02/08/2020

Petti
 
«Musikari amaiera modukoa eman nahiko nioke» - Petti
Joni Ubeda, argazkiak: Conny Beyreuther
023_petti26-2

Berako Euskalduna tabernan elkartu gara, herriaren sarrerako bidegurutzean, diskoari buruzko xehetasun gehiago bildu nahian. Kantu berriez hizketan ari gara Pettirekin, musika ibilbideari amaiera eman nahi diola iragarri duen arte. Lagun arteko solasaldia galdetegi bilakatu da orduan.

Aldaketa garai etengabean bizi gara, hilabeteotan. Pettik, ordea, garai aldaketa iragarri digu 7Kri eskainitako elkarrizketan. Bere asmoak betetzen badira, umezurtz utziko ditu musikazale ugari. Disko bikaina eginda, hori bai.

«Manipulazio estrategiak» disko berriena entzunda, ekoizpenari dagokionez, aske samar ibili zarela ondoriozta daiteke. Estilo berrietara zabaldu da zure musika. Grabazio estudiora sartu aurretik hartutako erabaki kontzientea izan al da?

Bai, bereziki “Helduentzako sehaska kantua I” izenekoan. Bossa nova estilora gerturatzen den ukitua eman nahi izan nion kantuari. Angel Unzuren gitarrarekin kantuak beste kutsu bat hartu zuen. Asmoa hori zen, estilo ezberdinean grabatzea. Orain arte egin ez nuena egiten saiatzen ahalegindu naiz. “Helduentzako sehaska kantak II” izenekoan Karlos Osinaga Txapen ekoizpena dela nabari da gehiago. Bigarren horri dagokionez, hari laukotea kutsu elektrikoa duen estilo batean uztartzea zaila izango zelakoan, kantu beraren bi bertsio ezberdin egitea erabaki genuen. Eta biak daude diskoan.

Fan modura jarrita, hiru «hit» zerrendatuko nituzke: 1., 4. eta 7. kantuak. Zein iritzi duzu?

“Zeure begia, haien zizare” zazpigarren kantua da, erritmo gehien duena eta, akaso, dantzagarriena dena da. Laugarrenak, “Inozoak ispilu bila” izenekoak, Nick Drakeren ukitua du. Gitarra tono ezberdinean afinatuta dagoelako, bereziki. Diskoa zabaltzen duen “Zaldi emozionalak” kantua Harkaitz Canok idatzitakoarekin eta soul kutsuko musika estiloarekin borobila geratu dela esango nuke. Garrantzirik kendu gabe taldeari, ekarpen handia egin diolako kantuari. Joseba Irazoki gitarra joz hasten denean, adibidez. Aipatu dituzun horiez gain, “Diotenez” kantua nabarmenduko nuke.

«Zaldi emozionalak», kantu horregatik bakarrik diskoa erosteak merezi du.

Garapen handia du kantuak, eta ohi baino luzeagoa izan arren grabazio ona egitea lortu dugula uste dut. Diskoaren berri emateko kantu horrekin bideoklipa egitea erabaki genuen. Kantu luzea da, sei minutukoa.

Kantua gogoko duenak ez dio iraupenari erreparatuko. Lorpen bat da hori.

Luzeegia dela esango balu, betetzen ez duen seinale. Kar, kar.

Folka, esperimentazioa, rocka. Disko honetan oso kontuan hartu dituzuen estiloak dira.

Kontzienteki egindako ariketa izan da, aurreko diskoa, “Hotzikarak”, rock kutsukoa izan zelako erabat. Disko honetan nire ibilbidean erakutsi ditudan bi alderdiak txertatu nahi izan ditut, elektrikoa eta akustikoa. Horrexegatik diskoa estudio ezberdinetan grabatuta dago. Kantu elektrikoak Beran, eta akustikoak, Tolosan.

Kantu guztietan, hori bai, boza ozen agertzen saiatu gara. Normalean, kantu elektrikoetan boza ez da lehen lerroan egoten. Baina hitzek garrantzia aunitz dutenez, saiatu naiz disko honetan ahotsa nabarmentzen.

Aipatu ditugu dagoeneko diskoa osatzen duten kantu asko, eta horietako hainbat zuzenean eskaintzea ez da batere erraza izango. Birmoldatzea izango da alternatiba?

Diskoa bere osotasunean soilik hari laukotearekin batera ariko garen emanaldietan eskainiko dugu. Uztailean Lesakan Etxeko Uztarekin kontzertua eskaini nuen, eta kantu guztiak zuzenera eramatea zaila izan zen.

Hari laukotea diskoan sartzea estudioan grabatu aurretik erabakita zegoen ala gerora hartutako erabakia izan zen?

Grabatu aitzin pentsatuta nuen hari laukotearekin grabazioa egitea. Teorian, “Manipulazio estrategiak” Pettiren azken diskoa izatea zen. Disko beteena izatea nahi nuen, orain arte erabili ez ditudan instrumentuak txertatuz. Amaiera modura egokia iruditu zitzaidan.

Bukaera? Zein zentzutan?

Musikari amaiera modukoa eman nahiko nioke, lanbide bezala behintzat, bai. Beharbada, gitarra joz jarraituko nuke, baina plazer hutsagatik. Lanbide modura, ez. Horregatik egin nahi nuen horrelako diskoa. Beteagoa, bukaera “solemnea” izan zedin.

Nekatu egin zara, akaso?

Arrastaka gabiltza beti. Lana eta musika uztartzea oso zaila zait niri. Ez dira soilik kontzertuak. Entseguak dira, eta musikan bertze jende aunitzekin parte hartzen dut. Aste tartean entseguak eta prestaketa lanak egin behar dira. Topa dezakedan lana egun erdikoa balitz moldatu ninteke, akaso, baina egun osoko lanaldia hartuz gero, musika jarduerarekin uztartzea oso zail egiten da. Musika utzi beharko nuke. Erabaki hori hartzea nuen pentsatuta. Garai bat atzean utzi, lanean hasi... eta gero gerokoak.

Musika ogibide bilakatzea ezinezkoa zaizulako, zoritxarrez.

Ezinezkoa da. Ez dakit kontzertu gehiago egin beharko nituzkeen, baina baldintza hobeak beharko lirateke. Tabernetan joz ezinezkoa da musikari modura bizitzea. Eta kontzertu potolo bat ateratzen denerako taberna batean lauzpabost egin ditut. Bizi dugun egoera nekagarria da. Poliki-poliki adinean gora goaz, eta dagoeneko ez gara ostiralero edo larunbatero tabernara joaten.

Taberna batzuetan jotzen ari zarela ere jendeak ez dizu kasurik egiten eta horrelakoetan “bajoi” handia hartzen duzu. Horrek guztiak ekarri nau buruan nuen asmoa agertzera.

Adierazi duzunak ezustean harrapatu nau. Zure kantu gehienak gitarrarekin hasten direla aipatu behar nizun.

Bueno, nik hitza behar dut lehenik eta behin. Hitzaren gainean eraikitzen dut kantua. Beti egin dut horrela, errazagoa zait niri. Abesten duzuna gitarrarekin azaltzea da asmoa, eta ez alderantziz.

Petti gisa, gitarrarik gabe, soilik kantuan aritzera ausartuko al zinateke zuzenean? «Errurik gabeko habia» kantua datorkit burura.

Gustura sentituko nintzateke, lasaiago segur aski. Niretzat errazagoa izanen zen. Baina kosta egiten zait, gitarrarekin nagoenean gitarrari begiratzen diodalako eta ez dut aurrera begiratu behar. Jendeari begira jartzea kosta egiten zait. Nerbiosten naiz, eta hitza galtzen dut. Baina ari naiz ikasten.

Errezitatzen eta interpretatzen ederki ikasten ari zara.

Horretan saiatu naiz. Erranen nuke badela antzerki pixka bat, tartean. “Ergelen gelan”, bereziki. Egia erran, hitzek aunitz laguntzen dute horretan. Nire hitzekin deskonfiantza izan dut, ez ziren niretzat kantu onak eta gehiago kosta zait kantuetan sartzea. Baina Harkaitz Canoren hitzak kristorenak direla badakit, eta kantuan murgildu eta interpretazioan sakontzeko askatasun handiagoa eman diot neure buruari.

Kultur artefaktua, definizio hori eman diozu diskoari.

Pil-pilean dagoen gaia da diskoan azaleratu nahi izan duguna. Ultraeskuina nola sartu den ikusita. Zehazki esanda, sartu baino gehiago hemen zegoen, baina txokotik atera da. Amerikako Estatu Batuetan Trump presidente izatea... gauza horiek guztiak ikusita zerbait aldarrikatu nahi nuen. Erraten dut diskoa arku bat dela, eta kantuak, geziak. Geziak nahieran har ditzake entzuleak. Badu probokaziotik ere diskoak.

Ikustekoa izango zen Harkaitz Canoren aurpegia, Sylvian Timsit-Noam Chomsky bikoaren pentsamenduan oinarrituta diskorako hitzak idaztea proposatu zenionean. «Bazuen zerbait egingaitza egitasmo hark. Saiatzeak merezi zuen seinale, beraz», dio aitzinsolasean.

“Erramurik gabeko gaua” egin ondoren afaritxo bat egin genuen Zarautzen, eta hantxe egin nion proposamena. Chomskyren liburu bat irakurtzen ari nintzen egun haietan, eta sarean topatu nuen Timsiten dekalogoa. “Hamar estrategia” disko baterako aproposa zela iruditu zitzaidan. Harridura aurpegia jarri zuela ezin uka, baina bi asteko epean hitz guztiak egin zizkidan. Hortik aitzinera dena joan da lasai ederrean.

Horrelako bidelagunak izanda, errazagoa da dena.

Nire kasuan behintzat, bai. Pisu handia kendu zidan gainetik.

«Zaldia izan arren zabiltza asto lanean». Egungo bizimoduan arlo askotara zabaldu daitekeen esanahi handiko esaldia da. Zenbateraino makurrarazi gaituzten, asto lanaren antzeko bizimodua ezartzeraino.

Eta batzuk konturatu ere ez dira egiten. Sare sozialei dagokienez, adibidez. Zenbat jende dagoen Facebooken edo Twitterren sartuta... Noizbait zapata batzuk agertzen zaizkizu, zapatei klik egin eta hurrengo urte osoan zure denbora lerroan zapatak agertuko zaizkizu. Kontrolatuta zaude, klik bakarra eginda. Disko honekin hasi arte ez nintzen konturatu. Harrapatu gaituzte goitik, sokatik, eta txotxongiloen pare tratatzen gaituzte.

Madrilen izan naiz berriki, eta hango supermerkatu handi batean aurpegia bereizten duen eskanerra martxan zegoen. Noiz joan zaren, zenbat denbora eman duzun bertan, zer erosi duzun... supermerkatu batean erregistratuta geratu da. Harrituta geratzen gara, eta, aldiz, Asian kontrol digital hori askoz zorrotzagoa da.

Diskoa kalean, entzulearen garaia da. Zure garaia duela bi urte hasi zen eta dagoeneko egin beharreko lan guztiak eginda dituzu. Zuzenekoekin hastea besterik ez da falta.

Gogotsu nago, bai. Diskoa martxoaren 15ean aurkeztu behar genuen Bilbon, Loraldian. Talde osoarekin aurkeztu behar genuen, eta diskoa bukatu berritan buruan fresko genuen. Emanaldi hori atzeratu egin zen halabeharrez, eta urrian eskainiko dugu. Gogotsu nago, baina errespetu handia diot kantutegiari.

Zer moduzkoa izan da konfinamendu garaia zuretzat?

Konfinamendu egoera nahiko ondo eraman dut, iaz begietako ebakuntza egin ondoren etxetik mugitu gabe hiru hilabete eman nituelako.

Etxean bakanduta, sormenerako garai aproposa dela deritzozu?

Ez. Denbora baduzu, baina non duzu burua? Zerbait sortzekotan ez litzateke positiboegia izanen. Nick Drakeren estiloko disko bat egiteko ona izanen zen, akaso.

Birritan aipatu dugu Nick Drake elkarrizketa honetan. Denon baitan daude oinarri musikalak. Lantzean behin Nick Drakera itzultzen zara.

Bai. Aunitz maite dut, bereziki gitarrarengatik. Maisua zen kantuak egiten, abesten, pianoa jotzen... baina gitarra jotzeko modu hori oso gogoko dut. Ezkutuan gordetzen zituen afinazioak, bestalde. Ez zion inori esaten gitarra nola afinatzen zuen. Ez da Terry Lee Hale bezala, azken honek diskoetan afinazioen xehetasunak aipatzen baitzituen.

Zure agurra izan daitekeela aipatu duzu elkarrizketan zehar. Zeren baitan egon daiteke iritziz aldatzea?

Diskoa ondo joatea eta kontzertuak izatea. Azkenean hori da behar duguna. Ogibide izateko kontzertuak eman behar ditugu. Egun erdiko lana aurkituz gero, goizez lanean aritu eta arratsaldea musikari eskainiko nioke.

 

Bidelagunak

Zart kolektiboari esker diskoa argitaratzeko ekoizpen handi samarrean murgiltzeko aukera izan du. Euskal artista ezberdinen ekimena da, sortzaileei bultzadatxoa ematea helburu duena. Bidelagunak beharrezko dira edozein abentura abian jartzeko garaian. Kolektibo horrez gain, badira aipatzea merezi duten izen propioak.

Ana Galarraga:

Laguntzaile handia. Webgunea darama, kontzertuak harrapatzen dizkit, fan ere bada. Musika munduan gehien lagundu didan pertsona da, eta urte askorako izatea espero dut. Gaitasun handia du, bere lanean eta baita niri laguntzen didanean ere.

Toño Muro:

Maisua. Kantugile modura, idazle modura eta, garrantzitsuena, pertsona modura. Lagun handia dut. Ezagutzen duenak badaki galdu ezin den lagun horietakoa dela.

Iñigo Muguruza:

Azken urteetan elkar ezagutu genuen, eta laguntasun koskorra sortu zen. Negar aunitz egin dut.

Rafa Berrio:

Lagunak ginen, eta tarteka Donostian ardotxo batzuk hartzen genituen. Barojazale amorratua zenez, Berara etortzea gogoko zuen. Egia erran, oso ondo pasatzen genuen. Aunitz miresten nuen bere idazteko manera, nahiz eta beharbada teknikoegia izan. Hitzak sortzeko zuen gaitasuna miresten nuen. Zuzenean nahiko basatia zen.

«Manipulatzeko estrategiak», hamar puntutan

Diskoa Pettirena bada ere, ezin aipatu gabe utzi Harkaitz Cano, diskoko kantu guztien hitzen egilea. Aitzinsolasean, diskoari izenburua ematen dion azalpena egiten du: «Sylvain Timsitek, Noam Chomskyren pentsamenduan oinarrituta, interneten asko hedatu den zerrenda osatu zuen 2002an, iritzi publikoa eta gizartea bera masiboki manipulatzeko estrategiak hamar puntutan laburbilduz: arazo garrantzitsuetatik aldentzeko distrakzioak sortzea; erreboltak saiheste aldera eskubideak murrizten dituzten erabakiak pixkanaka-pixkanaka, gradualki, hartzea; neurri mingarri horiek etorkizuneko balizko hobekuntza baten promesari lotzea; ez dagoen lekuan arazoak sortu eta haiek konpontzeko aitzakian neurri are gogorragoak justifikatzea; jende heldua umea edo adimen askirik gabea balitz bezala tratatzea; hausnarketa arrazionala sustatu beharrean alderdi emozionalean azpimarra ipini eta emozio horiek beldur, bulkada, desio edo portaera jakin batzuk txertatzeko garraiobide bihurtzea; gizartea ezjakintasunean mantentzea; ezjakintasun hori harrotzeko moduko zerbait dela sinetsaraztea; ekintzarako irrika oro autoerruduntasun sentipenaren bidez ezeztatzea; eta, azkenik, teknologia eta kontrol sistemen bitartez gizabanakook geure burua ezagutzen dugun baino hobeto haiek gu ezagutzea».

«Disko beteena izatea nahi nuen, orain arte erabili ez ditudan instrumentuak txertatuz. Amaiera modura egokia iruditu zitzaidan»

«Bizi dugun egoera nekagarria da. Poliki-poliki adinean gora goaz, eta dagoeneko ez gara ostiralero edo larunbatero tabernara joaten»

«Kontrolatuta zaude, klik bakarra eginda. Harrapatu gaituzte goitik, sokatik, eta txotxongiloen pare tratatzen gaituzte»