark entzun eta gure apezpikuei kontatzeko, besterik ez zigun esan», kontatu du Arratek, jada haiekin egonak zirela oroituta.

Ezin dute ziurtatu egin zituzten kontaktu horien fruitua izan ote zen, baina Mari Kruz Okiñenak errezeloa du epaileen hasierako zigor eskariak jaisteko orduan zerikusia izan zutela. Izan ere, 1962ko urte hasierarako beren senarrak libre utzi bazituzten ere, hilabete batzuk geroago, udan, berriro atxilotu zituzten (Ruben Lopez de la Calle izan ezik) eta orduan epaitu zituzten.

Bi multzotan banatu zituzten akusatuak. Batzuei, –tartean, Imanol Laspiur Arrateren senarrari– gerra- kontseilua egin zieten. Hasierako heriotza-zigor eskaera kendu eta espetxe-zigor bilakatu zuten. 20 eta 10 urte arteko zigorra jaso zuten, Imanolek 15ekoa zehazki. Beste multzoan, “Ildefonso Iriarte eta 16 gehiago” izenekoan, epaitu zuen Mari Kruzen senarra TOP (Tribunal de Orden Público) sortu berriak. Fontxok sei urteko espetxe zigorra jaso zuen. Epaiketaren ostean, Soriako espetxera lekualdatu zituzten.

Umeak eta trikimailuak. Umeak oso gutxitan eramaten zituzten bisitetara. Carabanchelen ez zegoen baldintza egokirik. Bisitak gela handi batean egiten ziren; bi lerrotan jartzen ziren, presoak alde batean eta familiak bestean, eta tartean kartzelariak atzera eta aurrera ibiltzen ziren korridore bat zegoen. Buila eta zarata izugarriak ziren eta komunikatzea oso zaila zen. Familia eta presoekin kristal eta metalezko sare bereziko kabinetan bisita bereziak lortzen zituztenean edo egun jakin batzuetan, Gabonak inguruan edo irailean, presoen zaindari den Mesedetako Amaren egunaren karietara, eramaten zituzten umeak. Beren seme-alabak ikusteko ez ezik, egun berezi eta jendetsu horietako zalaparta eta nahastea ondo asko aprobetxatzen zuten euskal presoek bestelako komunikaziorako, beren mezuak ateratzeko, alegia.

Egun berezi horietako batean eraman zuten Lorena, lehen aldiz, bere aita Ruben bisitatzera. «Bisitara bere pelutxe Txuri txakurtxoarekin sartu zen eta aita eta bere lagunak erakutsi/ez erakutsi, hasi ziren. Kontua da bisitaldi osoan Txuri desagertu egin zela. Bukaeran itzuli zioten. Madrilen bizi zen osabaren –gudaria izandakoa– etxera joan ginenean, hura segituan hasi zen atera zuten arropa zikina miatzen, umeak zein arroparekin eraman genituen galdezka eta abar. Nonbait mezuren bat aterako zutela espero zuen. Lorena Txurirekin joan zela esan genionean, pelutxea hartu eta segituan ohartu ginen barruan zerbait sartu ziotela, baina dena txukun-txukun josita zegoen! Tripak atera genizkion eta han, txirulatxo moduan kiribilduta, batari eta besteari zuzendutako idatziak egin zizkieten torturak kontatuz eta mezu mordoa zegoen», gogoratu du, orain irribarrez, Loren Ariztik.

Gero, Soriako espetxera eraman zituztenean, mezuak edo objektu txikiak trukatzeko moduak sofistikatuagoak bilakatu ziren. «Behin, laneko buzoa eskatu zidan Fontxok. Dena askatu zuten eta eskumuturrean, lepoaldean, botonaduran eta antzeko tolestura azpitan zeukan ehuna atera eta dena idatzia, klabean, berriro bere lekuan josita atera ziguten. Beste sistema bat ere jarri zuten abian. Beraiek espetxe barruko zenbait lekutara iristeko eginbeharrak hartzen zituzten, garbiketa, elektrikari konponketak… Hala, gu bisitetara joatean pasako ginen tokietara iristen ziren, eta ezkutuko txokoren batean, ateen janba izkinetan eta horrelakoetan, ondo disimulatuta, mezuak uzten zituzten paperezko tututxoetan. Begi-keinuen eta hitz-erdien bidez jakinarazten ziguten bisitan gutxi gorabehera non jarri zituzten, eta gero, itzultzerakoan, hartzen genituen. Nik sekulako beldurra pasatzen nuen. Maite, Rafa Albisuren emaztea, zen ausartena. Baina ez gintuzten inoiz harrapatu! Beraien muturrean arau transgresio haiek erreusitzeak sekulako gozamena eragiten zigun», kontatu du, asebeteta, Mari Kruz Okiñenak.

Elkartasuna. Hirurak bat datoz, garai hartan ETAko lehen presoen senide izateagatik ez zutela halako markatze edo bazterketa sozialik sumatu. «Jakina, gurutzatzean beste aldera edo beherantz begiratzen zuten edo agurra ukatzen zigun bat edo beste izan zen. Baina, orokorrean, ni ez nintzen baztertua sentitu», argitu du Arrate Ibargutxik. Beren ingurumarian abertzale dezente zeudenez, justu kontrakoa. «Laguntasun handia izan genuen, familiagandik hasita. Baita Imanolek lan egiten zuen lantegiko kide eta nagusien aldetik ere. Pentsa, ni bi umerekin geratu nintzen eta eskatu nienean Imanolek egiten zuen lana –enpresak egiten zituen osagai elektrikoen agente komertziala zen– niri egiten uzteko, arazorik gabe utzi zidaten, nahiz eta orduan esparru oso maskulinoa izan. Lagun batek eramaten ninduen autoan hara eta hona eta bisitatzen nituen enpresetan oso ondo hartzen ninduten eta beti goraintziak ematen zizkidaten berarentzat».

Elkartasuna aipatzean, Ibargutxik ezin du Zafarrayan topatu zuena nabarmendu gabe utzi. 1968an Meliton Manzanas hil zutenean, ordurako espetxetik libre zegoen Imanol senarra berriro atxilotu zuten. Salbuespen egoera zela medio, Granadako herri txiki hartara desterratu zuten. Semearekin eta hilabeteetako alabarekin, bera ere herri hartara joan zen. «Oso herri txikia eta pobrea zen. Ez zegoen ezer, ez behi esnerik, ez komunik, ez urik etxean… Ume bat hazteko oso baldintza txarrak ziren eta, hala, azkenean alaba amama eta aititarekin Euskal Herrira bidaltzea beste erremediorik ez genuen izan», gogoratu du. Banaketa hark eragin zien mina oroitzean ezin izan die malkoei eutsi.

Isilune txiki baten ostean berrekin dio kontakizunari: «Elkartasun handia aurkitu genuen Zafarrayako biztanleen aldetik. Beraiek ere gerra garaian mendi-zuloetan bizi izan zirela esaten ziguten. Oso jende ona zen. Lagun handiak egin genituen. Denbora aurrera zihoan eta gurekin genuen Asier semea ere eskolara eraman beharra zegoenez, berarekin Euskal Herrira itzuli nintzen, Imanol senarra han utzita. Baina asko lagundu zuten, bertako apaiza oso laguna egin zuen eta alkatea ere bai. 1968ko Gabonen bueltan laga zioten etxeratzen. Gerora Imanolen eskutik Eibarrera lanera etorritako zafarrayatarrak ere badira. Gaur da eguna hango jendearekin harremana mantentzen duguna eta maiz hitz egiten dugu telefonoz», adierazi du Arrate Ibargutxik eskertuta.

Mari Kruz Okiñenak ere «oso babestua» sentitu zela baieztatu du: «Andoainen bizi nintzen garai hartan eta hilabetetako Maddalen alabarekin amaren etxera joan nintzen. Ezagutzen ez nuen jendea ere hurbiltzen zitzaidan Fontxo zer moduz zegoen galdezka, gehienak EAJkoak, baita nire ideologiakoak ez zirenak ere. Fontxoren lankide askok laguntza eman zidaten eta nagusiek hilero diru-kopuru bat pasatzen zidaten gastuei aurre egiteko. Herritik harago, Donostia inguruan apaiz talde bat ere dirua biltzen hasi zen eta gure artean banatzen zuten premien arabera. Fernando Mujika izan zen nire senarraren abokatua eta ez zidan ezer kobratu inoiz».

Gasteizen gauzak zailago izan zituen Loren Ariztik: «Batzuen aldetik, batez ere ondo finkatutako burgesiakoen aldetik, urruntasuna eta txutxu-mutxuka aritzen zirela nabaritu nuen. Umeak lizeo frantsesean eskolatuta genituen, frankista ez zen eskola bakarra zelako. Han denetarik zegoen arren, umeek ez zuten bereizkeriarik jasan. Bestela, Ruben ezagutzen zutenen aldetik oso ondo, oso maitatua baitzen».

Aske. Zorionez, ezarri zizkieten kondenak ez zituzten bukaeraraino bete. Juan XXIII.a aita santua hil eta gero, Paulo VI.a jarri zenean eta, 1964an gerra zibila amaitu zenetik “25 urte bakean” izeneko efemeridearen harira, indultuak izan ziren. Horiei esker, aske geratu eta etxera itzuli ziren. Hurrengo urteetan, halere, izan zituzten «susto» batzuk.

Esaterako, 1969an Franco Gasteizko katedrala inauguratzera etorri zenean, Ruben Lopez de la Calleren bila joan zen Polizia. «Ordurako, ordea, etxetik kanpo zegoen, usaina hartu baitzuen eramango zutela. Alabak zabaldu zuen atea. Berriro etxe guztia astindu zuten eta berriro ere ezer aurkitu gabe joan ziren, nahiz eta orduan ere diskoen altzariko zuloan gauzak egon, bazeuden», kontatu du Ariztik.

Fontxo Iriartek ere izaten zituen gorabeherak Espainia aldera joaten zenean: «Elxera askotan joaten zen lan kontuengatik. Behin Polizia hotelean presentatu zen, baina azkenean, berarekin zegoen lagunak bermeak emanda, ez zuten eraman».

Arrate Ibargutxiren etxean telefono dei eta mezu «arraroak» eta antzekoak ere izan dituzte ondorengo urteetan.

Beraiek frankismo garaian pasatutakoa, zalantzarik gabe, «oso gogorra» izan zela dioten arren, ondorengo urteetan eta gaur egun ere senide espetxeratuak dituzten emakumeentzat, eta oro har familientzat, askoz gogorragoa dela uste dute: «Guk ez genituen ‘abantaila’ batzuk badituzte: telefono deiak, bisak… baina orain euskal presoek kartzelan duten bizimodua gureek zutena baino askoz gogorragoa da eta horri urruntasuna eta dispertsio politika gehitu behar zaizkio, gainera».

Militante? Euskal Herriko egoerak edota politikak eragin ez ezik, toki handia hartu du beraien bizitzan. Aberria «konpartitu beharreko maitalea» izan dela diote. Dena den, egin zuten guztia senarrekiko maitasunagatik harago, konbentzimendu politikoagatik egin ote zuten galdetuta, ideiak partekatu arren, ez dute militante izan diren irudipenik. «Ez nuen gauza handirik egin, ez naiz militantea izan. Ez daukat inolako meriturik, niri ez zait inoiz falta izan babesa, etxea, janaria», esan du Okiñenak.

Hala eta guztiz ere, erresumin pixka bat badu: «Guri ez ziguten ezer galdetzen. Han ginen eta egiten genuena ‘naturala’ zen. Umeen hazkuntzaz arduratzea, hipotekari aurre egitea, senarren sostengua izatea… hori dena garaiko ‘normaltasunean’ sartzen zen. Nola ez zenuen ba egingo gizonarengatik, aberriarengatik…! Haiek ziren heroiak eta gure egitekoa ‘normala’ zen geure kabuz erabakitzeko aukerarik izan gabe ere. Hor nire puntu feminista ateratzen zait. Baina ez nago damututa egindakoaz. Seguru asko, galdetu izan balidate, egin nuena egingo nuen», gehitu du inolako eskertza edo aitorpenik ez duela eskatzen argi utzita. Izan ere, nondik zetozen kontuan hartu behar dela nabarmendu du: «Orduan ze kultura zuen ba 20 urteko neska batek? Zer zekien ba politikaz, bizitzaz? Nik bizitzari buruz ikasitako guztia senarrarekin ikasi nuen».

Senarrek interesa eta jakin-mina piztu zieten agian, baina berezko zerbait bazutela eta garai hartako neskei ezartzen zizkieten konbentzionalismoekin apurtzaile izateko joera berezkoa zutela nabaria da. Esaterako, Arrate Ibargutxik esperanto ikastaro batean ezagutu zuen Imanol senarra eta gero andereñoa izan zen. Euskarazko errelato eta ipuinak argitaratu ditu, batzuk sarituak izan direnak. Loren Ariztik txikitatik ezagutzen zuen Ruben, baina berarekin bikote izan aurretik ere 15 urterekin piano karrera egina zuen, hizkuntzak ikasi eta lanean aritu zen nazioarteko idazkari gisa etxekoen iritziaren aurka, «emakumeak kanpoan lan egitea» ez zutelako ondo ikusten. Mari Kruz Okiñenak hezkuntzan egin zuen bide profesionala, lizeo frantsesean irakasle gisa lehenik eta Santo Tomasekoan gero.

“Halakoren emaztea” izan, izan dira, baina zailtasunak eta nahigabeak gaindituz, usu aitorpenik gabe, ahalduntze bide propioa egin dute. Ondorengo emakume belaunaldiek urratzen segitzen duten bide bera.