GALDER PEREZ
IRITZIA

Burbuilak eta txinpartak

Konfinamendu aurreko asteetan etxez aldatu ginen. Urte honen beste kasualitate edo bitxikeria bat. Itxialdiaren aurretik lagun gutxi, baina oso maitatuak, pisu berrira gonbidatu genituen. Izugarri estimatzen dudan haietako batek bizitzera joandako kale berriaren izenaren jatorriaz galdetu zidan, kalearen abizen ponpoxo konposatu horren nondik norakoaz. Ezer gutxi nekien orduan. Ustez, pertsona inportantea behar zuen, nola ez. Gerora jakin dut Bilboko alkate izandako gizona zela, duela lau mendeko uriko agintari. Bere jardunak baino askoz gehiago, ordea, emaztearenak eman zidan atentzioa. Summun izeneko xanpaina sortu zuen, Bilboko uraren aurrekari izan omen zena. Ezer edan gabe, burbuilak eta txinpartak igo zitzaizkidan burura. Hara, eta urte honetako beste kasualitate bat: etxe honetara oraindik ez da xanpain edo kabarik sartu (txakolina, bai, ados, baina hori onartzeak zutabea izorratuko luke).

Burbuilen harira bueltatuz, ezinezkoa izan arren, burbuilak beti ordenarik gabe eta haririk gabe saltoka zoro moduan baitabiltza, beste lagun maitagarri batek xanpain edota kaba kopatxoak oparitu zizkidan. Zer eta burbuilak bezalako urrezko izarrek jantzitako kopa dotoreak. Ardoarekin estreinatu genituen, etxe honetan oraindik ez baita kabarik edo xanpainik sartu. Urte honetako beste kasualitate edo bitxikeria bat.

Nor izango ote da aurten Freixenet burbuila? Lanean arituko ote dira Gabonetarako kaba katalanen kanpainak? Komertziala ote da burbuiladun edaria covid garaian? Izan ere, burbuilak horrekin lotzen ditugu: mahatsak jatearekin, ospakizunarekin, urtebetetzeekin eta parrandarako kontuekin. Baina burbuila sozialekin zer?

Garai hauetako hainbeste arau eta gomendio kontrajarrik sekulako nahasmena sortzen dute. Burbuilak eta txinpartak nahasten ditugu. Oraindik ere ez dugu transmisioa eta pedagogia egiten asmatu. Urte erdia pasatu da eta ez da asmatu, ez da lortu, gauzak behar bezala azaldu eta argitzen. Jendarteko zati handi batek, burbuila osatu barik, burbuilak kopatxoetan bezala, elkarri kolpeka jarraitzen du, galduta. Osasuna zentzu zabalean kolokan dago, baina burbuilak eta txinpartak osasun psikologikoaren, arlo emozionalaren eta zoriontasunaren parte dira.

Atzera begira, benetako burbuila sozialak ditut gogoan, leku itxietan elkarrekin erre eta batak bestearen kea arnasten genuenekoak. Orduan elkarri barre algarak transmititzen eta kutsatzen genizkion. Beharbada, burbuila horietatik aterata, lortuko genuke elkarren armiarma-sare ederrak osatu eta hain funtsezkoa dugun transmisioa gauzatzea. Nola ez, barreka eta pozik. Birusaren transmisioa ez, noski, lagunartekoarena, jakingurarena, pozarena eta maitasunarena baizik. Etxean bezala beti.