05/04/2020

JOKIN URAIN
Albo kontuak
Nonbait agintariek badakite txakurrak direla koronabirusaren kutsatzaile handienak; txakurraren ileak eta txakur kakak, batez ere, kutsatzen omen du hirietan birus hau, eta agintari politikoak erabaki drastikoa hartu beharko dela pentsatzen ari dira: behi eroen garaian egin zutenaren antzera, koronabirus kasuak agertu diren herri eta hirietako txakur guztiak akabatzea litzateke darabilten ideia.

Esatea bada tximeleta baten hegoen astinduak ekaitza sor dezakeela munduaren beste puntan. Ez dakit orain artean inork frogatu ote duen egia den ala ez, benetan horrela izan ote daitekeen. Baina ez duzu ukatuko baduela bere ederra, irudikatze soilak ere, hain izaki hauskorrak, hain hegal delikatuekin, hain ondorio hausgarria eragin ahal izateak! Harritzen gaituen edozein istorio zaigu eder, neurri handiago edo txikiagoan, eta tximeletarena beti iruditu zait zoragarria.

Kontatu diguten beste istorioetako baten bertsio batek dio norbaitek Txinan saguzarra jan duela –pangolina ere jan omen du, bidenabar esateko–, eta hortik datorrela azken boladan munduko sail handi samarrak aztoratzen eta denok paranoiko bihurtzen ari den ekaitza.

Ezagutzen dut lagun bat oso zalea dena jatorduetan alboan tokatzen zaionari ziria sartzen; disparateren bat kontatu eta, albokoak sinistu egin diola iruditzen bazaio, are handiagoa kontatzen du segidan; hura ere sinisten badio alboko horrek, are handiagoa hurrena... Eta horrela, ariketa moduan egiten duela ere pentsatu izan dut, albokoaren xalotasuna edo beste teoria intimoren bat frogatze aldera.

Koronabirusarekin antzeko zerbait gertatzen ari dela dio Idoia bazkaltiarrak; agintariak, ordezkari politikoak eta komunikabideak ziria sartzen ari zaizkigula saguzar, pangolin eta antzeko jende xeheari leporatuz izurriaren errua. Gauzak diren moduan esatea ez ei da hain erraza, ekar ditzakeen ondorio eta albo kalteengatik, eta horregatik ari omen dira birus honen jatorria ostentzen.

Nonbait agintariek badakite txakurrak direla koronabirusaren kutsatzaile handienak; txakurraren ileak eta txakur kakak, batez ere, kutsatzen omen du hirietan birus hau, eta agintari politikoak erabaki drastikoa hartu beharko dela pentsatzen ari dira: behi eroen garaian egin zutenaren antzera, koronabirus kasuak agertu diren herri eta hirietako txakur guztiak akabatzea litzateke darabilten ideia.

Animalia zale amorratua da Idoia, eta ez da harritzekoa kezkatuta egotea. Bere bi txakurrak etxetik ez ateratzea erabaki du behin-behinekoz, baina sintomarik agertzen bazaie prest dago armairuan sartu eta koarentenan jartzeko ere.

Ez dakit gaixotasuna ala horren beldurra den okerrago, Jakes; ez dakit agintariek euren erabakiak hartzean ondo neurtzen ote dituzten albo kalteak, albo mesedeak eta albo kontuak.