Ariane Kamio
IRUDITAN

Lan eta bizi

Bi egun igaro dira Maiatzaren Lehenetik. Bi egun beranduago dator 7K hau; igandeetan argitaratzearen beharrizanak. Nolanahi izan, langileei begira dator aste honetako alea, osasun krisiaren erdian egindako lana. Historiara begira jarriko gara, Maiatzaren 1ak Euskal Herrian eman duenari segika. Eta futbolaz ere ariko gara, bere izaera sozialistaz, diru tsunamien azpiko irakurketa baten bitartez. Horien aurretik, ordea, emakumeenganako gerturaketa bat. Osasun krisiaz ari gara, osasun krisian ari gara, lanean, lan eta bizi. Eta paradoxa bati heldu nahi izan diogu, paradoxa lerrootara ekarri eta kontatu, pentsatu eta elkarbanatu. Emakumeak erretratatu ditugu kaleetan, kaleetan lanean, eta aitortza txiki bat ere bada haiengan zentratuta hurrengo orrialdeetan doan erreportaje konpartitua. Haiek dira aurpegi, eta haiek dira hitz. Egunerokoan bezala, haiek direlako zapalkuntzaren azpitik birsortzen diren arima galdugabeak.

Paradoxara itzuliko gara. Osasun krisiak uzten digun paradoxara. Erizain laguntzaileak, supermerkatuetako langileak, adinduen zaintzaileak, dendariak, baserritarrak, baita erizainak ere, anbulantzietako langileak, garbitzaileak... Emakumeekin lotutako lanak, betitik sistemak bere piramidearen azpian utzi dituenak. Haiek erretratatu ditugu, haiei aitortza egin eta piramidea irauli nahi izan dugu, edozeinek adinako balioa duelako haien lanak ere. Maiatzaren 1era itzuli gara gaur.