Gurutze Anduaga
IRUDITAN

Jolas

Aurrekoan, lagun min batek: «Oraintxe haur izan nahiko nuke berriz ere. Orain eta beti, beti nintzateke haur, haien zoriontasunarekin biziz, haien kezka bakarra jolas egitea den mundu horretatik irten gabe». Egoera zailean zegoen, gaixoaldi baten atarian. Ekaitza zetorkion gainera, eta aterperik ezin inon topatu. Trumoi eta tximistapean zetorkion denboraleari nola aurre egin pentsatzen ari zen bere alderik arrazionalena. Besteak, zentzuari, zuzentasunari eta egin behar denari apur bat bizkar ematen dion alde horrek, lasaitua behar zuen, zerbaiten pea, enbataren artetik eguzki printza bakan bat ateratzeko moduko pentsamendu goxo, ase eta ahalik eta bareena. Eta hori zen bere haurtzaroa. Oroitzapen irribarretsu bat.

Telelan, mugikor, e-mail, informazio eta estres erauntsi batean bizi ohi garela jabetzea ez zaigu gehienetan asko kostatzen. Guztiok dakigu denborari atzamarkaka ematen ditugula egunak, hamaika direla ohetik kanpo hanka lurrean jartzen dugunetik ohean berriro sartzen garenera arte egin beharrekoak. Beharrekoak eta ez nahi genituzkeenak, beste hainbeste baitira gogoari aurka eginez, indarren neurria behartuz edo guraria bortxatuz gauzatzen ditugunak. Usu, bizitza bera berriz marraztera eramaten gaitu afera kezkagarri batek, bizi garen burbuila leherraraziz eta behingoagatik, gogoak hala nahi duelako, haurtzarora itzuliz. Bitartean, bada alternatibarik: egin jolas, bederen.