amagoia mujika
IRITZIA

Begiak itxita

Oraindik ohean begiak itxita txistulariak entzuteko zain egoten naiz jaiegunetan. Etxeko araua da, jaiegunetan txistulariak entzun aurretik ezin da ohetik altxatu. Gehienetan askoz lehenagotik entzuten dira pausotxoak korridorean. Alferrik.

Oraindik ohean begiak itxita txistulariak entzuteko zain egoten naiz jaiegunetan, “normaltasunaren” doinua delakoan. Berez, txistulariak entzun, begiak zabaldu eta lehengoa topatu nahiko nuke. Ez naiz inor engainatzen hasiko. Badakit badela jende asko hemendik aurrerakoa hobea izan daitekeela sinisten duena; birusak astindu ondoren, mundua pertsona hobeek habitatuko dutela uste duena. Oxala arrazoia balute. Nik ez daukat hain garbi eta horregatik nahiago lehengo normaltasun txar hori.

Solidarioagoak izango omen gara, neurtuagoak, orekatuagoak, auzokoagoak, jasangarriagoak, pausatuagoak. Balkoiak, txaloak eta kazolak dira uneotan protestarako gure territorioak eta kostatu egiten zait irudikatzea nola eraiki edo aldatu daitekeen mundua hemendik goitik etxeko zapatiletan.

Pareko neskatoa seko harrituta geratu da kalera begira. Bere pareko bizilagunak maitekiro agurtu du kaletik, erosketak egitetik datorrela. Neskatoa begira-begira geratu zaio. «Ama, zein da andre hori?». «Pareko bizilaguna da, maitea, askotan aritzen zarete hizketan balkoitik balkoira». «Bai, baina balkoirik gabe ez dut ezagutu ama». Horixe, ez dakit pertsona bera izango ote garen balkoiarekin eta balkoirik gabe.

Balkoien aro xelebre honetan balkoirik gabekoak ere badira, hala ere. Harategiko ilaran atzeko emakumeen elkarrizketan sartuta egon naiz. Batak besteari esan dio bere etxean ez dela eguzkirik sartzen egun guztian, balkoirik ez duela. «Ba leihoan jarri, neska». «Nire etxeko leiho guztiek barrura ematen dute. Ez dugu inoiz eguzki izpirik ikusten». Solaskidea isilik geratu zaio. Aspaldiko lagunak dirudite, baina antza sekula ez zuten hitz egin balkoiez eta leihoez.

Fruta dendaren kanpoaldean zainzuri freskoak daude. Garaia da. Metro eta erdi zer den ez dakien nire atzeko gizona urduri sumatu dut, bere aurretik gaudenok zainzuri dotoreenak poltsaratuko ote ditugun. Tonto-tonto ilaran aurrera egin eta kaxako zainzuriak banan-banan miatu ditu eskularrurik gabeko eskuekin. Azkenean sorta perfektua osatu du eta denon aurretik sartu da dendan, «horixe bakarrik» ez duelako behar.

Akaso ez gara lehengo berak izango hau guztia bukatzen denean, baina ez dakit hobeak izango ote garen. Oraindik ohean begiak itxita txistulariak entzuteko zain egoten naiz jaiegunetan.