Arantzazu Ugarte
LUMA BERRIEN AZTARNAK

Olatuek gazitutako ametsetan blai

Amore eman duzu, Abdul, arraioa!– Hakimek ezin zituen begiak bere lagunaren gainetik kendu.

Beldurraren ispilu bilakatu zitzaizkion begi lausotuak, eta malko otzan batek ihes egin zion masailetik behera. Inork ez zion malko hori lehortuko, ordea; itsasoaren gazitasunean galtzera zihoan.

Gizontzeko sasoira iritsi gabe, aurre egin behar izan zion Hakimek odisea latz hari. Hamahiru urte. Nahikoa, amaren sufrimendua ulertzeko eta infernu hartatik alde egin behar zuela jakiteko.

Hakimi hiru urterekin aita hil zitzaion. Ama gajoak, alargundurik, munduko ofizio zaharrenera jo behar izan zuen, semeari jaten emateko. Eta zaila zen bizirautea. Nahikoa, diru pixka bat bildu, eta Aljeriako miseria atzean utziz semeak Europara bidea egin zezan, bizi duin baten bila.

Eguna iritsi zenean, goizean goiz agurtu zuen ama Hakimek, kamioi baten atzealdean igota Aghniara bidean; Marokorekin muga egiten duen hiri hartan pasako zuen gaua. Dozena bat bidaiari zihoazen kamioian, gehienak gizon gazteak, antzeko ametsez beteta. Bertan ezagutu zuen Abdul; urte pare bat zaharragoa zen, eta berak ere bakarrik hasi zuen bidaia, anaia nagusiarekin Bartzelonan elkartu nahian.

Eguzkiaren bero infernala baino astunagoak ziren kamioi hartako beldurra, ziurgabetasuna, herria eta familia galtzearen tristura. Halere, tarteka, ilusio izpiek alaitzen zizkieten aurpegiak. Dena ondo joango zen. Europa zain zeukaten.

Kartoi artean eta plastikozko txaboletan egin zuten amets Aghnian. Hurrengo hiru egunetan, hamabost kilometro egin beharko zituzten oinez, muga pasatu eta poliziak harrapatu gabe Oujda hirira iristeko.

Lehenengo bi egunak nahiko ondo joan zitzaizkien. Baina hirugarrenean, poliziak aurrez aurre aurkitu zituen eta sakabanatu egin zuen taldea. Abdulek ez zuen berehalakoan ospa egin, eta jipoi galanta eman zioten. Azkenean askatu eta lortu zuen taldekideekin batera ezkutatzea. Ordu batzuk geroago denak iritsi ziren Oujdara.

Abdulek, larri zaurituta izan arren, argi zeukan ezin zuela atzera egin muga pasa ondoren. Herrenka, gorputza ubeldurez josita eta bularraldea minduta, arnaska eta kostata egin zuen aurrera. Anaiarengana iritsi beharrean zen, kosta ahala kosta.

Oujdanen, Laracheraino autobusa hartu zuten. Larache inguruko gune basotsuetan, enbata aldendu eta itsasoa baretu arte egun batzuk eman zituzten zain. Egunetik egunera, bidaiaren gogortasunari jatekorik eza gehitzeak ahuldu egin zituen Hakim eta bidelagun oro. Eta bereziki, areagotu egin zuen Abdulen mina une oro; minaren eta eztularen ondorioz zerion odol iluna, hura bezala, orduan eta ilunago, minago itsaso oldartuaren aurka.

Itsasoa baretu zen eta eguzkia irteten hasi orduko, hondartzatik sentitu zuten zodiak baten motorra eta itsas bazterrera abiatu ziren. Zodiak bat, esna-amets bat, itsasoa gurutzatzeko. Beraiei bezala, ihesaldiokin negozioa egiten zutenek hainbat jatorriko migratzaile ugariri promes egindakoa. Hirurogei bat izango ziren gutxienez; gehiegi, halako patera txiki baterako. Hakimek galtzoinetan gordeta zeramatzan 400 dolarrak eman zizkion rais-ari, ontzitxo hartan sartu ahal izateko. Abdulek ere ordaindu egin zuen, eta Hakimen laguntzarekin igo zen ontzi hartara. Ez zen ordurako oinez ibiltzeko gai eta ezin igo laguntzarik gabe.

–Eutsi, Abdul! Laster helduko gara lur hobe batera– esan zion Hakimek.

Ozeano Atlantikoan barrena sartu, eta Tangerreko badiaraino kostaldetik gertu nabigatu zuten. Gero, Gibraltarko itsasartea gurutzatzeko, Espartel lurmuturretik urrundu ziren, itsas armadaren kontroletik at. Gaua erortzerako, Abdulek ezin zuen ia arnasarik hartu. Pateran denak hain pilatuta egoteak ere ez zien laguntzen eroso egoten. Itsasoa harrotzen hasia zen, eta olatuek gogor jotzen zuten ontzia, gau hotzean. Abdul dardarka zegoen, sukarrak jota. Eztulka hasi zen eta etengabeko odol jarioa bota zuen ahotik, itsasoko urak gorrituz. Indar guztiak galduta, Hakimen altzoan erortzen utzi zuen burua, eta, azken hasperena eginez, lagunaren besoetan hil zen. Hakim hain geratu zen lur jota, erreakzionatu orduko berandu izan zela jada; ondoan zituen bi gizonek lagunaren gorpua hartu eta itsasora bota zuten, gupidarik gabe.

–Amore eman duzu, Abdul, arraioa!– esaten bakarrik asmatu zuen Hakimek, begiak bere lagunaren gorputik kendu ezinik, ur gainean flotatzen, geldirik, aldentzen zela. “Gizonek ez dute negarrik egiten” esaten zion amak beti. Malko gaziek handitutako itsaso hura ez zuen, ordea, amak ezagutzen. Madarikazioa! Olatuaren zipriztina ote zen orduan masailetik erortzen zitzaion hura!

Cadiz bistaratu zuten egun berria argitzearekin bat. Hareatik metro batzuetara zeudela, Gurutze Gorriko ontzi bat gerturatu zitzaien. Harrapatu eta atxilotuak izateko beldurrez, uretara salto egin zuten askok, eta erdi-igerian lehenik, korrika gero, aldendu ziren norabide ezberdinetan. Beste batzuk, Hakim kasu, bertan geratu ziren, zer egin jakin gabe. Gurutze Gorrikoek lehorreratzen lagundu zieten. Hakimek ez zuen tutik ulertzen; baina hitz egiten zion mutil haren begirada garbian jarri beharko zuen esperantza guztia. Edo patuaren indarrean. Izan ere, gizon askok baino gehiago bizi izan bazuen ere, oraindik ume ausart bat besterik ez zen, gizontzeko Abdulen gorpu azpitik atera beharko zena.

Idazleari buruz

Arantzazu Ugarte (Oñati, 1986). Irakaslea ofizioz, itzultzaile lanetan ere badihardut tarteka. Idaztea beti izan dut gogoko, testuetan aurkitu izan baitut sentimenduen ihesbide-jolasa; ametsak irudikatzeko eta bidegabekeriak salatzeko. Lehena, oraina eta geroa gurutzatzeko. Direnak asmatu eta ez direnen testigantzak emateko. “Mundu erreala” zalantzan jarri eta irreala sortzeko, nire koadernotxo baten umiltasunean bakarrik gorpuztuko bada ere.