JOKIN URAIN
IRITZIA

Susmoa

Firin-faran gozorik gabe eta gorde samarrean igaro dugu udaberria. Ez dakit izurriaren kutsakortasunari ala auzokoaren begiradari, marmarrari eta poliziari izan diogun beldur handiagoa kalera ez irtetea erabakitzerakoan. Agian dena da izurri eta izugarri; denak izutzen gaitu. Errepara iezaiozu bestela kalean gurutzatzerakoan zela zirkin egiten dizuten batak eta besteak, eta zela, oharkabean agian, zirkin egiten diezun zeuk besteei. Denok gara susmagarri, denak zaizkigu susmagarri..

Itxialdiaren amaieran, irekialdiaren hasieran, noraezean atera gara, atera beharraren beharraz, baina noranahi joatea ez da komeni, nonbait, eta oporrak berton igarotzeko aholkua eman digute. «Lurraldearen berraktibazio ekonomikoa babesteko momentua» dela esan zigun sanjuanetan paraje hauetako Sustapen Ekonomiko, Turismo eta Landa Inguruneko diputatuak.

“0 kilometro” filosofia, alegia; bertatik bertara, gertuko, eskutik eskura... Eta poz ematen du agintariak hain hurbileko sumatzea, hain sentibera etxeko arazoekin. Bazen garaia urrutietako ederraren bila joaten ibili gabe hemengo txoko gordeak, bertan dauzkagunak baina ondotik igarotzean begiratzen ez diegunak ikustera gonbita egiteko norbaitek.

«Kalitatezko turismo eredu iraunkor eta orekatu» baten alde plana prestatu digute gipuzkoarroi, eta Gipuzkoan bazterrik bazter ibiltzeko agiria gainera: “Gipuzkoa Passport!”. Pasaporte horrek gure erakargarritasun turistikoei balioa ematen omen die. Pentsa! Seguru nago badagoela arrazoi sakonen bat gipuzkoarroi Gipuzkoan zehar ibiltzeko agiriaren izena horrela ipintzeko, txakurrak espaloiaren erdian kaka egiteko izaten duen bezain arrazoi sakona gutxienez.

Pandemiak turismoaren zera horretan «inpaktu latza» eragin duela bai, baina gipuzkoarron zentzu zozoa ere kaltetu egin duela susmatuta, hori ere berraktibatu egin behar dela pentsatu behar izan du jaun diputatuak. Horregatik aukeratuko zuen euskara baino hizkuntza jasoago eta presentableagoa agiriaren goibururako. Denoi kultura apur bat erakustearren, nolabait, eta gure erakargarritasun turistikoei balioa emateko, jakina. Ez da fenomeno berria, lehen ere ezagutu genuen horrelako moda, «kasero-boronoka» aritzen zitzaizkigunean. Izurri zaharra da.

Sarri agertzen eta gehiegi kutsatzen den izurria baita ergelkeria, Aitor, eta oraingoa ere ergelaren kontua da, nire susmo apalean.