GALDER PEREZ
IRITZIA

Pertsona, belea ala fenix

Aberri egun xelebrea, zerbait esatearren. Ezin maite dugun lez kalean aldarrikatu, ospatu, oihu egin, edan eta dantza egin. Etxean egin beharko. Geratzen zaigun ardoa edango dugu eta gero lo-kuluxka. Bakoitzak ahal bezala. Gurean ez dago lorategirik eguzkipean etzanda egoteko. Gure etxean ez dago balkoirik bertatik lapikoa gogor astintzeko. Baina zorionekoak gara, etxea badugulako. Eta leihorik ere bada, baina ez du kalera ematen, Bilboko etxe zaharren arteko patio batera baizik, eta bertan ere gauzak gertatzen dira. Aurrekoan, kostata lerro batzuk idazteko saiakeran galduta nengoela, pertsona bat ikusi nuen patioan. Konfinamenduko kide dudan lagun maiteari oihu egin nion: “E, zatoz, zatoz, pertsona bat, pertsona bat!”. Telefonia enpresaren bateko langilea omen zen, sekulako oparia egin zidan patioan agertuz, azken egunetako ikuskizun ederrenetakoa, benetakoa, pantailarik gabekoa. Hezur-haragizko pertsona bat ikusi nuen etxeko leihotik.

Ez nion argazkirik egin, memorian gordeko dudala uste baitut; etorkizunean, auskalo nolako etorkizun hurbilean, gogoan izango dut patioko izaki bizidun hura. Izan ere, iragana duela hilabete bateko kontua da. Aurtengo inauterietako argazkiek umetako albumen xarma dute jada. Azkar osatu dugu iragan potolo bat gure bizitzetan, ondoren datorrena beste zerbait izango den zalantzarik ez baitago. Auskalo zer, baina beste zerbait. Puntuan gaude. Aparte potolo baterako puntuan. Hortxe dago gakoa. Zalantzaz beteriko lurrunezko itxialdi honetan, datorkiguna, dakarkigutena, ekarriko duguna, zer izango ote da?

Imajinatzen dut honekin guztiarekin amets egingo dudala Aberri Eguneko lo-kuluxkan. Inoiz baino amets gehiago egiten ari naiz. Edo inoiz baino gehiago gogoratzen ditut ametsak. Badakit ametsak ezin direla film bateko gidoia bezala aurretik osatu, baina elementu batzuk baditut gaurko lo-kuluxkarako: fenix suzko txoria, bele beltza, ikurrina (zer bestela) eta patioan agertu zen pertsona. Fenix txoriak gure errautsetatik birsortzen lagunduko omen digu, bele beltzak ezkutuko eta errautsezko tokietara eraman nahi gaitu, eta pertsona erreta dago, lan egitera behartuta egoteagatik kiskalita. Ikurrinak, bitartean, on fire jarraitzen du. Bulego batzuetan oihal dirdiratsuz inprimatutako ikurrina, pertsona inportanteen argazkien aldamenean dagoen bitartean, fabriketako kea irentsi duten lorategirik gabeko etxe zaharretako balkoietan aitita-amamek jositako ikurrinak ageri dira. Momentuz, behintzat, badirudi hori dela haizeetara edonor eta edozer astintzeko lekurik aproposena.

Balkoirik ez dugunez, kuluxkarekin bueltaka jarraitzen dut. Txori horiek, fenix eta belea, gu bilakatzen ari garen bezain diziplinatuak izango ote dira? Berdez jantzita eta galoiz beterik hegaz egingo al dute militarizatutako hodeien artean? Haizerik ibiliko da gaur ikurrina astintzeko? Eta batez ere, ikusiko dut inoiz tabernan poteoan aurrekoan patioan agertu zen pertsona? Gaurko ametsetan, agian.