Alaia Martin
IRITZIA

Tandemak

Bizikletaren eguna da gaur eta sarean irakurri dudanez, Albert Hofmannen bizipen batengatik darama igande honek goiburu hori. Bizikletek, Hofmannek eta LSDak zein lotura izan lezaketen jakin nahi eta ez dakienak badu zer saltseatu. Bizikletan ibiltzeko era psikoaktibo samarra izan zen Hofmannena, baina bestela ere, bizikletak badauka denboraren garapena eraldatzeko gaitasuna.

Abiadura jakin batean bizi gara eta abiadura horretara gaude ohituta. Edozein azkartze eta edozein moteltzek trabatzen edo deskoordinatzen digu pausoa eta berriz ere pausoa geure gorputzera egokitzeko bide zati bat behar izaten dugu. Opor izendatutako denbora saila bereizteko zortea dugunok, askotan, ez ditugu oporrak hasten laugarren, bosgarren… eguna igaro arte. Bitartean dena da abiadura mantendu nahi bat, bisita, jaki, argazki, gomendio-ohar… formatuan. Abiadura batetik bestera igarotzeko marruskadura denbora behar da eta hartu ezean ere, denborak hartzen du bere espazioa. Alderantziz ere gertatzen zaigu, motelaldi, opor, pattalaldi edo asteotakoa bezalako geldialdi garai batetik berriz naturaltzat dugun erritmora itzultzea ere bidaia bat da, eskalak behar lituzkeen bidaia bat.

Ez gara, hala ere, oso eskalazaleak izaten normalean. Hegaldi zuzenak nahi izaten ditugu lekutik lekura, garaitik garaira eta emoziotik emoziora. Ez dakit itxialditik irtendakoan nora egingo dugun jauzi eta zein abiaduratan baina susmoa daukat gehienon tentazioa ez dela sugandila estilokoa izango. Jauzi egin nahiko dugula bideko pauso batzuk ibili gabe. Jauzi atzera begirako keinu handirik gabe, jauzi bidean ikusitako zulo batzuk habitatu gabe eta jauzi edonora, edonola. Bidean, burbuilatik eta bidetik kanpo geratu diren gai (desagertu), bakartu, neurri eta neurrigabetasun guztiak ez direla behar beste denboraz egongo geure gogoan.

Bizikletak ematen du bizitza erritmoa aldatu gabe ikusmen abiadura aldatzeko halako egokiera bat. Begiratzeko altuera ere eraldatzen du eta abiadura egokitzeko ere, egongo da bizikleta baino garraiobide desegokiagorik. Espero dut berriz mundura auto amorratutan, kamioian edo jauzika ateratzen direnek 1,5-eko distantzia uztea, gutxienez, bizikletan irteteko asmoa dutenekiko (ahal badugu, dugunokiko). Bizikletan ibiltzea ez da beti erraza eta gurpil lodiagoak behar izaten dituenik bada, oinak lurrera sustraitu behar izaten dituenik, desoreka uneetan, baina txikitatik entzun izan dut bizikletan ibiltzen ikasiz gero sekula ez dagoela ibiltzen ahazterik. Batek daki noiz ibili nintzen bizikletan azken aldiz eta batek daki, ibili nintzen azken alditik azken-aurrenera zenbat denbora pasa ote zen, baina badakit bi alditan asmatu nuela bizikletan ibiltzen eta erritmo eta begirada aldaketa gorputzera ekartzen.

Pentsatzen dut posible dela ibiltzeko, mugitzeko eta izateko beste abiadura bat eta ez dugula horretarako asko ikasi beharrik, ez direla –baina oxala– hainbeste lege aldatu behar… Aski dela badakiguna gogoratzea eta ganbaratik garai bateko pausoak berreskuratzea.

Baliteke, x-aldi honen ondoren bizikleta gainean Albert Hofmannen antzeko sentsazioak pilatzea hasieran, baina aurki entzungo dugu txirrina eta erabaki egin beharko dugu, baztertu edo nora igo edo nondik jaitsi. Zorte on!