28/06/2020

JOKIN URAIN
Ereduak
Estatu Batuetan edo hemen, edozein sadiko eta gizatxarrek bere instintu ezkutuenak trabarik gabe libratzeko mozorro aproposa da polizia uniformea edo plaka; Estatuaren izenean ari dela adierazten duen ezaugarri hori, alegia.

Ez dakit ohitu egin gaituzten edo ohitu egin garen, baina sarri eta sarriegi iristen den berria da Ameriketako Estatu Batuetan poliziak norbait hil duela, eta gehienetan aztoramen handirik gabe igarotzen da hildako bakoitzaren kapitulua. Urtean mila pertsona inguru hiltzen omen ditu Polizia estatubatuarrak, beltzak gehienak. Beltza bazara, arriskuan zaude, berdin dio arriskutsua zaren edo ez. Eta beltza ez denean beltzaren gisakoa izango da.

Egin dezakezu alderaketa bat, begira dezakezu zenbat pertsona hiltzen dituen Europako edozein herrialdetako poliziak, edo Australiakoak, edo... eta alde handia ateratzen die Estatu Batuetakoak. Joan den maiatzean George Floyd hil zuen, beltza hau ere; eskuak atzean lotuta zituela, lurrean, ito arte zapaldu zioten lepoa. Hilketa horren irudiak hedatu ahala irakiten hasi ziren bazterrak, sutan leku batzuk, gizartearen haserrea borborka. Polizia eredua aldatzearen premia aipatu du norbaitek.

Estatua defendatzea, justiziaren onuran aritzea, lege hausterik inork egin ez dezan begiratzea, gizartearen ongizatea zaintzea... Halakoak izango dira, edo antzekoak, demagun, edozein lekutako poliziari zeregin moduan agintzen dizkioten lanak, eta uniformea ematen diote. Uniformea, arma, plaka... Oskol babesgarria, azken batean. Mozorroa. Eta mozorroak lizentzia handiak ematen ditu: Estatuaren izenean aritzeko, nahi duena egiteko, edozer eginda ere erantzukizun handirik ez izateko, printzipioz beti arrazoia izateko eta gehiagorako.

Bistako gauza da mozorro hori babesgarri eta ostendera perfektua dela bere baitan joera sadiko, zikoitz, larderiatsu, psikopata edo gisakoak dituenarentzat. Kalearen erdian beltza ito dezake poliziak, eta ez du usteko ezer txarrik egiten ari denik. Komisarian atxilotua torturatu dezakete poliziek, eta Estatuaren, justiziaren, legearen etsaia zentzatzeagatik ari direla esan. Estatu Batuetan edo hemen, edozein sadiko eta gizatxarrek bere instintu ezkutuenak trabarik gabe libratzeko mozorro aproposa da polizia uniformea edo plaka; Estatuaren izenean ari dela adierazten duen ezaugarri hori, alegia.

Poliziak beste jarrera bat izan behar luke, beste modu bateko pertsonak izan behar lukete poliziek. Baina, Estatua nolako, polizia halako, Luis; eta ezinezkoa da polizia eredua aldatzea Estatu eredua aldatu gabe.