28/06/2020

Alaia Martin
Azpikoak
Autogorrotoa, menpekotasun harremanak, erasoak eta konplexuak elikatzen dituen arauak albo batera utzitakoek erdigunea hartuko dute. Eskuin muturrak eta muturrak okertzen dituztenek isilxeago pasako dute, zorte pixka batekin, gaurko eguna.

Musu-aurrekoa jarrita ateratzen gara kalera orain batzuetan. Masailak gorritzeko modu berri bat deskubritu dugu lotsatiok; geure arnasa arnastea. Belarriek ohi baino protagonismo handiagoa hartu dute gure aurpegian eta irribarre zabalago egiten dugu oihalpeko keinua begietaraino zabaltzeko eta ikusgarri egiteko ahaleginean.

Gordetzeko, ezkutatzeko edo ez ikusiarena egiteko prenda praktiko bat agertu da gure armairuetan eta boladan dago, itxuraz, bolada baterako gainera. Adierazkortasuna kentzen digu eta gaizki-ulertuak biderkatzen ditu musukoak, baina izango da estalpean erosoago sentitzen denik; ikusezinago sentitzeak lasaitzen duen jende mordoa egongo da. Nortasunarengatik edo beren hautuengatik hala erosoago bizi diren pertsonak ez dira gutxi izango.

Erdi desagertutako udaberri baten ondorengo uda iritsi dela esan digu egutegiak eta berritu ditugu suak eta jarri gatzaizkio egutegiari begira, nabarmendutako egunen bila. Gaur, harro egoteko eguna den honetan, arrotz sentitu izan diren asko aterako dira kalera musu-aurrekoa soinean. Ukatutako eta baztertutako pertsona asko aterako dira plazen erdira kolorezko oihalak astintzera. Gordetzeko ezer ere ez eta gordetzeko zerbait balute bezala begiratu, epaitu, gutxietsi zein jipoitu dituzten askok gordeko dute irribarrea musukoaren azpian gaur. Autogorrotoa, menpekotasun harremanak, erasoak eta konplexuak elikatzen dituen arauak albo batera utzitakoek erdigunea hartuko dute. Eskuin muturrak eta muturrak okertzen dituztenek isilxeago pasako dute, zorte pixka batekin, gaurko eguna. Gaurkoa bakarrik izateak ematen dien lasaitasunak kulunkatuta. Modu batean hala delako, gaur bakarrik delako. Aurreratu ahala erresistentziak indartuz doazelako eta krisi honek ere erakutsi duelako zein harreman mota diren lehen mailakoak eta zeintzuk bestelakoak. Familia unitateka atera ahal izan da kalera, bakarrik bizi diren pertsonak bakardade zabalagora behartuz. Etxe berean bizi diren bikoteek izan dute kalean paseatzeko baimen ofiziala, bestelako bikote zein bikote antolamenduk ez dute arauetan azalpenik ere izan, ez dira existitu.

Ez diren gauzak ere badirela badakigu jakin, baina ikusten ez diren gauzak ez dira hainbeste izaten... Nola esan…? Asko dira baina ez dira izanaraztera bultzatzen. Oraindik ere pelikula, liburu eta, oro har, fikzio gutxitan islatzen da errealitatearen askotarikotasuna. Maitatzeko edo sexualki harremantzeko eredu ezberdinak ez dira euren existentziaren proportzioan plazaratzen. Horrekin batera, esango nuke plazaratzen direnean ere nabarmendu egiten dela eredu horien ezohikotasuna eta dagokien onarpena, eta azkenean eta praktikan, ez dago hori azpimarratzea baino bereizgarri nabarmenagorik…

Musu-aurrekoaz hitz egiteko garaiotan musuen azpira begiratzeko tartea har genezake. Ikusten ez ditugun musuei begiratzeko garaia da. Begiradak garbitzeko eta askatzeko balia liteke unea, betileak gorantz orraztea eta begirada zabaltzea musu-truk da. Sinetsita dago ortzadarrak ez dituela beti eguzkia eta euria behar kalera ateratzeko; eguzki galdatan, euri beharrik gabe, erdigunea hartzeko garaia helarazi behar dugu.