22/03/2020

Mundua dantzan
Gurutze Anduaga
04_04_iruditan

Buruz beherako loa dute saguzarrek. Burua grabitatearen legearen menean dutela hartzen dute atseden piztia hegalariok. Eta grabitateari aurka egiten diote esna direnean, lurtiarrak hartzen dituen imanari iseka eginez, hegan.

Zorigaiztoaren irudi izan dira askotan eta banpiroekin alderatu izan dira fantasiarik handienetako istorio eta filmetan. Legenda ugari bildu izan dira saguzarren inguruan, baita zikintasunari, narraskeriari atxikitako hainbat kontu ere.

Baina goiko irudiak beste estadio batera narama. Eta txoriekin zerikusia badu ere, saguzarrik apenas agertzen den filmera eraman nau, bat-batean, ikustaldi bakarreko fotograma txiki baten gisan. Alfred Hitchcock handiak zuzendu zuen “The Birds” (1963) lana ekar lezake gogora, txoriak, erasoka ikusten ez badira ere.

Izan ere, saguzarren oldarraldia baino, irudiko emakumearena da ekinbidea. Bera baita, erreminta ikusezinak erabiliz, soinuaren bitartez piztiok uxatzera etorritakoa.

Gizakiaren izaera hegemonikoa izango da, txikiagoak diren bizidunenganako jarrera garaitzaileak arrastaka dakarren jokabide humanoa. Konturatzen garen arte, ordea, aurrean dagoenaren tamainaren araberakoa ez dela askotan botere-harreman kate horretan daukan proportzioa. Ez luke, bestela, Covid-19 delako birus ñimiñoak mundua, bere horretan, dantzan jarriko.