JOSEBA SALBADOR
MOTORRA

Renault Kangoo furgoneta, guztiz berrituta

Kangoo furgonetaren hirugarren belaunaldiak atzean utzi du aurreko modeloaren diseinu informal eta borobildua eta oraingoan seriotasun itxura handiagorekin iritsiko da, datorren urteko martxoan. Hori bai, beti bezala, lanera eta aisialdira zuzendutako bertsio bereziak izango ditu (Furgon eta Combi), eta ez da bertsio elektrikorik faltako.

Diseinuari dagokionez, Kangoo berriak ez du zerikusirik aurreko belaunaldiarekin. Aurrealdean Koleos modeloaren parrila berbera du, eta alboetan ondo markatutako gerri eta sorbaldak erakusten ditu, sendotasuna emanez. Ohikoa den bezala, furgoiak plastiko beltz gehiago erabiltzen ditu azpialdean. Combi bertsioan, ordea, karrozeriaren kolorearekin margotuta doaz.

Barrualdean ere modelo berrien elementuak hartzen ditu, hala nola diseinu berriko bolantea, abiadura-aldagailua edo Easy Link multimedia sistema berriaren pantaila. Guztiarekin, barruko itxurak turismo batena dirudi, furgoneta batena baino gehiago. Eserlekuak berriak dira, erosotasun eta iraunkortasun handiagoa eskaintzeko.

Eta praktikotasunaz ari garela, Kangoo berriak dakartzan bi irtenbide berritzaile nabarmendu behar dira. Alde batetik, “Easy Side Access” sistema, erdiko zutabea ezabatzen duena, merkantzia errazago sartu eta ateratzeko. Eta bestetik, “Easy Inside Rack” izenekoa, objektu luze eta handiak garraiatzea ahalbidetzen duena, bidaiariaren eserlekua etzanez.

Karrozeria, luzera eta motorizazio desberdinekin salduko da, erabilera profesional bakoitzera egokitzeko. Furgoi bertsioa bi luzeratan egongo da eskuragarri, baina Combi bertsioa karrozeria luzearekin bakarrik, bost plaza eta kargarako espazio handiena eskaintzeko. Bertsio horrek, gainera, erosotasun ekipamendua eta gidatzeko laguntza gehiago eskainiko ditu, tartean, “Permanent Rear View” barneko ispilu digital berria, atzeko ikuspen hobea izateko (bereziki erabilgarria leihorik gabeko furgoian), edo larrialdiko balaztatze-sistema autonomoa, oinezkoak eta txirrindulariak atzematen dituena.

Gasolina eta diesel mekanikez gain, Kangoo berriak bertsio erabat elektrikoa ere eskainiko du. Bateriaren autonomia, potentzia eta edukiera zifrak oraindik ezagutzen ez badira ere, litekeena da egungo modeloaren 230 kilometroko autonomia hobetzea.

 

Volvoren istripu proba ikusgarriak

Volvo Cars, trafiko-istripuetan bere ibilgailuetan izandako zauriak ahalik eta gehien murrizteko estrategiaren barruan, «muturreko talka probak» egiten ari zaizkie autoei. Azken ideia, 30 metroko altuerako garabi batetik hamar ibilgailu berri zenbait aldiz jaurtitzea izan da, kolpe bortitzenetan gertatzen diren indarrak simulatzeko, hala nola, bidetik abiadura handian irtetea, auto baten eta kamioi baten arteko talka edo alboetako inpaktu bortitzak.

Orain arte, fabrikatzaile suediarrak laborategian egiten zituen frogok. Orain lortu nahi duena da istripu larriak ahalik eta gehien simulatzea, erreskate taldeak edozein talkari aurre egiteko prestatu ahal izateko.

Volvok gogorarazi du erreskate taldeek txatartegietako ibilgailuak erabiltzen dituztela, bi hamarkada arteko antzinatasuna dutenak, eta, beraz, ez dituztela erresistentzia eta iraunkortasun elementu modernoak. Horregatik, uste du muturreko talka proba berrietan lortutako datuek berebiziko garrantzia izango dutela beren esku hartzeetan zauritu kritikoak izanez gero gaurkotuta egoteko.

Volvoren arabera, errepideko erreskateetan adituak direnek «urrezko ordua» aipatzen dute, izan ere, biktima askatu eta ospitalera eraman arte ez dira 60 minutu baino gehiago igaro behar.

Jasotako informazio guztiarekin, bai kolpeen inguruan, bai zaurituak ateratzeko lanen inguruan, Volvo Carsek txosten «sakona» egingo du, eta mundu osoko erreskate langileen esku jarriko du, doan. Informazio horrek «bizitzaren eta heriotzaren arteko aldea marka dezake».

 

Porsche 911 Turbo S bat opari Embraer jet pribatua erosiz gero.

Embraer jet pribatuen ekoizle brasildarrak eta Porsche kirol-ibilgailuen ekoizle alemanak bat egin dute beren produktu esanguratsuenen hamar unitatera mugatutako luxuzko edizio bat kaleratzeko. Lankidetza horren ondorioz, Embraer Phenom 300E edizio mugatuko hamar jet pribatuetako bat erosten duten bezeroek Porsche 911 Turbo S pertsonalizatu bat ere jasoko dute. Auto horren azken belaunaldia aurreko guztiak baino indartsuagoa da, 650 zaldiko potentzia duen 3,8 litroko boxer motorra baitu. Konpainiek ez dute preziorik aipatu, baina hegazkinaren bertsio erregular batek 9,5 milioi dolar balio ditu.

 

BMW iX elektrikoa, etxe alemanaren autorik luxuzkoena.

Urtebete barru, BMWren autorik luxuzkoena ez da zazpigarren seriea izango, baizik eta BMW iX, SUV elektriko berria. Garapen fasean dagoen arren, 2021eko bigarren zatian hasiko da ekoizten eta datorren urtearen amaieran merkaturatuko dute. Bateriak 100 kWh baino gehiagoko gaitasuna izango du eta, horri esker, 600 kilometrotik gorako autonomia izango du. Bi motor izango ditu, bien artean 500 zalditik gorako potentzia konbinatua batuz. Hala, zero eta ehun arteko azelerazioa 5,0 segundo baino gutxiagoan egiteko gai izango da. Modelo honek X5aren luzera eta zabalera ditu, eta bere diseinua minimalista da, etorkizuneko automobilek jarraituko duten joera.

 

Royal Enfield Meteor 350 motorra Europara iritsiko da datorren urtean.

Zilindrada erdiko motozikletetan aitzindari den Royal Enfield etxeak itxura klasiko eta zilindrada erdiko naked erakargarri bat merkaturatuko du datorren urtean Europan, Meteor 350 izenekoa. Izen hori 1950eko hamarkadako Royal Enfielden beste motozikleta ikoniko batengandik hartzen du eta oraingo diseinuak ere bere aurrekoaren sinadura bera darama, baina berrikuntza ugarirekin. Horrela, motor berri bat garatu dute, 349 zentimetro kubikokoa, airez eta olioz hoztuta. Motorrak 20 zaldiko potentzia garatzen du (6.100 bira minutuko) eta 27 Nm-ko motor parea (4.000 bira minutuko). Bost abiadurako motorra da.